Errepublika eraikitzen hasiko direla adierazi dute talde independentistek

Marta Rovira Junts Pel Siko bozeramaileak adierazi duenez, ordezkari politikoen lana da "elkarbizitza plural eta baketsua eraikitzea". Carles Riera CUPeko diputatuaren esanetan, "behetik gora" eta "borroka baketsuaren bidez" eraikiko dute estatua. Alderdi unionistek gizartea zatitzea egotzi diote Puigdemonti, eta CSQPek alde bakarreko erabakiak gaitzetsi ditu.

Carlos Carrizosa Ciudadanoseko parlamentaria, Kataluniako Parlamentuaren gaurko eztabaida orokorrean, hitza eskatu duen une batean. QUIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 27a
15:11
Entzun

Rovirak nabarmendu du "urriaren 1eko mandatua betetzeko" bildu direla gaur parlamentuan. Horrenbestez, prozesu konstituziogile bat abiatzearen alde agertu da errepublika independente bat eraikitzeko. "Prozesu konstituziogileko eztabaidak mugarik gabea izan behar du", Roviraren hitzetan. Azaldu duenez, errepublika independentea gauzatzeko "presa" du Kataluniak, "beldurra eta errepresioa" etengo dituen egoera lortzeko.

"Herriaren subiranotasuna ordezkatuz eta urriaren 1eko erreferendumak emandako mandatua betez, Parlamentu honek ezin du independentzia deklaratzea ez den besterik egin". Kataluniako Errepublika independentearen aldeko jarrera argia adierazi du Rierak (CUP) ere. Gaineratu du akatsa litzatekeela, Espainiako Konstituzioak erreferendumaren emaitza gauzatzeko bermerik eskaintzen ez duela eta, aukera hori baztertzea; "gure eskubideei uko egitea litzateke".

Rieraren esanetan, elkarrizketa ez da posible izan Madrilekin, eta horregatik gaur kataluniarrak "autodeterminatu" egingo dira. "Guztientzako tokia izango duen mundu hobea nahi dugu. Ez dugu menpeko izan nahi, aske baizik". Rierak nabarmendu du Kataluniako Errepublika "behetik gora" eta "borroka baketsuaren bidez" eraikiko dutela.

Alderdi unionistek, berriz, gaitzetsi egin dute Junts pel Sik eta CUPek adostu duten ebazpena. Gizartea zatitzea leporatu diete talde independentistei, eta "arduragabe" jokatzea Generalitateari. Ciudadanosek, PSCk eta PPk ziurtatu dute prozesu independentista proiektu baztertzailea dela, eta egoera ekonomikoan ondorio larriak eragin dituela nabarmendu dute. Hiru alderdiek jo dute beharrezko Madrilek Kataluniaren autonomian esku hartzea, konstituzioaren 155. artikuluaren bidez. Ez dute Junts pel Si eta CUPen ebazpenaren bozketan parte hartuko.

CSQPeko diputatu Marta Rivasek salatu egin du Kataluniaren autonomian esku hartzeko Espainiako Gobernuaren erabakia, eta adierazi du neurriarekin kataluniarrei "eskubideak ukatu" nahi dizkiela. "Larriena da, ordea, ankerkeri horri ankerkeria handiago batekin erantzutea", gaineratu du. Rivasen esanetan, "oso larria" da 155ari independentzia deklarazioarekin erantzutea, urriaren 1ekoa ez baitzen baliozko erreferendum bat izan, haren iritziz.

Rivasek alde bakarreko erabakiak baztertu eta elkarrizketaren aldeko ahalegina egiteko galdegin du. "Kataluniatik eta Katalunian hitz egiteko aukera" eskatu du. CSQPek prozesu konstituziogilea abiatzea proposatu du 155ari erantzuteko, baina independentzia deklaratu gabe. "Junts Pel Sik eta CUPek hasi nahi duten prozesu konstituziogilea independentzia deklarazio batetik abiatzen da. Gurea ez. Guk eskatzen duguna da herritar guztiek parte hartu ahal izango duten erreferendum bat egitea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.