Generalitateko Madrilgo egoitzan Artur Masek herenegun emandako hitzaldia gogoangarria izan da katalan askorentzat. Espainiarekin zereginik ez dago, berezko estatuak europarra izan behar du, eta nola eta nolakoa erabakitzen hasteko, non hobeto Kataluniako Legebiltzarrean baino, katalan guztien ordezkarien artean. Erabaki garrantzitsuak katalanen arteko eztabaida lasai eta sakonetik etorriko direla entzun diote presidenteari. Erreferenduma ere aukera gisa proposatu du. Zergatik ez? Mariano Raxoi Espainiako presidenteak esan duenez, ordea, Masek ez zizkion independentzia edo estatu propio bat aipatu Moncloako bileran, «zerga ituna baizik».
Masek, bere aldetik, etxera iritsitakoan, katalanen ordezkari abertzale guztiekin hitz egin du Raxoirekin izandako bilerari buruzko xehetasun gehiago emateko, eta, bide batez, datorren astean legebiltzarrean egingo duten politika orokorrari buruzko eztabaidara proposamenak eramatea eskatzeko. Handik aterako dira-eta prozesuarentzat erabaki garrantzitsuak.
Masen hitzaldiaren biharamunean, gobernuaren bozeramailearen txanda heldu da, eta Francesc Homsek urrats bat gehiago egin du. Datozen lau urteetan, hauteskunde autonomikoen ondoren, Parlamentuak bide independentista egin dezake, kalean herritarrei galdetuz, edota legebiltzarrean: «Erreferenduma aukera bat da. Parlamentuaren erabakiz ere egin daiteke, hauteskunde prozesu baten ondoren». Kazetari batek galdetu dio: «Estatu propioa izendatuta?», eta berak erantzun: «Adibidez». Hitz guztiak neurtuta eman ditu, eta azkenean hauxe: «Beti pentsatu izan dut ikusiko genuela [Katalunia independente bat».
Hauteskundeen aurrerapenaren datarik, oraingoz ez, baina bai nabarmendu du «traszendentzia historikoa izango» dutela. Itxura plebiszitarioa duten hauteskundeetara deitzeko aukera hor dago, datorren asteartetik aurrera. ERCk independentziaren alde dauden alderdien artean programa bakarra hitzartzea nahi luke, alegia, erreferenduma. CiUk, berriz, ez du hautagai bakarraren aukera aurreikusten, baizik eta hauteskundeen ondoren legebiltzarkide independentistek bat egitea. SI Solidaritat Catalana per la Independenciak, bozak egin behar izan gabe batasun gobernua osatzea proposatzen du, eta ondoren erreferendumera deitzea.
PPko ordezkariak sutan daude; gertaeren abiadurak larritu ditu, eta katalanen artean gertatzen ari denak jokoz kanpo utzi ditu Katalunian. Raxoik, Masekin independentziaz hizketan aritu dela ukatu ondoren, esan du ez dakiela egoerarekin «larrituta» ote dagoen. Alicia Sanchez Camacho PPCko presidenteak, Masekin orain arte estu lanean aritutakoak, hauteskundeak eta ondorengo estatu propioa egin arteko bidea Konstituzioaren kontrakoa dela nabarmendu du, eta, horregatik, hauteskundeak egin aurretik bertan behera utzi beharko liratekeela.
Homsi ideia hori «exotikoa eta harrigarria» egiten zaio, eta gogora ekarri du konstituzioa bera dela «adierazpen askatasuna eta proiektuen formulazioa babesten duena, indarkeria ez egotea baldintza bakar jarrita».
Enpresariak
CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko presidente Joan Rosell ez dago gustura. Kataluniaren independentzia «sekulako arazoa» litzatekeela uste du, «bai hango enpresentzat eta bai Espainiako gainerakoentzat ere». Merkatu «bakarraren» aldeko apustua egiten du.
Francesc Homsek, hala ere, beste modu batera ikusten du.Haren ustez, itzulerarik ez duen bidean sartu da Katalunia, baina enpresariek —hori baita beldurretako bat— ez liokete errezelorik eduki behar berezko estatuari: «Gauzak demokratikoki adierazten badira, ez dugu inbertsiorik galduko».
Erreferenduma datozen lau urteetan egingarria da, Generalitatearen ustez
Raxoik esan du Masek ez zizkiola independentzia edo estatua aipatu bileran, «zerga ituna baizik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu