Errepublikanoen konbentzioa aldarazi du 'Gustav'-ek

Ekitaldi «txikia» izango da; George Bush presidentea eta Cheney presidenteordea ez dira joango bilerara

2008ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gustav urakanak ondorio politikoak ere utzi ditu jada AEBetan, Alderdi Errepublikanoarentzat behinik behin. Atzo hasi zuten konbentzioaren agenda hankaz gora jarri du, hain zuzen. John McCain presidentetzarako hautagai errepublikanoaren bozeramaileek jakinarazi dutenez, ekitaldi «txikia» izango da Minnesota estatuko St Paul hirian hasi berri dutena. Joan den astean Alderdi Demokratarenak izan zuen ikusgarritasunik ez du izango, beraz, errepublikanoek AEBetako iparraldeko Minnesota estatuko St Paul hirian egiten ari diren konbentzioak.

Alderdiko hainbat politikarik jakinarazi dute ez direla bilerara joango, Gustav urakana medio. George Bush AEBetako presidentea, esaterako,Texasen egongo da egun hauetan. Handik jarraituko ditu urakanaren nondik norakoak. Dick Cheney lehendakariordea, berriz, Louisianan izango da.Larrialdi zerbitzuen lana gainbegiratzea izango da haren misioa. Era berean, Booby Jindal Louisianako gobernadorea, Charlie Crist Floridakoa, Haley Barbour Mississippikoa eta Rick Perry Texaskoa ere ez dira izango konbentzioan. Kaliforniako gobernadoreak, Arnold Schwarzenegerrek, bertan behera laga du Minnesotarako bidaia; ez urakanagatik. Kaliforniako Legebiltzarrean egunotan izango den eztabaida batengatik baizik.

Hauteskundeetarako etekina

Dena den, Bush eta Cheney bilerara ez joateak mesede ere egin liezaioke McCaini. Izan ere,Bushen sona ez dago onen-onenean azkenaldian. Hori jakinda, harekiko tartea ezarri nahi izan du presidentetzarako hautagaiak.

Herenegun Fox News telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, esaterako, egungo administrazioaren hainbat politikarekin ados ez dagoela nabarmendu zuen; tartean, terrorismoa leporatuta Guantanamon preso dituztenei emandako tratuarekin. «Nik ez dut gatiburik torturatu nahi», adierazi zuen. Eta, bide batez, AEBetako egungo gobernuak halakoak egiten dituela aitortu zuen: «Nire ustez, itxurazko itotzeak tortura dira ». Bushek ukatu badu ere, Inteligentzia Bulego Zentralaren txosten baten arabera, itxurazko itotzeak egin dituzte Guantanamon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.