CD-V (Christen-Democratisch en Vlaams, Kristaudemokrata eta Flandestarra) Flandesko Alderdi Kristaudemokratako buruak adierazi duenez, waloniar frantsesdunen eta flandestarren arteko leizea «gero eta handiagoa» da egun.
Letermek Flandesko zenbait herritan frantses hiztunak %70-80 direla gogoratu du. Erraztasunak ematen dituzten udalerriak deitzen zaie alde horiei, eta bertan frantsesa erabiltzea «toleratua» da. Baina tolerantzia horrek ez du emaitza onuragarririk ekarri,Flandesko gobernuburuaren arabera. Hasiera batean neurri berezi horiek frantses hiztunei errealitate linguistiko berriari hobeto egokitzen laguntzeko jarri ziren. Hori espero zen, politikari flandestarraren ustez, baina herritar berri horiek ez dute hizkuntza ikasi . «Itxuraz, frantses hiztunak ez daude nederlandera ikasteko egoera intelektualean». Flandes ez dela inoiz elebiduna izan adierazi du Letermek, «burgesia izan ezik». «Estatu belgikarrak luzaro zapaldu ditu nederlanderaz egiten dutenak (...). Gaur berantegi da errealitate hori aldatzeko. Begira buruzagi frantsedunek, erregeak berak ere, nolako zailtasunak dituzten nederlanderaz mintzatzeko».
Elkarrizketan Flandesek autonomia handiagoa behar duela esan zion politikariak kazetariari. Independentziaren aukera ere aipatu zuen, «baina ez epe laburrera».
Hegoaldeko Walonia eta Iparraldeko Flandesen artean dagoen muga linguistikoa ere hizpide izan zuen. Muga hori 1963an zehaztu zen. Hura aldatzeko egon daitezkeen asmoak kritikatu zituen. «Frantsesdunen eta nederlanderadunen arteko muga hori 1963an finkatu genuenean Inperio Erromatarra erori zeneko garaikoerrealitatea berretsi genuen, herri germaniarrek galiar-erromatarrak atzera bota zituztenean: iparraldearen eta hegoaldearen hizkuntz desberdintasuna; batak inbaditzaileen hizkuntza hartu zuen; besteak latinari eutsi zion».
Belgika, estatu gisa, 1830. urtean jaio zen. Letermek adierazi zuenez, muga linguistikoaren errealitate hori askoz lehenago zegoen bertan eta, beraz, ez zen estatu berriarekin batera sortu. Belgika, gainera, «historiaren istripua» dela esan zuen Flandesko gobernuburuak. Muga hori aldatzen bada, Letermek errealitate demografiko berria ere kontuan hartzeko eskatuko du: «Gai hori ukitzen bada, gobernu federalean dagoen berdintasuna ere ukitu beharko da, flandestarrak gehiago baitira (sei milioi herritarrak, eta frantsedunak, lau milioi)».
Belgika hiru eskualdek osatzen dute egun:Walonia (frantsesez mintzo dena), Flandes (flandeseraz edo nederlanderaz) eta Brusela (flandeseraren eremu historikoaren barruan egon arren, frantsesa nagusi da). Walonian alemanaz ere egiten da, Luxenburgo eta Alemania ondoko mugetan.
HASERREA WALONIAN . Letermeren hitzek berehalako erantzuna eragin dute. Walonia frantseseko politikariek zein hedabideek kritika gogorrak egin dizkiote Flandesko presidenteari, zeinak aita frantsesduna eta ama flandestarra dituen. Arrazista ere deitudiote, bere mezuarekin Vlaams Belang eskuin muturreko alderdiari datozen bozetan botoak kentzeko asmoa duela argudiatuta. Flandesen bertan bestelakoak izan dira erreakzioak. Batetik, kritika gutxiago eta ez hain gogorrak, Letermeren hitzek errealitatea agertzen dutelako. Frantsesdunek gogo handirik ez dute flandesera -edo nederlandera- ikasteko.
Erreakzio horien artean Waloniako presidente eta PS Alderdi Sozialistako buru Elio Di Ruporen hitzak egon dira. Di Rupok «historia berriro idaztea» egotzi dio Letermeri. Politikariak ez du usteFlandesera joandako frantses hiztunentzat errealitate linguistikoari egokitzeko jarritako baldintzak behin-behinekoak direnik. «Sinetsarazi nahidigute erraztasun linguistikoak pribilegioak direla eta, pribilegio guztiak bezala, desagertu egin behar direla. Egia historikoaren kontrakoa da hori. Muga linguistikorik egon bada, honexegatik izan da: Flandesen frantses hiztunei bermea eman zaielako haien hizkuntzaz mintzatu eta agiri administratiboak haien hizkuntzan jasotzen segitzeko».
Frantsesezko prentsaren kritikak ere zorrotzak izan dira. Le Soir «funanbulista» deitu dio Letermeri, «autonomia eta independentziaren artean jokatzen baitu».
