Libano

Errefuxiatuen esparru bat bisitatuta bukatu du Libanoko bidaia Gipuzkoako ordezkaritzak

Tiroko Burj Xamali gunean izan da delegazioa, eta esparruaren ondoan diruz lagundu duen hezkuntza proiektua bisitatu du.

Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak, Libano. MIKEL RODRIGUEZ
Mikel Rodriguez - Tiro-Sidon (Berriemaile berezia)
2017ko uztailaren 20a
11:17
Entzun

Gipuzkoako Aldundiak Libanora egindako bidaiaren bigarren eta azken egunean hegoaldeko Tiro hiria bisitatu zuen atzo. Lehenik eta behin, aldundiak eta Donostiako, Zumarragako eta Irungo udalek diruz lagundutako eskolan izan ziren gobernuko kideak eta diputatuak. 4 eta 6 urte arteko 90 haur siriar eta palestinarri haur hezkuntza ziurtatzeko programa bat da finantzatutakoa. Helburutzat du haur horiei behar adinako formakuntza ematea ondoren Libanoko sare publikoan ikasteko hauta ditzaten —proba bat pasarazten diete—.

Eguneko bigarren geltokia eskolaren ondoan izan zuten, Burj Xamali kanpalekuan. 23.000 palestinar eta 5.000 siriar inguru bizi dira han, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kideek Gipuzkoako ordezkaritzari erran ziotenez. Auzo baten tamaina hartu duen gune bat da, eta errefuxiatuen bizi baldintza zailak bertatik bertara ikusi ahal izan zituen ordezkaritzak.

Bidaiako hirigarren eta azken geltokia Tirotik iparraldera izan zen, Sidon hirian. Aldundiko ordezkaritza Libano hegoaldeko gobernuz kanpoko erakundeak biltzen dituen koordinakundearekin elkartu zen. Horien artean dago PARD Garapenerako eta Babeserako Giza Laguntza Herritarra, aldundiak lagundutako proiektua zuzentzeaz arduratzen den erakundea, eta aldundiarekin harremana duen Nazioarteko Elkartasuna taldearen Libanoko bazkidea. Koordinakundeak 98 erakunde biltzen ditu, eta funtzionamenduari buruzko azalpenak eta Libanoko gizarteaz eta politikaz duten ikuspegia azaldu zioten Gipuzkoako ordezkaritzari.

Laguntza handitzeko konpromisoa

Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirolerako diputatu eta delegazioaren buruak Sidonen adierazi zuen aldundiak konpromisoa hartuko duela Nazioarteko Elkartasunarekin eta PARDekin elkarlanean jarraitzeko haur hezkuntzarako proiektuak jarraitu dezan. Laguntza 70.000 eurotik 120.000ra handitzeko aukera aipatu zuen, eskolaren gela guztiak bete daitezen —90 haur daude eskolan, baina beste 100 ditu itxaron zerrendan—. "Ezin da esan ez denik gure ardura etxea utzi behar izan duten milioika pertsona horien egoera; gure ardura morala da erantzun bat ematea, eta hori ari gara egiten Gipuzkoako Aldunditik, gure neurrian bada ere". 

Maribel Vaquero aldundiko Giza Eskubideetarako eta Bizikidetzarako zuzendariak, berriz, adierazi zuen "beharrezkoa" izanen dela Euskal Herrian errefuxiatuen egoerari buruzko "sentsibilizazio kanpainak" egitea. Aldundiko giza eskubideen eta garapenerako arduradunekin batera, Batzar Nagusietan ordezkaritza duen alderdi bakoitzeko diputatu batek osatu dute delegazioa —PPk izan ezik—. Gaur itzuliko dira Euskal Herrira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.