Errepide Mapa bake egitasmoa «hilda» dagoela esan du Arafatek

Abbas PANeko lehen ministroak dio dimisioa emango duela gaur Legebiltzarrak botere gehiago ematen ez badio

Erredakzioa
2003ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Europako Batasunak, Estatu Batuek, Errusiak eta Nazio Batuen Erakundeak bultzaturiko bake egitasmoa Errepide Mapa hiltzat eman du Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jasser Arafatek. Planaren porrotaren errua Israelek azken asteotan eginiko erasoei leporatu die agintari palestinarrak. Arafatekin botere lehian dabilen Mahmud Abbas PANeko lehen ministroak, bestalde, botere gehiago eskuratzeko hordagoa botako dio gaur Palestinako Legebiltzarrari. Errepide Mapa planarekin aurrera jarraitzeko sostengua jasotzen ez badu, Abbasek kargua utziko duela iragarri dute.

«Errepide Mapa hilda dago, Israelek azken asteotan eginiko eraso militarrengatik», esan zion Arafatek asteartean telebista kate bati, kamerak itzalita. Israelgo Armadak azken egunotan militante palestinarren kontra eginiko hilketak aipatu zituen PANeko presidenteak. Honez gain, egitasmoaren porrotean George Bush Estatu Batuetako presidentearen erantzukizuna ere bazegoela nabarmendu zuen Arafatek. AEBetako agintariak Palestina eta Israelen arteko gatazka konpontzeko behar adina lan ez duela egin esan zuen PANeko presidenteak. Irakeko egoerarekin eta datozen presidentetzarako hauteskundeekin kezkatuago egotea egotzi zion Bushi.

Estatu palestinar independentea 2005. urtean sortzea aurreikusten duen Errepide Mapa egitasmoa geldirik dago egun, Israelek militante palestinarren kontra misilen bidezko sei eraso egin (11 gerrillari eta bost herritar hil zituen), eta Hamasek abuztuan Jerusalemgo autobus batean bonba bat leherrarazi ondoren (21 hildako).

Arafatek Errepide Maparen hileta kanpaia jo bezain pronto, presidentearen adierazpenak leuntzen saiatu ziren haren ingurukoak. «Alde palestinarrak Errepide Mapa aintzat hartzen jarraitzen du, eta planak existitzen jarraitzen du», esan zuen Nabil Abu Rudaina Arafaten aholkulariak. Planaren nazioarteko bultzatzaileei dei egin zien Rudainak bake egitasmoa ezartzeko lan egin dezaten.>

Abbasen hordagoa

Diputatu palestinarrek beren politika sostengatzen ez badute kargua utziko duela esango omen du gaur Mahmud Abbas PANeko lehen ministroak Legebiltzarrean, bere gobernuaren lehen 100 egunetako lana aurkezteko saioan. «Gobernuari botere osoa eman behar zaiola nabarmenduko du Abbasek, batez ere segurtasun eta administrazio arloetan», eman zuen aditzera atzo Nabil Amr Informazio ministroak. «Bere politika argi eta garbi sostengatzeko eskatuko du, hau da, aginte bakarra, legearen errespetua, eta legez kanpoko armak baztertzearen printzipioei eustea», gaineratu zuen.

Sostengua lortu ezean, Abbasek kargua uzteko asmoa duela nabarmendu zuen Amrk. Halere, legeak ez dio lehen ministroari konfiantza mozioa proposatzeko eskubiderik ematen. Alabaina, legebiltzarkideek emango dioten mezu orokorrean oinarrituko litzateke Abbas erabakia egiteko.

Abbas konfiantza mozioa bozkatzeko setatzen bada, Legebiltzarrak dituen 88 kideen gehiengoek bere politika gaitzetsi, eta Gobernua zapuztuko dutela esan zuten atzo Arafaten inguruko iturriek.

Arafat eta Abbasen arteko aurrez aurreko zuzena gertatzen bada, lehen ministroa galtzaile aterako dela esan zuen atzo Ziad Abu Ziad gobernuburuaren aldeko diputatuak: «Denek Arafaten alde egingo dute, ikur bihurtu delako». Abbas, ordea, Israel eta Estatu Batuen «agentetzat» dute palestinar askok.

Abbas lehen ministro gisa izenda zezan estu hartu zuten AEBek eta Europako Batasunak PANeko presidentea, honen boterea mugatzeko asmoz. Gobernuburu bilakatuta, lehian izan da Abbas Arafatekin, PANen boterea bereganatzeko. Azken liskarra Palestinako segurtasun indarren kontrolaren ingurukoa izan da. Abbasek indar guztiak aginte bakar baten pean jartzeko exijitu du; bere kide Mohammed Dhalanek zuzenduriko Barne Ministerioaren kontrolpean, alegia. Beraren eta Abbasen arteko ika-mikak PANen arazoak sortzeko asmoz puztu dituztela esan zuen Arafatek asteartean.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.