Matias Serracant ez da joan gaur Kataluniako Fiskaltzara deklaratzera. Kataluniako beste 711 alkate bezala, deklaratzera deitua zen Sabadelleko (Bartzelona) auzapeza gaur, erreferenduma antolatzen laguntzeko prestutasuna agertzeagatik. Egun bat lehenago hasi ziren beste alkate batzuk deklaratzen, baina Serracant zen deklaratuko ez duten alkateen artean lehena. Begirada guztiak beragan zituen horregatik. Ia oharkabean pasatu da, ordea, bere desobedientzia ekimena. Serracant ez da joan deklaratzera eta atxilotzeko agindua du gainean. Baina irailaren 20a beste gertaera bategatik pasako da historiara: Guardia Zibilak hamalau lagun atxilotzeko, tartean Generalitateko goi kargudunak, egin duen polizia operazioagatik.
Nolabait esan liteke irailaren 20ak aurreratu egin dituela datozen egunetarako espero zitezkeen gertaerak. Hamalau atxilotu, 41 miaketa eta ia hamar milioi botopaper atzemanda izan dira polizia operazioaren emaitza, baina kataluniarrak kalera atera dira protesta egitera eta elkartasuna adieraztera, eta irudi gogoangarriak utzi dituzte: Ramblak beteta, Guardia Zibilaren auto bat herritarrez inguratuta, herri harresiak poliziaren jarduna oztopatzeko... Urriaren 1erako espero zitezkeen irudiak ziren, baina Espainiaren jazarpenak maila bat baino gehiago igo du egun bakarrean, eta bizkortu egin du azken egunetako gertaeren errenkada. Sabadellen eten egin dute udalaren jarduna Katalunian gertatzen ari denagatik.
Polizia operazioa
Goizeko 08:30ean hasi da polizia operazioa. Guardia Zibila Kataluniako Generalitateko hainbat kontseilaritzatan sartu da. Handik gutxira jakin da Josep Maria Jove Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariordea atxilotu dutela, eta orduan piztu dira alarma guztiak. Guardia Zibila bazeramatzan egun batzuk han eta hemen erreferendumarekin lotuta miaketak egiten, baina Generalitateko goi kargudun bat atxilotuta haratago joan da. Hamalau dira atxilotuak. Erreferendumaren antolaketarekin lotu dituzte eta desobedientzia, prebarikazioa eta dirua bidegabe erabiltzea leporatzen diete. 41 egoitza miatu dituzte, eta hamar milioi botopaper ("ia denak", polizia iturrien arabera) eta erreferenduma egiteko materiala eraman dute. Mossoek ere parte hartu dute, baina esan dute "segurtasuna bermatzeko" egin dutela.
Herri mobilizazioa
Joveren atxiloketaren berri izan eta hamar minutura CUPek Ekonomia kontseilaritzaren atarian biltzera deitu du. Pixkanaka jendea pilatu da Bartzelonako Ranbletan, eta ordu gutxi batzuetan beteta ageri ziren. Via Laietanan era elkartu da jendea, Kanpo Harremanetarako kontseilaritzaren aurrean. Unibertsitate publikoak hustu egin dira eta elkarrizketaren aldeko adierazpenak atera dituzte. "Votarem" eta "No passaran" leloak entzun dira kalean, eta ez da Bartzelonan bakarrik gertatu: Gironan, Lleidan eta Kataluniako herri askotan atera da jendea kalera atxilotuekin elkartasunez, polizia operazioa salatuz eta erreferendumari babesa emanez. Kalera atera eta han geratu da jendea. Espainiako Polizia CUPen egoitzara joan denean ere jende asko bildu da atarian, eta egoitza barrutik erreferendumerako materiala atera du. Mobilizatzeko deialdiak zabaldu egin dira, eta Euskal Herrian ere egin dituzte, eguerdirako lehenik eta iluntzerako gero. Baionan Espainiako kontsulatuaren aurrean biltzera deitu dute. Iruñeko Udalak ostegunean biltzera deitu du. Madrilen eta Espainiako beste leku batzuetan ere egin dituzte deialdiak.
