Erreferenduma egiteko prest dago Irlanda iparraldea, Sinn Feinen arabera

Martin McGuinness lehen ministrordearen asmoa galdeketa boz autonomikoen ostean egitea da, 2016an

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Eskoziaren ostean, Irlanda iparraldea izan daiteke bere etorkizun konstituzionala erabakitzeko erreferenduma antolatzen bigarrena Erresuma Batuan. Gizartea «prest dago» lau urte barru Erresuma Batutik atera eta Irlandako Errepublikan sartzea eskaintzeko galdeketa egiteko, Martin McGuinness Irlanda iparraldeko lehen ministrordeak The Examiner egunkariari adierazi dionez.

«Egutegi egokia iruditzen zait. Sei konderriei galdetuko genieke Erresuma Batua deiturikoarekin segitu nahi duten lotura ala Irlanda Batuaren parte izan nahi duten». Erreferenduma hurrengo hauteskunde autonomikoen ostean egitea da McGuinnessen asmoa, «2015ean edo 2016an». «Ez dut eragozpenik ikusten aukera hori aintzat ez hartzeko». Irlanda iparraldeko lehen ministrordearen arabera, gainera, DUP Alderdi Demokratiko Unionista gobernukidea «konbentzitu genezake» galdeketa egiteko. Gainera, Irlanda larrialdi ekonomikoan egoteak jendea ez lukeela atzera botako adierazi du IRAko kide ohiak.

Londresek du azken hitza

Erreferenduma 2016an egiteak esanahi historiko handia izango luke Sinn Feinentzat, urte horretan Pazko eguneko matxinadaren mendeurrena beteko baita. Matxinada hark piztu zuen 1919tik 1921era bitartean irlandarrak Erresuma Batuaren kontra izan zuten independentziarako guda. Londresek 1921ean sinatu zuen su-etena Dublinekin, eta bi urte geroago Irlanda estatu independente bihurtu zen. Erresuma Batuak, hala ere, bere jurisdikziopean mantendu zituen Irlandako Ulster eskualde historikoko bederatzi probintzietatik sei. Hortik dator, hain zuzen, uharteko zati horretan oraindik duten gatazka.

1998an sinatutako Ostiral Santuko bake akordioaren arabera, Erresuma Batuko Gobernuak du erreferenduma egin ala ez egin erabakitzeko azken hitza. Eta behin galdeketa egin ostean, gutxienez beste zazpi urte igaro behar lirateke beste galdeketa bat egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.