Europara sartzeko ahaleginean harrapatuta geratu diren milaka iheslariei larrialdiko laguntza emateko, 700 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du Europako Batzordeak. Horretarako dirua EBren aurrekontuetatik aterako lukete, baina, hori egin ahal izateko, aurtengo eta datozen bi urtetarako aurrekontuak handitu beharko lirateke. Horiek hala, neurriak aurrera egingo badu, Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta EBko kideen onespena beharko du.
Batzordeak azaldu du funtsak hiru urteko iraupena izango duela eta errefuxiatuen krisiari erantzuteko nahikoa baliabide ez dituzten herrialdeentzat izango dela.
Horretaz gain, Batzordeak iragarri du azkartu egin dutela "seguruak" diren herrialdeetako asilo eskatzaileak kanporatzeko prozedura. Greziak gaur jakinarazi duenez, azken egunetan 300dik gora iheslari bidali ditu berriz Turkiara; gehienak Maroko, Tunisia eta Aljeriakoak ziren.
Azken egunetan okerrera egin du Balkanetan zehar EBra sartzen ahalegintzen ari diren errefuxiatuen egoerak. Izan ere, iheslariak geldiarazteko itunak egin dituzte Austriak eta Balkanetako estatuek, milaka pertsona harrapatuta eta nora ezean utzira, negu minean.
Calais
Frantziako segurtasun indarrek Calaisko kanpalekuak desegiten jarraitzen dute. Astelehenaz geroztik, 15.000 metro koadrotan jarritako denda eta txabolak kendu dituzte.
Joan den astean, Lilleko Auzitegiak ontzat jo zuen Frantziako Gobernuaren neurria, eta kanpalekuaren erdia suntsitzearen alde egin zuen. Giza eskubideen aldeko elkarteek helegitea jarria zuten, gobernuak eskainitako alternatiba nahikoa ez delakoan.