Haitham Male hamaika aldiz kartzelatu du Siriak. Bete berriak ditu 80 urte, eta, azkenekoz, 2009. urteko urrian atxilotu zuten; orduan, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Martxoan askatu dute, haren semeak zuzendutako nazioarteko kanpaina luze eta nekagarri baten ondoren. Hark zuzentzen du aitaren giza eskubideen fundazioa, Bruselatik. Male, berriz, jaioterrian harrapatuta dago; izan ere, 2004an Siriako giza eskubideei buruzko konferentzia bat eman zuen Alemanian, eta, ondorioz, atzerrira bidaiatzea debekatu zioten. BERRIAren galderak telefonoz erantzun ditu.
Dagoeneko zenbat pertsona hil ditu Siriako Gobernuak egindako zapalkuntzak?
Esan daiteke dagoeneko 600 baino gehiago hil direla. Baina ikusi ditugu aldaketa batzuk esperantza ematen digutenak: kalean gero eta jende gehiago dago, jendeak dagoeneko ez du beldurrik, eta, gainera, orain ikusi dugu lehenengo aldiz armada zatitu egin dela: batzuek manifestarien alde egiten dute, eta besteak leial zaizkio erregimenari. Lehen, jendea aldaketaren beldur zen, Iraken eredua besterik ez zuelako, baina Tunisiako eta Egiptoko iraultzek bide eman zieten beste aukera batzuei.
Baina Mendebaldean oraindik inork ez du erregimena gaitzetsi,jazarpena agerikoa izan arren...
Ez dut ulertzen zergatik ez zen aurrera atera erregimenari eginiko gaitzespena Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Asko harritu ninduen Errusiak eta Txinak aurka bozkatu izanak, erregimenak herritarrak nola hiltzen dituen ikusten baitute; pentsatzen dut euren interesak edukiko dituztela Siriarekin. Dena den, lortu genuen manifestarien aurka erabilitako indarkeria gaitzestea, eta hori aurrerapauso bat da. Bashar al Assad pixkanaka babesik gabe geratuko da; baliteke laster hura kondenatzea.
Larrialdi Legea baliogabetu eta geroxeago, presidenteak kalera atera zituen tankeak, eta inoiz baino manifestari gehiago hil zituen. Zertarako balio izan zuen, beraz?
Larrialdi Legea kendu zuten, baina haren ordez beste bi lege ezarri zituzten, are okerragoak. Lehenengoak boterea kentzen dio fiskal nagusiari, eta poliziei eta segurtasun indarrei ematen die, zeinek edonor atxilotu eta torturatu dezaketen inori azalpenik eman gabe eta baimenik eskatu gabe. Bigarrenak, berriz, manifestazioak antolatzeko baimen bat lortzea exijitzen du. Fadel al Faisal izeneko abokatu batek apirilaren 21ean eskatu zuen baimena, eta atxilotu egin zuten; harrezkero, haren berririk ez dago. Basharren taktikak bere aitaren taktika berak dira: eraberritzailearen itxurak egin, baina kalean erdibitu eta garaitu formula ezarri, batzuei zerbaitetan amore emanez eta besteei ukatuz. Kurduekin saiatu zen: eskatzen zuten naziotasuna eman zien, baina hurrengo egunean kalera atera ziren esanez herritartasuna eskubide bat dela, ez mesede bat, eta askatasuna lortzeko borrokan jarraitu zuten.
Assadek uste zuen zerbait aldatuko zuela legea kenduta?
Manifestarien eskaera nagusietako bat zen; ziurrenik, pentsatuko zuen haien nahia betetzen bazuen jendeak sinistu egingo ziola eta etxera joango zela. Egun hartan bertan, ni eta beste ekintzaile batzuk telebistan agertu ginen; erreformaren eta lege berrien ezkutuko kontuak azaldu genituen, eta inork ez zion sinistu.
Anaia Musulmanek aste honetan erabaki dute manifestazioak babestea lehenengo aldiz.
Gizartearen beste zati bat dira, eta eskubide osoa dute. Baina 49. legeak heriotzara kondenatzen du alderdiko kide izan daitekeen edozein susmagarri, eta horregatik daude guztiak erbestean. Horiek ez dute loturarik herrialde barneko jendearekin, eta kanpoan hartzen dituzten erabakiak erabat hutsalak dira. Nik espero dut kanpoko oposizioko taldeek oro har manifestariei utziko dietela euren lana egiten eta ez direla saiatuko matxinada gidatzen eta meritua bereganatzen.
Giza eskubideen erakunde batek lan egin al dezake Sirian?
Sirian gobernuaren baimen bat behar da giza eskubideen erakunde gisa ezartzeko, eta inoiz ez dute ematen. Gure legearen arabera, gobernuak ez badu erantzuten 50 egunean, legez posible da, baina Larrialdi Legeak onartu egiten du jarrai diezaguten, telefono bidezko elkarrizketak entzun diezazkiguten, atxilotu gaitzaten eta akaba gaitzaten arrastorik utzi gabe. Horregatik, erakunde bakar bat ere ez da lanean ari Sirian.
Badago arriskurik talde etniko eta erlijiosoen artean zatiketak izateko erregimena erortzen bada?
Assadtarren erregimena boterera iritsi aurretik jende mosaiko bera genuen, eta bakean bizi ginen. Erregimena joaten denean, ez da ezer ere aldatuko. Ez dugu erregimena behar elkartuta jarraitzeko; hau Mendebaldearen aitzakia bat besterik ez da Israelgo mugak seguru mantentzen dituen erregimen bat babesteko. Siriarrentzat, hau ezin da onartu, eta manifestazioak egiten jarraituko dute erregimena erortzen den arte, Mendebaldeak hala nahi izan zein ez.
Wikileaksek jakinarazi zuen AEBek Siriako oposizioa finantzatu zutela. Horrek eraginik ba al du egungo matxinadan?
George Bushen administrazioak bost milioi dolar agindu zituen erregimenaren kontra lan egiten zuenarentzat, eta bizpahiru erakundek egin zuten dirua lortzeko eskaera. 2005ean edo 2006an gertatu zen hori, eta proiektu gutxi batzuk, konferentziak eta bilerak egiteko erabili zen dirua. Baina aspaldi gastatu zen dena, eta absurdua da egungo matxinadarekin lotzen saiatzea.
Zer deritzozu herrialde arabiarrek duten jarrerari?
Herrialde arabiarrek Egiptorekin eta Tunisiarekin hartu zuten jarrerari eutsi diote: ez hotz eta ez bero; izan ere, badakite bakarren bat sostengatzen badute hurrengoak izango direla.
Haitham Male. Abokatua eta giza eskubideen ekintzailea
«Erregimena iritsi aurretik ere mosaiko bera genuen, eta bakean bizi ginen»
Larrialdi Legea kendu arren, erregimenak haren ordez okerragoak diren beste bi lege ezarri dituela azaldu du Malek; segurtasun indarrek edonor atxilotu eta torturatzeko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu