Bozketa hauen emaitzak asmagaitz egiten dituena da zazpi hautagai lehiatzen direla eta horien artean botoak sakabanatzeak bigarren txanda bat beharrezko egin dezake, Irango Errepublika Islamikoa eratu denetik lehen aldikoz. Hori gertatzearen kasuan, presidentetzarako hauteskundeen bigarren txanda datorren ekainaren 24an edo uztailaren 1ean egin daiteke. Irango politikaz adituak direneknekez ikusten dute gaur lehiatzen diren zazpi hautagaietatik batek lehen itzulitik botoen %50 lortzea. Azpimarratzekoa da lehendakarigai hauei lehiatzeko zilegitasuna Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak eman diela. Aginte islamikoaren egonkortasuna bermatzeko betekizuna duen egitura honek hainbat hautagai arbuiatu zituen «Islamarekiko egokitasunik» ez zutelakoan.Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak baztertu zituenen artean zegoen erreformatzaile bezala ikusia den Mostafa Moin. Haatik, Errepublika Islamikoaren agintari goren Ali Khamenei aiatola nagusiak berak manua eman zuen Moini hauteskunde hauetara lehiatzen uzteko. Hautagai honek Iranen aldaketak gertatzea gurako dutenen itxaropenak ordezkatzen ditu. Alabaina, orain arteko presidente Khatamiren geldotasunak berrikuntzen alde dauden irandarrak ilusiorik gabe utzi ditu eta baliteke hauetatik askok abstentziora jotzea.
Bush: «Demokraziarik ez da»
Oso litekeena da ilusioen galtze giro honek Hashemi Rafsandjani hautagaiari mesede egitea. Orain arte egin diren iritzi ikerketek berari iragartzen diote, hain zuzen, boto emate kopururik handiena, Moin bigarren lekuan azaltzen delarik. Alta bada, 1989 eta 1997. urteen bitartean presidente karguan egon zenak kontserbadore baten irudi eta oroitzapena utzi ditu. Hala ere, presidentetzarako kanpainaren denboran Rafsandajanik aldarrikatu du 1979. urteaz geroztik Irango Errepublika Islamikoaren etsai rik handienak bezala jotzen dituzten Ameriketako Estatu Batuekiko harremanak normalkuntzarako bidean ezarri beharko direla goiz edo berandu.
Anartean, haatik, Irango hauteskunde prozesua ez dela demokratikoa iritzi dio AEBetako presidente George Bushek. «Euren herrialdean askatasuna zangopilatzen duten eta kanpoaldean terrorismoa zabaltzen duten agintariak daude gaur egun Iranen», zehaztu zuen Bushek, Etxe Zuriak atzo zabaldutako ohar batean. «Herritarrek hautatua izan ez den gutxiengo baten eskuetan dago boterea etahau gorde egiten du hark, demokraziaren oinarrizko arauak betetzen ez dituen hauteskunde prozesu bati esker», gaineratu zuen AEBetako presidenteak.
Presoak askatzeko eskaera
Hauteskunde hauen abaguneaz baliatuta, berriz, nazioarteko giza eskubideen aldekoerakundeek eta Bakearen Nobel saridun Shirin Ebadi emakume irandarrak Teherango aginteari zinki eskatu zioten «preso politikoak berehala askatzeko».
Human Rights Watchek, Amnesty Internationalek, Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak, Mugarik Gabeko Erreportariek eta Shirin Ebadik izenpetutako dei honetan, bereziki, osasun egoera larrian dauden aurkari presoak askatzeko eskaria egin zuten, kasu horretan dauden bost lagunen izenak zehaztuta. «Agintariek, Akbar Ganji, Nasser Zarafshan, Reza Alijani, Taqi Rahmani eta Hoda Saber berehala eta baldintzarik gabe aske utzi behar dituzte», aldarrikatzen zuen eskakizunak.
-
ENERGIA NUKLEARRA
Teheranek aitorpena berandu egitea deitoratu du IAEAk
Teherango aginteak aitortu berri du bonba nuklear bat egiteko balia daitekeen plutonioa aberasteari ekin ziola 1998 arte. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari (IAEA) orain dela gutxi arte Teheranek eginiko aitorpenetan jarduera hori 1993an gelditu zuela ziurtatu zuen. Errepublika islamikoak egin duen aitorpen honen berria IAEAko zuzendariorde Pierre Goldschmidtek eman zuen atzo, erakundearen arduradunen kontseiluan egin zuten azterketa txostenaren aurkezpenean. Txostenak Iranen ekinbide nuklearrari ustez lotuta dauden hainbat ikerketa atal zehazten ditu, hala erradioaktibitate kutsadura batzuen jatorria, nola plutonioa aberastekoxedean balia daitezkeen zentrifugagailu batzuen planak egoteak sortu dituen susmoak. Iranen ustezko jarduera ezkutu hauez ikerketa abian jarri zuen IAEAk 2003ko otsailean. Erakundeko idazkari nagusi Mohammed el Baradeik «argibide gehiago» emateko eskatu dio Teherani. Haatik, «aurrerapenak» izan direla esan zuen, eta Pakistanek egin duen bitartekaritza lanaren garrantzia nabarmendu.