La Derniere Heure-k «maskara kentzea» eskertu dio, horrela «amaiera eman baitio, behinbetiko, Belgikako lehen ministroa izateko asmoari». La Libre Belgique-ren arabera, Leterme ez da hala pentsatzen duen bakarra, eta hori oztopoa izango da gobernu federala osatzeko bozen ostean. «Ez da ikusi iparraldeko politikari sozialista edo liberalak haren esanetatik urruntzen».
ULERBERAK FLANDESEN. Gazet van Antwerpen Flandesko egunkariak, aldiz, erlatibizatu egin ditu Letermeren hitzak. «Ez da berria, denok dakigu nolako ikuspegia duen Flandes eta Belgikari buruz». Gobernuburuaren esanak, ironikoak izanik ere «logikoak» ere badirela idatzi du hedabideak. «Belgikan bigarren hizkuntza nazional bat ikasi nahi duenak ikasi egin dezake. Bigarren hizkuntza ikasi nahi ez duenak ez du nahi edo ezin du».
Het Nieuwsblad-ek bat egin du Guy Letermerekin, haren «ironia mingarria» aipatuta. «Frantsesak ez dira, noski, tentelegiak nederlandera ikasteko. Nederlanderaz hitz bat bera ere ez mintzatzeak Crainhem edo Rhode-Saint-Genesen bizitzen hasi eta urteen ondoren borondate txarra agertzen du; areago, errespetu falta eta, batez ere, alferkeria».
Luc Standaerd kazetariak antzeko iritzia azaldu du Het Belang van Limburg egunkarian: «Letermekfrantses hiztunek egokitzeko borondate txarra dutela salatu nahi izan du modu ironikoan, eta frantses horien zentzugabekeria: beti exijitzen ari baitira herria beraiei egokitzeko, eta ez haiek herriari egokitzea».
Waloniar frantsesduneneta flandestarren arteko leizea «gero eta handiagoa» da egun da egun
«Begira buruzagi frantsesdunek eta erregeak nolako zailtasunak dituzten nederlanderaz egiteko»
Waloniako presidente eta PSko buru Elio di Rupok «historia berriro idaztea» egotzi dio Letermeri
GUIDO MARNEFAnberesko Unibertsitateko Historia Garaikidearen Goi Aroko irakaslea
«Oraingo esparru instituzionalarekin ia ezinezkoa da Flandesen independentzia»
jose mari pastorGuido MarnefHistoria Garaikidearen Goi Aroko irakaslea da, Anberesko Unibertsitatean (Flandes). Haren ustez, Flandesko presidente Guy Letermeren hitzak gehiegikeriadira, baina testuinguru batean ulertu behar dira: Belgikako estatua sortzeko prozesu historikoan izandako baldintzetan eta gorabeheretan.
Belgikak soilik erregeari, futbolari eta garagardoari esker eusten diola adierazi du Leterme jaunak. Noraino islatzen du esaldi horrek errealitatea?
Hori, noski, gehiegikeria da, erregea eta errege familia Belgikako estatuaren sinbolo nagusiak badira ere. Noizean behin Belgikako futbol edo beste kirol batzuetako taldea gai da belgikarren sentimendu nazionalak pizteko. Baina belgikar askok Belgikako entitateko kidetzat eta, aldi berean, Flandesko eta Waloniako komunitateko kidetzat daukate beren burua.
Zein dira, orduan, Belgikaren nortasun sinboloak, halakorik baldin badago?
Zaila da Belgikaren nortasun oinarriak zehazten. Noski, egon badaude maila edo esparru jakin batzuk jendeak belgikar gisa identifikatzen dituenak: erregea, atzerri politika, armada. Kultur eremuan, ordea, flandestarrak emanagoak dira Flandesi eta Flandesko Administrazioari. Kultur bizitza -esaterako, literatura, kantak, hezkuntza, zientzia eta abar-, bada, testuinguru flandestar batean sortua eta antolatua da, testuinguru belgikarrean barik. Arlo horretan sarri lotura sendoagoak ditugu Herbehereekin waloniarrekin edo frantses hiztunen aldearekin baino.
«Historiaren istripua» da Belgika?
Bai eta ez. 1830. urtean Belgikako estatua sortzeak, noski, zerikusi handia izan zuen ustekabeko barne eta kanpo faktore askorekin. Beste aldean, baina, ezin dugu ahaztu Herbehereetako Erresuma Batuak bizitza labur-laburra izan zuela, 1815etik 1830a arte.
Erdi Aroko azken garaian eta 16. mendean, hamazazpi probintziako federazio bat egon zen, nahiko modu arinean lotua. Federazio hori Herbehereak ziren. Baina Holandarren Erreboltaren ondorioz hego eta iparraldeko probintziak zatitu egin ziren, kultura espezifiko banarekin: hegoaldean katolikoak, iparraldean protestanteak; hegoaldean espainiarrek eta Austriako printzeek agintzen zuten; iparraldea dezentralizatua eta autonomoa zen. Ia bi mendeko zatiketa horrek 1815-1830ko batasun laburrak baino eragin askoz ere handiagoak izan zituen.
