Erreferendum proposamen batekin «desafio» egin dio Madeirak Portugali

Lisboak «separatismoa eta finantza kontuen kontrolik eza» egotzi dizkio gobernu autonomikoari

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Portugalgo Gobernuari desafio egiten diogu zorrak baldin baditu erabaki demokratiko bat onartzeko adorea izan dezala eta Madeirari erreferenduma egiten utz diezaiola». Halaxe mintzatuz bota zion erronka herenegun Madeirako presidente sozialdemokrata Alberto Joao Jardimek Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroari. Madeira bost uhartez osatuta dago, eta 1976tik Portugalgo eskualde autonomikoa da; baina Jardimen arabera, bada garaia Madeirako herritarrek aurrerantzean Lisboarekin nolako harremana izan nahi duten erabakitzeko.

Madeirak finantza erreskatea eskatu behar izan dio Lisboari,uharteak behar bezala ez finantzatzea eta konstituzioan zehaztutako diru kopurua ez ematea leporatu ostean. Lisboak, berriz, «separatismoa eta finantza kontuen kontrolik eza» leporatu dizkio Jardimi. Hala ere, gobernu autonomikoko presidenteak azaldu du «Portugalgo egungo konstituzioak ez duela balio», eta Lisboak «argitasunez zehaztu» behar dituela bere eskumenak zein diren. «Hala egin nahi ez badu», adierazi du Jardimek, «Madeirako herritarrei galdetzeko adorea izan behar du».

Konstituzioak baliorik ez duela salatzeaz gain, konponbidea bilatzeko lanari ekin dio Jardimek. Legebiltzarrean aurkezteko ebazpen berri bat prestatzen ari baita Madeirako Gobernua, ondoren Lisboako parlamentuan dituen diputatuek konstituzioa aldatzeko proposamena egin dezaten.

«Autonomiari traizio egin dio»

Erreferendumaren proposamenak ez dio graziarik egin Alderdi Sozialistari. Madeirako PSko diputatu Carlos Pereirak «autonomiari traizio egin izana» leporatu dio Jardimi. Horrez gain, presidenteak gobernatzeko gaitasunik ez duela ere salatu du Pereirak: «Langabe kopurua gorantz doa uneoro, geroz eta gehiago ditu Madeirak eta Jardim herritarren arreta desbideratzen ari da erreferendumarekin eta antzeko kontuekin».

Presidenteak, ordea, Lisboari egozten dio Madeirako egoera ekonomiko kaxkarraren errua. Jardimek azaldu du hezkuntzan eta osasunean gastu handiak egin behar izan dituztela eta «konstituzioaren arabera» estatuak 9.000 milioi euroko ekarpena egin behar lukeela horretarako. «Portugalgo Gobernuak bere egitekoa bete balu, Madeirak ez zukeen zorrik izango», gaineratu du Jardimek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.