Sendotasunaren Ortzirala antolatu zuen atzoko Siriako oposizioak. Azken asteetan egin bezala, musulmanen asteko egun santua baliatu dute herrialde horretan erregimenaren aurka protesta egiteko. Oposizioko ekintzaileak eta taldeak pozik agertu dira, diotenez manifestazioak Siria guztira hedatu baitira. «Manifestazioak probintzia guztietan orokortu dira, eta horietako batzuetan segurtasun indarrek indarkeria erabili dute, eta manifestariak atxilotu dituzte», Haizam al Mali abokatu eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak azaldu duenez. Azkeneko deialdietan bezala, aldaketa politikoa eta larrialdi egoera kentzeko eskatu dute manifestariek.
Oposizioak jakinarazitakoaren arabera, protesta nagusiak izan ziren Damasko hiriburuan eta haren inguruko herrietan, iparraldeko Latakia, Hama, Hims eta Banias hirietan, hegoaldeko Dara hirian, ekialdeko Dair az Zaur hirian eta Kurdistango Kamishli hirian. Berri agentzien arabera, Damaskoko protestetan manifestariek txartel horiak erakutsi dituzte, futbolean bezala, eta Bashar al Asad presidenteari ohartarazi diote hurrengoan txartel gorriak ekarriko dituztela. Al Mali abokatuaren arabera, «makilaz eta labanaz armatutako 4.000 gaizkile inguruk» eraso egin diete manifestariei, «segurtasun indarren babespean». Hainbat lagun zauritu direla jakinarazi du, baina ez du zehaztu zenbat diren, ez zer egoeratan dauden.
NBEren salaketa
NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetarako ordezkariek «manifestari baketsuen, kazetarien eta ekintzaileen» aurkako «basakeria» salatu dute. Horien iritziz, herritarren protesten arrazoien artean daude «ustelkeria sakona, injustizia eta diskriminazioa eta politikagintzaren parte hartze eta erantzukizunik eza». «Erreforma politikoak, eta aldaketa ekonomiko eta sozialak premiazkoak dira». Al Asadek iragarri du erreformak eginen dituela, eta aste honetan gobernuko kideak aldatu ditu, baina horrek ez ditu protestak isilarazi.
Erregimenaren aurkako protestak Siria guztira hedatu dira
Damaskoko protestetan, manifestariek txartel horiak erakutsi dizkiote Bashar al Asad presidenteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu