Hego Koreako YTN telebista katearen arabera, Ryongchongo geltokian jaso da istripua, Pyongyang hiriburutik 50 bat kilometro iparraldera. Iturri horrek agertu duenez, gasolinaz betetako tren batek eta gasa garraiatzen zuen beste batek elkar jo dute, eta leherketa ikaragarria eragin du talkak.
Halaber, Hego Koreako Yonhap albiste agentziak zabaldu du geltokia txiki-txiki eginda geratu dela, "bonbardaketa bat gertatu izan balitz bezala", eta eztandak hondakinak zerurantz jaurti dituela.
Iturri horiek agertu dute 3.000 biktima eragin dituela leherketa handiak, baina horietatik hildakoak zenbat eta zaurituak zenbat diren ez dute zehaztu.
Ipar Koreako erregimenak ez du normalean herrialde hartan gertatzen diren istripuei buruzko berririk ematen, eta, oro har, oso informazio politika itxia du.
Ezbeharra gertatu baino bederatzi ordu lehenago, Ipar Koreako agintari nagusi Kim Jong-il geltoki hartatik igaro da, hain justu, Pekinen politika nuklearrari buruzko batzar batetik Pyongyanerako itzulera bidean.
Ezbeharra
Erregaia zeramaten bi trenen txokeak hiru mila bat pertsona kaltetu ditu Ipar Korean
Istripu handia gertatu da Ipar Korean: erregai garraiorako bi trenek elkar jo dute, eta txokeak eragin duen eztandak hiru mila pertsona kaltetu ditu, Hego Koreako YTN telebista kalteak agertu duenez. Hiru mila lagun horietatik zenbat diren hildakoak eta zenbait diren zauritu hutsak argitu gabe dago oraindik. Ipar Korearen informazio politika oso itxia da, eta, ondorioz, asko dira ilun dauden puntuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu