Bat barruan, bestea kanpoan eskemari jarraituz, Erresuma Batuak eta Frantziak migrazio akordio bat egin dute, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur arratsaldean iragarri dutenez, prentsaurreko batean. Ituna aintzat hartuz, Mantxako kanalazeharkatzen duten asilo eskatzaile batzuk onartuko ditu Erresuma Batuak, baina beste papergabe batzuk Frantziara itzuli ahalko ditu. «Datozen asteetan» plan pilotu bati ekingo diotela iragarri du Starmerrek; Macronek, berriz, akordioa «ahalik eta azkarren» aurrera eramatea espero du.
Macronek hiru egun igaro ditu Londresen bidaia ofizialean, eta hainbat bilera egin ditu Starmerrekin. Downing Streeteko 10. zenbakiak atzo kaleratutako ohar baten arabera, biak ados daude «legez kanpoko migrazioak eragindako mehatxuari» aurre egiteko orduan, «bi aldeen lehentasun bat» da, eta, horrenbestez, «bi aldeentzako irtenbideak» bilatzearen alde egin dute. Starmerrek adierazi duenez, migrazioaren auziak «erantzun pragmatikoa eskatzen du, ez erantzun errezen politika performatiboa».
Finean, asmoa zera da, Mantxako kanalaontzi txikietan zeharkatzen duten 50 papergabe inguru itzultzea Erresuma Batuak Frantziari astero; trukean, Erresuma Batuan senideak dituzten 50 papergabe hartuko lituzke Londresek, astero. Macronek prentsaurrekoan nabarmendu duenez, akordioak «disuasio efektua» izatea nahi dute.
Zenbaki horiek kontuan hartuz, Frantziak eta Erresuma Batuak, bakoitzak 2.600 papergabe inguru aberriratuko lituzke urtero: Mantxako kanala zeharkatzen ahalegintzen direnen %6 inguru. Aurten, oraingoz, 21.100 migratzailek egin dute zeharkaldia; hau da, iaz denbora berean baino %56 gehiagok. Erritmo horri eutsiz gero, aurten marka bat ezarriko dute zeharkaldiei dagokienez. 2022an jo zuten goia: 40.000 izan ziren.
Dena den, ikusteko dago EB Europako Batasuneko kide batzuek nola hartzen duten ituna. Izan ere, Mediterraneoak bustitzen dituen bost herrialdek —Espainiak, Italiak, Greziak, Maltak eta Ziprek— protesta egin dute Europako Batzordearen aurrean. Orain aste batzuk, Erresuma Batua eta Frantzia negoziatzen ari zirenean, nabarmendu zuten akordio horrek talde komunitarioaren asilo sistema «ezegonkortu» zezakeela, hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz argitaratu zutenez.