Errepublika desegitea sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Armeniako lehen ministro Paxinianek eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko

Errepublika desegitea sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek.
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azerbaijan indartsuagoa da militarki, eta ez Errusiak, ez Mendebaldeko herrialdeek ez diote Armeniari lagundu. Horrenbestez, Karabakh Garaiko errepublika desegitea erabaki dute hango agintariek. Samvel Xahramanian presidenteak dekretu batean nabarmendu duenez, «estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Armeniako hedabideek atzo jaso zuten testua, eta, horren arabera, egoera politikoa «larria» delako eta Karabakh Garaiko herritarren —gehienak, armeniarrak— «segurtasuna bermatzea» dutelako lehentasun egin dute hautua. Duela hiru hamarkada Sobietar Batasuna desegin zenetik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto, nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu.

Irailaren 19an eremu horren kontra hasitako bonbardaketa eteteko Azerbaijanek mahai gainean jarri zuen baldintzetako bat bete du, horrenbestez, Karabakh Garaiak. Izan ere, 1991ko independentzia eta errepublika aldarrikapena bertan behera uztea eta Azerbaijanen parte dela onartzea izan zen Bakuren eskaeretako bat operazio militarra amaitzeko.

Hurrengo egunean, irailaren 20an, sinatu zuten menia bi aldeek, eta ordutik 65.000 bat armeniarrek ihes egin dute handik, eta Armeniara iritsi dira; hau da, populazioaren erdiak baino apur bat gehiagok alde egin du, Erevanek emandako azken datuak kontuan hartuta. Eta horrekin lotuta, dekretuan azpimarratu dute Karabakh Garaian jarraitzeko asmoa dutenek Azerbaijanek planteatutako «berregokitzeko baldintzak barneratu» beharko dituztela eta erabaki bat hartu beharko dutela: edo han jarraitu edo alde egin.

Bakuk ez du plazaratu, ordea, zeintzuk diren baldintza horiek. Erevanek ohartarazi du «garbiketa etnikoa» jasateko arriskua dutela han jarraituko duten armeniarrek. Azerbaijango Gobernuak ukatu egiten du. Atzo, baina, ebazpen esanguratsu bat kaleratu zuen Bakuko auzitegi batek: «terrorismoa» finantzatzea, legez kanpoko talde armatuak sortzea eta Azerbaijango muga legez kanpo zeharkatzea egotzi dio 2002tik aurtengo otsailera arte Karabakh Garaiko lehen ministro izandakoari, Ruben Vardaniani. Lau hilabeteko behin-behineko atxiloaldia ezarri diote, eta 20 urteko kartzela zigor jar diezaiokete delitu horiengatik.

Eta egoera aintzat hartuta, Armeniako hedabideek atzo jaso zuten Nikol Paxinian herrialdeko lehen ministroak esan diela gobernukideei «garrantzitsua» dela nazioarteak Azerbaijanen jarrera gaitzestea; hori bai, «urrats zehatzak» egin beharko lituzkeelakoan dago. Nazioarteak, oro har, armeniarren giza eskubideak errespetatzera deitu du Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea, baina garbiketa etniko batez mintzatzea saihestu du. Hain zuzen, Paxinian eta Aliyev datorren ostegunean, urriaren 5ean, dira biltzekoak Granadan (Espainia), definitzen hasteko zer-nolakoa izango den etorkizunean bi herrialdeen arteko harremana.

Errusia, haserre

Karabakh Garaitik Armeniara iristen ari diren herritarrei harrera egitea du lehentasun gobernuak, Paxinianen esanetan. Kabineteak esan du, bide batez, desplazatu gehienek etxebizitza bat dutela Armenian, edo hartuko dituzten senideak.

Bestalde, datorren urriaren 3an, asteartearekin, Armeniako Parlamentuan eztabaidatuko dute ea Erromako Estatutua berresten duten ala ez; hau da, ea herrialdea Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo den ala ez. Eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek nabarmendu zuen, atzo, Armeniak «etsaikeria» plazaratuko lukeela estatutua berretsiko balu. Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak egotzita.

Gaiztotuta dago Erevanen eta Bakuren arteko erlazioa. Moskuren orbitapeko herrialde bat izan da Armenia, baina Ukrainako gerrak eragindako testuinguru sozioekonomikoak bultzatu du Errusia Azerbaijanekin loturak estutzera. Armeniak igarri egin du, eta duela bi aste pasa aurrenekoz egin zituen maniobra militarrak AEBekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.