«Inork ez dezala uste elkarrizketa mahaitik ospa egingo dudala; prozesuak bere bidetik jarraituko du», adierazi du orain arte Ipar Zipreko lehen ministro izan denak. UBP Batasun Nazionaleko Alderdia indar kontserbadorekoburuak lehen txandatik irabazi du, botoen %50,38 bereganatuta. Aurrea hartu dio 2005. urtetik presidente kargutan zegoen Mehmet Ali Talat CTPTurkiako Alderdi Errepublikanoa zentro ezkerreko buruzagiari; horrek botoen %42,85 eskuratu ditu. Beste bost lehiakideen artean banatu dira gainerako botoen %6,77ak. Datuok eman dituen Hauteskunde Batzordeak zehaztu du, halaber, parte-hartzea %75tik gorakoa izan dela.
Zipreko bi gobernuetatik nazioarteak Zipreko Errepublikakoa baino ez du aitortzen; Erogluk horrekin negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. «Borondate hoberenez jardungo dut nire komunitatearen eskubideak aintzat hartuko dituen irtenbide baten alde». Ipar Zipre estatu burujabe bihurtzea da Erogluren nahia; Zipre greziarrarekin egitura konfederal batean batuko litzateke hala. Orain arteko presidenteak, aldiz, egitura federal baten aldeko jarrera bultzatu du, nazioartearekin bat eginez.
Ankara negoziazioen alde
«Ados jartzeko bideak bilatuko ditugu, eta ez da arrazoirik horrelakorik ez lortzeko, beste aldeak [Zipre greziarrak] ere zintzo eta borondate onez jokatzen badu», gaineratu du, halaber, Erogluk. «Gure uharte honen errealitateetan oinarrituko den eta denontzat onuragarri izango den soluzio bat bilatzen ari naiz». Lan horretan Turkiaren, «ama-lurraren» laguntza espero du Erogluk.
Ankarako agintari politikoek Zipreko gatazka konpontzeko elkarrizketekin jarraitu nahi dute. Herenegun egin zituen adierazpenetan, Turkiako lehen ministroRecep Tayyip Erdoganek hala adierazi zuen: «Irtenbide baten alde urratsak egiten jarraitu behar dugu, eta Eroglu jaunak ez du besterik esan; ez dut uste beste bide bat hartuko duenik».
Adituen arabera, Erdoganen hitz horiek nahikoa argi uzten du Ankarak Zipreko gatazka ahalik eta azkarren konpondu nahi duela. Turkiak badu motibo bat baino gehiago auzi hori amaitzeko. Alde batetik, Zipreko gatazka da Turkia EB Europako Batasunean sartzeko bidean oztopo egiten duen auzietatik bat. Ankara eta Brusela arteko negoziazioak kolokan daude. Dena den, Ankarak EBko kide bihurtu nahi du kosta ahala kosta, baita horretarako Zipreko auzia konpondu behar badu ere.
1974. urtean, Zipreko uhartea indarrez eskuratzea garesti atera zaio Ankarari. Uhartearen zati horretan 35.000 soldadu turkiar daude gaur egun; eta urtean 500 milioi euro kostatzen zaio Ankarako gobernuari Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari laguntzea. Hala, Bruselako ateak zabaltzeko ez ezik, kostu ekonomiko handiegia duen auziari irtenbidea emateko ere, negoziatzen jarraitzea komeni zaio Erdoganen gobernuari.
Eta Dervis Erogluk Zipre turkiar burujabe bat sortzearen asmoa agertzen badu ere, Ankarak aginduko diona gauzatzeaz beste aukerarik ez duela izango nabarmendu dute adituek. «Turkiako Gobernuak argi iritzi badio negoziaketei eutsi behar dietela, Erogluk bide horri jarraitu beharko dio, nahitaez», azaldu du Ahmet Sozen Zipre turkiarreko analista politikoak. Aditu horren ustez, beraz, 2008ko irailean Zipre turkiarreko presidente zen Mehmet Ali Talat eta Zipre greziarreko presidente Demetris Khristofiasek abian jarritako gatazkaren konponbide prozesuan jarraituko dute.
Khristofiasek, anartean, nabarmendu du Erogluren garaipenak prozesua korapilatsuagoaegin duela. «Argi da aro berri batean sartu garela», adierazi du bozen emaitzen berri izatean.
Soslaia
DERVIS EROGLUHiru aldizlehen ministro
Presidente kargura iristea lortu aitzin, boterean egotera ohitutakoa da Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako agintari goren berria. Famaguste hiritik hurbil, 1938. urtean jaio zen, eta 1976an hasi zen politikan buru-belarri. Orduz geroztik, hiru aldiz egon da Zipre turkiarreko lehen ministro kargutan; hots, 1985tik1993ra, 1996tik 2004ra eta 2009tik orain artean.Politikan sartu baino lehen, mediku lanetan jardun zuen, Istanbulgo medikuntza fakultatean ikasketak bururaino eraman eta gero. UBP alderdi kontserbadoreko buruzagitzara iritsirik, Ipar Zipre burujabea izatearen alde bi alditan lehiatu da presidentetzara. 2005. urtean, porrot egin zuen,Mehmet Ali garaile irtenbaitzen. Herenegun, berriz, alderantziz gertatu zen.
Eroglu ezkonduta dago,eta lau haurren aita da. A.S.