ALEMANIA

'Erreforma guztien amak' oraingoz huts egin du

BERLIN
2004ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ordena federala modernizatzeko akordiorik ez dute lortu Alemaniako lander-ek estatuak eta Gobernu Federalak. Azken unea arte hezkuntza politika eztabaidagai izan ondoren, Federazioaren eta lander-en arteko harremanak erreformatzeko eratutako Batzorde Federalak bere lana eten behar izan zuen joan den ostiralean.

Erreforma federalak huts egin du. Oraingoz, bederen. Ostiralean, Batzordeko bi presidenteek, Franz Muenteferingek (SPD Alderdi Sozialdemokrata) eta Edmund Stoiberrek (CSU Batasun Sozial Kristaukoa) prentsaurrekoan iragarri zuten ez zutela Batzorearen azken bilerarako iradokizunik egingo. Funtsezko puntua honako hau izan zen: noraino egin behar du atzera Gobernu Federalak unibertsitate politikan? «Emaitzarik ez lortzera irits gaitezkeela onartu dugu», esan zuen Muenteferingek. «Hurrengoan, beharbada, ez du Konstituzioan aldaketarik eragingo», iragarri zuen Stoiberrek.

Joan den ostegunean, oraindik, behatzaile guztiak konbentzituta zeuden Batzordeak hainbeste lortu zuela non astebururako erreforma iragar zezakeen. Bundesrat-ek (Senatuak) onetsi beharreko lege federalen kopurua heren batera murriztea zen kontua. Baina lander-ek eskumen gehiago jaso beharko lituzkete. Batzorde Federala urtebetean bildu da; helburua izan da Alemaniako ildo politikoa berriz ere eskumenak Gobernu Federalaren eta lander-en artean banatzera bihurtzea. Bundestag-eko (Legebiltzarra) eta lander-etako hamaseina ordezkarik osatu dute Batzordea; Gobernu Federalak ez du bertan botoa emateko eskubiderik.Azkenean, ostera, hezkuntza sisteman eskumenak banatzearen inguruko ikuspuntuak oztopo gaindiezin bilakatu dira. Gobernu Federalak, esaterako, ikasketetako matrikula tasen gainean zeresana izaten jarraitu nahi zuen. Koalizio gorri-berdeak ez zuen hezkuntzaren auzia CDUk (Kristau-Demokraten Batasuna) eta CSUk gobernatutako lander-en esku soilik utzi nahi. Halere, lander gehienek arlo hori beren esku hartu nahi zuten; horretan modu aski autonomoan erabakiak hartu ahal izango zituzketen. Argudiatu zutenez, beste gai batzuen inguruan akordiorako prest egonak ziratekeen. Muenteferingen iradokizuna errefusatu zuten, hots, hezkuntzaren auzia bazterrean utzi eta erreforma sorta hura gabe onartzea. Halaber, lander-ek Europako Batasunaren testuinguruan izan behar dituzten eskumenen berrantolaketa ere ez da gauzatu. Gobernu Federalak etorkizunean berak bakarrik ordezkatu nahi zituen EBn Alemaniaren interesak. Lander-ek EBko auziak onartzeko eskubidea ezabatu beharko litzateke, Gobernuaren ustez. Horren ordez, lander-ek soilik iritzia eman ahal izatea nahi zuen Gobernuak. Gainera, EBko Egonkortasun Ituna urratuz gero estatu federalak ordaindu beharreko isunaren %35 lander-ek ordaindu behar izatea nahi zuen.Erreforma federalen porrotaren ondoren Gobernuak eta oposizioak elkarri lepora jauzi egin diote, errua elkarri botata. Auziari buruzko eztabaida gehiago egin behar diren edo ez eta egitekotan, noiz ez datoz bat Gobernua eta oposizioa. Halarik ere, oraingo porrotak ez du esan nahi erreforma federalen porrota behin betikoa izango denik. Hala gorri-berdeen koalizioak, nola CDUk behin eta berriro nabarmendu dute erreformaren beharra premia handikoa dela.Edozein modutan, pentsatzekoa da gutxira negoziazioak egongo direla. Izan ere, aurki lander-etako legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira, lehenik Schleswig-Holsteinen eta geroago Ipar Renania-Westfalian. Bi estatuotan gorri-berdeen koalizioak agintzen du, eta bietan boterea eskuratzeko lehian dabil CDU. Hauteskunde kanpainara nork bere arrakastatzat jo dezakeen lorpenekin aurkezteak lehia biziago egingo du.

Negoziazioekin aurrera segitzeko beharra

Bai Stoiberrek bai Muenteferingek federalismoaren erreforman ahalegintzen segitzeko beharra nabarmendu zuten larunbatean. Biek ala biek gogorarazi zuten negoziazioek iraun duten urte honetan ia puntu guztiak lotzera iritsi direla, eta hori «mahai gainean dagoen arrakasta» dela erantsi zuten.

Stoiberrek esan zuen ezin deela Alemaniaren modernizazioa atzeratu, ezta hezkuntza sistemarena ere. Haren iritzian, hori egin ezean «eliteko unibertsitateak eratzeko tenorean Europako gainerako estatuekin ezingo» da lehiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.