Espainiako Kontu Auzitegiak 4.146.000 euro eskatu dizkie aurreko legealdiko Generalitateko arduradunei, 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma antolatzeagatik. Hala jakinarazi die auzitegiak 31 auzipetuen abokatuei. Horien artean dira Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua, Oriol Junqueras presidenteorde ohi espetxeratua eta Generalitateko kontseilari kargugabetuak.
Auzipetuek ezarri zaien bermea ordaindu beharko dute hamabost eguneko epean, beren ondasunak bahituak izan daitezen eragozteko. Elkartasun kutxa bat jarri dute abian, herritarren diru ekarpenak jasotzeko.
Espainiako Auzitegi Gorenak prozesu subiranistaren kontrako auzian eman zuen epaian, hainbat buruzagi independentista zigortu zituen diru publikoa erabiltzeagatik, baina ez zuen zehaztu ardura horren zenbatekoa. Lan hori Kontu Auzitegiaren esku uztea erabaki zuen. Fiskaltzak bere hasierako idatzian adierazi zuen erreferenduma antolatzeko gastua zortzi milioi euro inguru izan zitekeela.
Kontu Auzitegiak diru publikoa bidegabe xahutzea leporatu zien Artur Mas Kataluniako presidente ohiari eta haren gobernuko kontseilari ziren Joana Ortega, Irene Rigau eta Francesc Homsi ere, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik. Orduan, bost milioi euro eskatu zizkien.
Torrent, jopuntuan
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari, gobernuak hala galdeginda. Torrentekin batera, baita Josep Costa parlamentuko lehen presidenteordea eta Eusebi Campdepadros idazkari nagusia ere. Parlamentuko mahaiko hiru kide horiek desobedientzia deliturik egin ote duten aztertzeko eskatu dio auzitegiak Fiskaltzari, iazko urrian autodeterminazioari buruzko mozio baten eztabaidari bide emateagatik.
Konstituzionalak Fiskaltzari adierazi dio legez kontrakotzat jo zituela mozio horren atal jakin batzuk, baina, hala ere, mahaiak mozioaren eztabaida ahalbidetu zuela.
Bestalde, Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskaera egin dio Clara Ponsati buruzagi independentistari Madrilen izateko etzi, Espainiako Konstituzioaren zina egiteko. Otsailaren 1ean bihurtuko da eurodiputatu orain Eskozian erbesteraturik dagoen politikaria, brexit-aren eraginez. Horrenbestez, baztertu egin du Ponsatiren abokatuen helegitea, zeinean eskatu baitzuten eurodiputatu gisa onartua izan dadila Konstituzioaren zina egin beharrik gabe. Europako justiziak iazko abenduaren 19an emandako epaiaren arabera, eurodiputatu izatea hauteskunde emaitzei zor zaio, eta ez dago beharrik beste inolako tramiterik egiteko.
Hauteskunde Batzordeak Europako Parlamentuaren jardunari ere garrantzia kendu dio Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatu moduan onartu izanaren inguruan. Bi horiek ere ez zuten Espainiako Konstituzioarien zina egin eurodiputatu kargua hartu aurretik, eta Batzordearen iritziz tramite hori "ezinbestekoa denez eta eskumena dugunez eurodiputatu karguak jakinarazteko", "Batzordeari ez entzutea" leporatu dio Europako Parlamentuari.