[YouTube]https://youtu.be/ogvzsyey3VQ[/YouTube]
Erakundeen erantzuna
09:30ean Carles Puigdemontek Generalitatean elkartu du bere gobernua, eta 12:45ean hedabideen aurrera atera da. Carme Forcadellek 16:00etan hitz egin du. Estatu kolpetzat jo dute Kataluniako erakundeetan polizia operazioa. Espainiako Kongresuan saioa zuten gaur eta eguneko hizpidea izan da. Hainbat talde parlamentariok aurpegiratu diote Rajoyri indarkeriaren erabilera. Adierazpen nabarmenena Gabriel Rufianena izan da, ordea; ERCko diputatuak Jon Idigorasek bota zituen hitz batzuk hartu ditu ahotan, eta esan du: "Atera zuen esku zikinak Kataluniako erakundeetatik". ERCko talde parlamentarioak Parlamentua utzi du, adieraziz euren kideak babestera zihoazela Bartzelonara. Bartzelonako Udalaren jarduna bertan behera uzteko eskatu dute, baina ez da aurrera atera eskaera hori.
Euskal Herrian Iñigo Urkulluk hitz egin du Graphenearen aurkezpen ekitaldian, eta esan du estatuak egur gehiago bota diola suteari: "Itzulbiderik gabeko puntu batera eraman du egoera estatuak". EH Bildu haratago joan da eta "ekintza armatutzat" jo du gaurko operazioa, eta erantzutera deitu du. Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk adierazpen bat adostu dute "errepresio estrategia" salatuz. Nafarroako Gobernuan ere adierazpen instituzionalak erregistratu dituzte Geroa Bai-k, EH Bilduk eta Ahal Duguk batetik, eta Ezkerrak bestetik. Madrailen Unidos Podemoseko parlamentariek bilkura bat egin dute Demokrazia bai, atxiloketak ez leloarekin. Rajoyk eguerdian Kataluniako erakundeei atzera egiteko eskatu besterik ez du egin, eta arratsaldean Pedro Sanchez PSOEkoarekin eta Albert Rivera Ciudadanosekoarekin bildu da.
[YouTube]https://youtu.be/WMIWBdCRn8k[/YouTube]
'Boomerang' efektua
Izango zuen Espainiako Gobernuak horrelako pauso batek izan zitzakeen ondorioak neurtuta, eta garbi dago boomerang efektua izan duela gaurkoak. Bartzelona eta Girona futbol klubek ohar bana atera dute polizia operazioa salatuz, Baix Llobregateko herri batzuetako PSCren taldeek babesa adierazi diete Kataluniako erakundeei eta Primavera Sound System musika jaialdiak ere gaitzetsi du erasoa. Abokatuak, idazleak, udalerriak, apezpikuak... gehiengo batek salatu ditu atxiloketak. Valentziako Gobernuan ere entzun dira polizia operazioaren kontrako ahotsak.
Eta orain zer?
Asko tenkatu du soka Espainiako Gobernuak, ateak itxi eta marra gorriak gainditu ditu. Espero zitekeen tamaina honetako erantzun bat, baina ez erreferendumerako 11 egun falta direnean. Herritarrak mobilizatzen hasita, pentsatzekoa da datozen egunetan ere jarraituko dutela, erreferendumaren aldekoek tentsio horri heldu nahiko baitiote bozketan parte-hartzea handia izan dadin. Espainiak orain nondik jo dezakeen ikusteko dago. Polizia operazioak erantzun handia izan du, eta horrek bi irakurketa izan ditzake: atzera egingo du Kataluniako erakundeak bakean utziz, edo erantzunari jazarriko zaio indarkeria esponentzialki igoz. Puigdemontek gaur berriro esan du urriaren 1ean erreferenduma egongo dela, nahiz eta gaur horretarako beharrezkoa zen materiala atzeman duen Espainiak.
Urriaren 1eko erreferendumerako bidean pentsatzekoa zen iritsiko zela kalera ateratzeko momentua. Alde horretatik espero zen gidoia jarraitzen ari dira gertakariak. Erreferenduma bermatzeko legeak onartzen dira, Espainiak jazarpena aktibatzen du, desobedientzia mugimendua hasten da (Espainiako Ogasunari kontuak ez emateko borondatea), tentsioak gora egiten du, atxiloketak hasten dira eta herritarrak kalera ateratzen dira. Ikusteko dago, ordea, hortik aurrera zer gertatuko den. Une batzuetan greba orokorrerako deialdi bat egon daitekeelako zurrumurrua ere ibili da; Puigdemont eguerdian bildu da UGT eta CCOOren ordezkariekin Generalitatean. Espainiari erreferendumaren aldekoen artean indarkeria lehertzea komeni zaio, horrekin zilegitasuna kenduko liekeelako eta bere indar guztia erabiltzea ahalbidetuko liokeelako. Jakina da polizia eta guardia zibil asko ari dela biltzen Katalunian, eta koarteletatik geroz eta presio handiagoa jasoko du datozen egunetan.