BBC telebista katearen arabera, tropa estatubatuarrek aurrera ematen dute pauso bakoitzeko «borroka egin behar dute». Erresistentziako kideak eskuko armekin eta mortero tiroekin erasotu zituzten tropa irakiarrak eta estatubatuarrak eta «kalez kale» ari dira hiria defendatzen. Hildako kopurua zein den ezagutzera eman ez dute arren, lekukoen arabera hainbat eta hainbat gorpu daude kaleetan.Borrokak, baina, ez dira bakarrik Falujan gertatzen ari. Bagdaden, Kirkuken, Mosulen, Ramadin eta Bakuban hainbat eraso egin zituen erresistentziak.
45 polizia hil dira Bakuban
Irakeko hiriburuan astelehen gauean gutxienez bederatzi pertsona hil eta beste hirurogei zauritu ziren bi eliza eta erietxe baten aurka bonba-autoz egindako erasoetan.
Bakuban hiru polizia etxe eraso zituzten erreboltariek metraileta eta morteroekin. Musab Al Zarkaui buruzagi jordaniarraren taldeak bere gain hartu zituen erasoak web orrialde batean helarazitako ohar baten bidez. Eraso horietan 45 polizia hil ziren. Kirkuken, berriz, Guardia Nazionalaren kuartelaren aurka bonba-autoz egindako eraso suizida batean hiru lagun hil ziren gutxienez. Mosulen aldiz, base estatubatuar baten aurka egindako erasoan gutxienez bi soldadu estatubatuar hil ziren. Washingtonek adierazi zuenez, matxinatu talde batek morteroak jaurti zituen eraikuntzaren aurka. Ramadin, egun osoa estatubatuarren aurka borrokan aritu ondoren, gerrillariek hiriaren kontrola bere gain hartu zuten.Irakeko lehen ministro Iad Aluik, bien bitartean, etxeratzeko agindua ezarri zuen atzo Falujan, Ramadin eta Samarran eta Bagdaden.
NBE «benetan kezkatuta» agertu da
Indar irakiar eta estatubatuarrek astelehenean jarri zuten abian Falujaren aurkako erasoa «hiriaren kontrola berreskuratzeko». Erasoaldian 10.000 eta 15.000 soldadu inguru parte hartzen ari dira orotara. Faluja hirian 300.000 pertsona bizi dira baina gehiengoak ihes egin du dagoeneko hainbat informazio iturriren arabera 60.000 biztanle baino ez dira geratzen bertan. Erreboltariak, aldiz, 3.000 eta 4.000 bitartean dira; kalashnikovak eta morteroak dituzte.
Falujan geratzen ziren biztanle gehienak ere ihesian hasi dira. ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentzia «benetan kezkatuta» agertu zen atzo, erasoetatik ihes eginez, Faluja utzi duten milaka irakiarrek bizi dezaketen egoera dela eta. «Dirudienez zibil gehienek hiria utzi dute baina zaila da zenbatekoa zehaztea», adierazi zuen Jennifer Clark bozeramaileak. Bestalde, Marie Heuze NBE Nazio Batuen Erakundeko eledunak egoera «izugarria» dela adierazi zuen. NBEko iturriek atzo adierazi zutenez, Kofi Annan idazkari nagusiak GeorgeBush AEBetako presidenteari jakinarazi zion Falujaren aurkako erasoa kaltegarria izan zitekeela. «Hauteskundeak prestatzeko une kritiko honetan Irak ezegonkortu dezake erasoaldiak», azaldu zion Annanek Bushi. Irakeko Ulemen Batzordeak, berriz, Falujan «genozidioa» egitea egotzi zion Iad Alaui lehen ministroari. Era berean, urtarrileko hauteskundeei boikota egiteko eskatu zien irakiarrei erakunde sunitak, bozak «irakiarren odolaren eta gorpuen gainean» egingo direla esanez. Harez Al Darri suniten idazkari nagusiak «okupazio tropen eskutik Falujan gertatzen ari den genozidioaren arduraduna» Alaui dela iritzi zion. Biztanle arabiar eta musulmanei, baita erakunde politiko eta herritarrei ere «Falujako sufrimenduaren aurka agertu eta bidegabekeria honekin amaitzeko», eskatu zien. Irakiarrei, aldiz, «euren anaiei elikagaiekin, sendagaiekin eta ahal duten guztiarekin» laguntzeko eskatu zien. Batzordeak okupazio tropei laguntzea «bidegabea» dela adierazi zuen astelehenean.
-
JARDUNEKO GOBERNUA
Alderdi sunita bakarrak bere lekua utzi du
Irakeko behin-behineko gobernuan ordezkatuta dagoen alderdi sunita bakarra, Irakeko Alderdi Islamiarrak, agintea uzteko erabakia hartu zuen atzo. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadak eta Irakeko Armadak Falujan egiten ari diren erasoaldiaren aurka agertu eta kolokan jarri du Irakeko behin-behineko gobernua.
Mohsen Abdelhamid sunitak zuzentzen duen taldeak «okupazio indarrei laguntza emanez irakiarren odol isuria baimentzea» leporatu zion jarduneko gobernuari eta, hartara, bere jarduera bertan behera uztea erabaki zuen erasoaldia hasi eta hurrengo egunean. Irakeko Alderdi Islamiarreko agintariak Falujako ordezkariekin negoziatzen aritu ziren bonbardaketak hasi aurretik. Falujaren aurkako eraso gogor bat galaraztea zen helburua, baina bitartekaritzak huts egin zuen azkenean.