EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Errepide Mapa berreskuratzeko deia egin die Blairrek bi aldeei

Londresko Nazioarteko Konferentzia datorren martxoan egingo dela iragarri du PANeko lehen ministroak

Erredakzioa
2004ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroa Israelen eta Palestinan izan zen atzo. Blair Ariel Sharon Israelgo lehen ministroarekin bildu zen lehenik, Jerusalemen. Han, besteak beste, Londresen egingo den nazioarteko konferentziari, eta Ekialde Hurbileko gatazkari buruz eztabaidatu zuten. «Terrorismoa amaitzen ez den artean, ez da bake negoziaziorik izango», nabarmendu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Era berean, bake akordioa errespetatzen bada, okupazioaren amaiera ez ezik, bestelako pausoak ere emango direla gaineratu zuen.

Sharonek, bere aldetik, Intifadarekin amaitzeko ezer egin ez izana leporatu zion PAN Palestinako Aginte Nazionalari: «Palestinarrek ez dute terrorismoarekin bukatzeko ezer egin. Badakit laster hauteskundeak direla, baina hori ez da aitzakia». Era berean, Palestinako buruzagi berriak bake prozesua bultzatzen jakingo duen itxaropena agertu zuen Israelgo lehen ministroak. Hauteskundeen osteko gobernuak «terrorismoarekin» amaitzeak lortuz gero, Israelek Errepide Mapa bete eta 2005erako estatu palestinar bat sortu ahal izango litzateke. Bestalde, estatu palestinarra sortzeko ahaleginetan laguntzeko prest dagoela esan zuen Blairrek.

Nazioarteko konferentzia

Jerusalemdik Ramalara (Palestina) joan zen Blair. Han, Mahmud Abbas PANeko buruarekin hitz egin zuen, besteak beste. Lehen ministro britainiarraren esanetan, Errepide Mapa da bakea lortzeko biderik egokiena. Abbas ere bat etorri zen Blairrekin, eta Londresko konferentzia «bake prozesua hasteko lehen pausoa» izango dela nabarmendu zuen. Lehen ministroaren esanetan, ordea, akordioa lortzeko jarraitu beharreko pausoak argi dauden arren, horiek betetzea ezinezkoa da, egun.

Londresko Nazioarteko Konferentzia datorren martxoan egingo dela iragarri zuen atzo Nabil Shaat PANeko Atzerri ministroak. Blairrek azaldu zuenez, PANen arazoen inguruan eztabaidatuko da Londresen. Ahmed Kureia PANeko lehen ministroaren arabera, baina, agintari palestinarrek nahiago dute konferentzian Ekialde Hurbileko bake prozesuari buruz eztabaidatzea.Israelek, bere aldetik, uko egin zion konferentzian parte hartzeari, ez dela beharrezkoa esanez. Besteak beste, Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkaria izango denak, G8ko kideek, Munduko Bankuko ordezkariek eta PANek hartuko dute parte bileran. Bestalde, Zisjordaniako eta Gazako Kontseiluak Israelgo Legebiltzarraren aurrean kontzentrazioak egitera deitu zituen, atzo, kolono israeldarrak: «Gau eta egun egongo gara han, Ukrainan egin zuten bezala». Kolonoen buruzagiaren arabera, Israelek «bultzada bat» behar du erretiratzea geldiarazteko. Era berean, Gaza eta Zisjordaniako kolonoen %52 desobedientziaren alde agertu ziren. Hori dela eta, etxeak beren borondatez uzten dituztenak diruz laguntzea erabaki du Legebiltzarrak.

Gobernu koalizioa

Likudek Alderdi Laboristarekin gobernu koalizioa egitea hitzartu badu ere, hirugarren alderdi baten beharra dute gehiengo sendoa lortu ahal izateko. Hori dela eta, Sharon koalizioari alderdi erlijioso bat gehitzeko aukera aztertzen ari da. Alderdi hori Shas izan daiteke. Baina Ovadia Josef taldeko buruzagi erlijiosoak erretiratze planaren aurkako deia egin du.

Bigarren aukera Torah Judaismo Batua alderdi ultraortodoxoa litzateke. Baina horrek hainbat baldintza jarri ditu. Horien artean, alderdiak bultzatutako instituzio erlijiosoentzako diru laguntzak jasotzea, eta Israelgo Gobernuan ministerioren bat eskuratzea.Israelgo Armada Khan Juniseko errefuxiatu kokalekuan sartu zen, atzo, 30 tanke eta gerra-gurdi blindatuekin. Erasoan hiru palestinar hil ziren. Iturri israeldarren arabera, hildakoak bi ekintzaile ziren. Horretaz gain, baina, soldaduek erietxe bat eta hainbat etxe suntsitu zituzten, Burdin Laranaja 2 izeneko operazioan. Gaza iparraldean, Beit Hanunen, beste palestinar bat hil zuten soldaduek. Bestalde, ekintzaile palestinarrek israeldar bat hil zuten, atzo, tiroz Hebronen, Zisjordanian.Israelgo Gobernuak datorren astean askatuko dituzten 170 presoen izenak jakinarazi zituen atzo. Horien artean Al Fata erakundeko 120 kide daude. Baina ez muturreko erakundeetako kideak edo inor hiltzea leporatuta zigortutako ekintzaileak. Era berean, 40 urteko kartzela zigorra eta bizi osorako hiru kartzela zigor ezarri zizkioten, atzo, Jasser Abu Bakri. Al Aksako Martirien Brigadako kide izatea, eta kolono israeldarren aurkako erasoak egitea leporatzen diote Abu Bakri.Gaur egingo dituzte udal hauteskundeak Zisjordaniako 26 herritan. Horien arabera jakin ahal izango da zein alderdik izango duen irabazteko aukera gehien urtarrilaren 9an egingo diren presidentziarako bozetan. Hamas eta Al Fata dira udal hauteskundeetan aurkezten diren alderdi nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.