Muammar Gaddafiren erregimenak ez du diru faltarik oraingoz. Eta, dirudienez, petrolioa duen bitartean ez du izanen. Financial Times-en arabera, Libian errebolta hasi zenetik erregimenak milioika dolarren etekinak atera ditu esportazioetatik. Mendebaldeko herrialdeek finantzen gaineko zigorrak ezarri dizkiote Gaddafiri, baina behar energetikoaren aukera ongi baliatu ditu oraingoz erregimenak.
Otsailaren bukaeran, protestak hedatu zirenean, Libiak 570.000 upel esportatu zituela dio Financial Times-ek. Azken astean esportazioak jaitsi egin dira, baina 400.000 upel atera dituzte herrialdetik. Hala, Gaddafik 770 milioi dolar irabazi ditu.
Afrikan petrolio erreserba gehien duen herrialdea da Libia. Atzerriko konpainia gehienek alde egin dute bertatik, baina Txinakoek eta Indiakoek petrolioa erosten segitu dute. Esportazioen ordainketak Libiako banku zentralera ailegatzen dira, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen eta EB Europako Batasunaren zigorrek bankuan ez dute eraginik. AEB Ameriketako Estatu Batuen zigorrek, berriz, ez dute eraginik atzerrian dauden Libiako konpainietan.
Financial Times-ek berak aste honetan argitaratu du Mendebaldeko herrialdeak oposizioarekin negoziatzen hasi direla, esportazioak ez eteteko asmoz. Izan ere, petrolio hobi nagusi anitz ekialdean daude, oposizioaren esku. Horregatik, Gaddafiren hegazkinen helburu bihurtu dira.
Protestak herrialde arabiarretan
Erregimena, petrodolarrez gizenduta
'Financial Times'-en arabera, Muammar Gaddafiren gobernuak oraindik milioika dolar jasotzen ditu petrolioaren etekinetatik, Mendebaldeko herrialdeek finantzen gaineko zigorrak ezarri dizkioten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu