Muammar Gaddafiren kontra dauden errebeldeek kontraerasoa jo dute gaur gauean, eta Bengazitik 160 kilometrora dagoen gune estrategikoa berreskuratu dute: Ajdabija hiria. Horren ondoren, Gaddafiren aldeko soldaduek atzera egin dute, eta Brega hirian biltzen hasi dira.
Ekialdetik egin zuten eraso, eta sarrera hori kontrolatu ondoren, borroka latzak izan eta gero Gaddafiren aldekoak menderatu dituzte. "Ajdabija ia osorik gure esku dago. Kale batzuk garbitzea falta dugu", esan du Mustafa Geriani errebeldeen bozeramaileak. Eguerdirako espero zuten erabat euren aginpean izatea.
Al Jazeera telebista kateak jakinarazi duenez, Gaddafiren aldeko hainbat soldadu preso hartu dituzte; hil dituztenak zenbat diren ez dute esan. Edonola, Gerianik berak onartu du borroka gogorra izan dela. Libian protestak hasi zirenetik errebeldeek orain arte erakutsi ez duten antolaketa izan dute gaur.
Atzo nazioarteko aliantzak Gaddafiren hainbat kokagune erasotu zituen, eta errebeldeek atzo arratsaldean prestatu zuten erasoa, armak Bengazitik Ajdabijara eramanez. Errebeldeek esan dute atzerriko lurreko soldaduen laguntzarik gabe irabaziko dute gerra. Errusiak ohartarazi du lurreko soldaduen presentzia "okupazioa" izango dela. Liga Arabiarra eta Batasun Afrikarra su-eten bat ematearen alde agertu dira.