Errepublika katalana sortzen hasteko prozesua atzeratu du C's, PSC eta PPren amarruak

JPSren eta CUPen adierazpen proposamena urgentziaz tramitatzea erabaki du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak.Azaroaren 9rako bozkatzea espero dute

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia hartu zuen atzo Moncloako jauregian. GOBERNUKO PRESIDENTETZA / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua —PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien babesarekin— Katalunian abiatutako haustura prozesua geldiarazteko legezko neurriak aztertzen ari den bitartean, Kataluniako alderdi unionistek denbora irabazteko estrategia hasi dute. Ciutadansen eta PSCren talde parlamentarioek nahiz PPko diputatuek —oraindik taldea osatzeke— eskaera egin dute, Junts Pel Sik eta CUPek adostutako adierazpen proposamena Parlamentuko Mahaiak ez dezan tramiterako onartu. Eta Mahaiak adierazpena urgentziaz tramitatzea erabaki arren, hainbat egunean prozesua geldiaraztea lortu dute C's, PSC eta PPk.

Talde subiranisten proposamenak legeria urratu eta Espainiako Konstituzioa nahiz Kataluniako Estatutua gainditu egiten dituela iritzi dio PSCk, eta, horregatik, parlamentuko zerbitzu juridikoei horri buruzko iritzia eskatu die.

Kataluniako presidentea izendatzeko lehenbiziko bozketa beranduenez ere arazoaren 9an egin behar du legebiltzarrak, eta, ordurako, Kataluniako Errepublika sortzen hasteko adierazpena onartuta izatea nahi dute JPSk eta CUPek. Datorren astean egin nahi zuten bozketa, eta, egoera normal batean, 48 ordu nahikoa lirateke alderdi unionisten helegiteak aztertu eta Kataluniako Parlamentuaren aginduak soilik betetzeko eskatzen duen adierazpena tramitatzen jarraitzeko. Baina osatu berria den legebiltzarrean PPk talde parlamentarioa oraindik eratu ez izanak eragiten du traba.

Bozeramaile Batzordeak bildu beharra dauka tramitazioa desblokeatzeko, hark zehazten baitu eguneko gai-zerrenda. Baina PPk talde parlamentarioa oraindik osatu gabe duenez —azaroaren 5a arteko epea dauka—, diputatu bozeramailea ere izendatu gabe dauka. Trikimailu horrek ez du, inondik ere, Kataluniako Errepublika sortzen hasteko prozesua geldotuko, baina bai atzeratu. PPk gaur zortzi arte ez badu taldea osatu eta parlamentuko bozeramailea izendatzen, buruan zituzten epeak betetzea zail izango dute bi zerrenda subiranistek. Litekeena da azaroaren 9an bertan, Generalitateko presidentea aukeratzeko lehen bozketa egin aurretik, osoko bilkura berean onartzea Kataluniako Errepublika sortzen hasteko adierazpena.

CSQEP, erreferendum eske

Catalunya Si Que Es Poten talde parlamentarioak beste adierazpen proposamen bat aurkeztu du Kataluniako Parlamentuan, giza larrialdirako plan bat eskatu eta Madrilekin hitzartutako erreferendum bat egitea defenditzeko. Lluis Rabell CSQEPko zerrendaburuak argudiatu du I-27ko hauteskundeek ez zutela «inolako deskonexio agindurik» eman, eta proposatu du 2016an Espainiako Gobernuarekin hitzartuta autodeterminazio erreferendum bat egitea Katalunian. CSQEPren itxaropena da abenduaren 20ko hauteskundeek Espainian gobernu aldaketa eragingo dutela. «Gu ez gara ez-aren fronte batean egongo, egungo blokeo egoerari irtenbidea bilatu nahi diogu», esan zuen atzo Rabellek.

Anarkisten atxiloketak

Junts Pel Si eta CUP atzo biltzekoak ziren, gobernuaren osaera eta presidentearen izendapena negoziatzen jarraitzeko, baina ezker independentistak bertan behera utzi zuen bilera, mossoek bederatzi anarkista atxilotu zituztelako. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioan —Pandora -ren segidatzat jo dute— bederatzi lagun atxilotu dituzte, eta hamar bat egoitza miatu Bartzelonan eta Manresan, tartean Sants auzoko Ateneo Libertarioa.

Operazioa Kataluniako une politikoarekin lotu du CUPek, eta subiranistek abian jarri duten haustura prozesuak Espainiako auzitegien aginduak desobeditzea ere eragin behar lukeela nabarmendu du. Horregatik, gaitzetsi egin du Kataluniako jarduneko gobernuak mossoei agindu izana Auzitegi Nazionalak erabakitako atxiloketak egitea.

Rajoy-Sanchez bilera

Kataluniako independentisten ekimena gerarazteko estrategia prestatzen hasia da Espainiako Gobernua, eta Mariano Rajoy presidenteak Moncloan hartu zuen atzo Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Biak bat etorri ziren «Konstituzioa, nazio batasuna, subiranotasun nazionala eta espainiarren berdintasuna elkarlanean defenditzeko», Moncloak ohar baten bidez adierazi duenez.

Aurrez, «Konstituzioa eta legeak betearazteko» bezperan egin zituen ohartarazpenak berretsi zituen Rajoyk, eta behar diren neurriak hartzeko zalantzarik ez duela izango nabarmendu zuen. «Neurritasuna» agindu zuen, eta «Konstituzioaren 155. artikulua ezarri behar izatea» ez litzaiokeela gustatuko erantsi zuen, Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko ageriko mehatxua eginez. Generalitateak «mehatxuak» gutxietsi ditu, Konstituzioak ez baitu autonomia kentzeko aukera aipatzen, eta «legeria katalana» beteko duela agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.