Esan daiteke orduan Belgika sortu zuen 1830ko zatiketa horretan arrazoi politiko eta erlijiosoek kultur eta nortasun faktoreek baino pisu handiagoa izan zutela?
Nik uste dut esan duzun hori antitesi artifiziala dela. Izan ere, kultura politikoak, jarduera politikoak eta erlijio kontuak, hiru elementu horiek, kulturari eta nortasunari ere eragin zieten.
Waloniako alderdiek eta hedabideek esan dutenez, Letermeren adierazpenek helburu bat dute: Vlaams Belang eskuin muturreko alderdiaren botoak bereganatzea. Arrazista ere deitu diote Flandesko lehendakariari. Zer uste duzu?
Bai, Vlaams Belangetik, zeina lehenago Vlaams Blok zen, botoak bereganatzea Letermeren adierazpenen arrazoietako bat izan daiteke. Baina Leterme ez da arrazista, inondik inora ere ez. Leterme politikari moderatua da, eta Vlaams Belangen muturreko hizkera xenofobotik oso urrun eta berezia dago. Letermeri politikari ona izatea onartzen zaio oro har, «aginte ona» joko politikoen gainetik jartzen duena. Azken bi urteotan politikari onen zerrendan lehen-lehenaizan da Leterme, hedabideek egindako inkesten arabera. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar 2006. urtea udal eta probintzietako hauteskunde urtea dela hemen. Testuinguru horretan Letermek pentsa dezake bere burua Flandesko kristaudemokrata konbentzitu gisa aurkeztuz gero, bada, horren ondorioz kontzientzia flandestar sakona duen jendeak bere alderdiari eman diezaiokeela botoa, Vlaams Belang alderdiari eman beharrean.
Brusela Flandesen dago, baina bertan frantsesa da nagusi 19. mendetik. Bertako frantses hiztunek flandesera ikasi nahi ez dutela salatu du Flandesko gobernuburuak.
Letermeren adierazpenak askoz zehatzagoak dira eta Belgikako estatua sortzeko prozesuari lotuta daude. Bruselaren egoera zaila izan da prozesu horretan. Letermek Brusela inguruko herri flandestar txiki batzuei buruz hitz egin du, non frantses hiztunak bizi diren. Belgikako estatua sortzeko prozesu horretan herritar horiei erraztasun edo pribilegio batzuk onartu zitzaizkien beren hizkuntza erabili ahal izateko. Flandestar gehienek behin-behinekotzat jotzen dituzte neurri horiek. Haiek uste dute Flandesen bizi diren frantses hiztunek ahaleginak egin behar dituztela flandesera ikasteko, Walonian bizi diren flandestarrek frantsesez egiteko ahaleginak egin behar dituzten bezalaxe. Horixe esan zuen Letermek, hain zuzen.
Brusela Europako Batasuneko hiriburua izateak noraino okertu du hizkuntz egoera?
Brusela EBko hiriburua izateak frantsesaren egoera indartu du, baita NATO erakundearen egoitza nagusia han egoteak ere. Ingelesaren eta beste hizkuntza batzuen erabilera ere indartu da Bruselan. Baina diferentzia garrantzitsua dago hemen: EB edo NATOko enplegatuak ez dira behin betiko Bruselan bizi. Urte batzuk pasatuta, sorterrira itzultzen dira. Kasu horretan flandestarrek, eta belgikarrek normalean, ulertu egiten dute ez dela errealista pertsona horiei flandesera bene-benetan menperatzeko eskatzea. Baina egoera guztiz diferentea da Flandesko lurraldean behin betiko bizitzera etorri diren frantses hiztunentzat.
Flandesko gizarteak noizbait independentziaren aldeko aldarrikapena egingo balu, legezko oztoporik egongo litzateke Belgikak hori onartzeko?
Zaila da hori aurrez ikustea. Nik uste dut flandestar gehienek prozesu moderatua nahiago dutela, urratsez urrats egina. Oraingo esparru konstituzional eta instituzionalaren ondorioz, bestalde, ia ezina da zatiketa edo independentzia. Konstituzioak dioenez, horretarako gehiengoa egon behar da Belgikako Legebiltzarrean ordezkatutako hizkuntz komunitate bakoitzean. Alegia, alde guztien onespena egon beharko litzateke, adostua.
Lehen 19. mendeko Herbehereetako Erresuma Batua aipatu duzu. Flandes eta Herbehereak etorkizun hipotetiko batean berriz batuta egon daitezkeela pentsatzea fikziozko politika da?
Ez dut uste. Agerikoa da Flandes eta Herbehereen artean lotura estu-estuak daudela, batez ere kultura, zientzia eta halako esparruetan. Joera hori, gainera, areagotu egingo da geroan. Flandes eta Herbehereak elkartzea flandestar gutxi batzuen ametsa izan daiteke orain, baina ez dut uste hori mende honetan gertatuko denik.
«Leterme moderatua da, eta Vlaams Belangen hizkera xenofobotik oso urrun eta bereizia dago»
«Brusela EBko hiriburua izateak frantsesaren egoera indartu du, baita NATOren egoitza han egoteak ere»