Erresuma Batuko etorkinentzako kartzelaontziko baldintzak salatu dituzte 39 iheslarik

Estatuko idazkariari bidalitako gutunean jakinarazi dute bere buruaz beste egiten saiatu dela, asteon, itsasontzian bizi den asilo eskatzaile bat.

Asilo eskatzaile bat Portlandeko Bibby Stockholm errefuxiatuentzako itsasontzira sartzen, abuztu hasieran. TOLGA AKMEN / EFE
Maddi Iztueta Olano.
2023ko abuztuaren 25a
12:20
Entzun

«Arriskutsua, beldurgarria eta bakartia». Horrelakoa da Portland herriko (Erresuma Batua) Bibby Stockholm kartzela itsasontzia, han zenbait egun igaro dituzten 39 iheslariren hitzetan. The Guardian egunkariaren arabera, hiru orriko dokumentu bat bidali zioten, atzo, estatuko idazkari Suella Bravermani. Gutunean salatu dutenez, iheslari bat bere buruaz beste egiten saiatu da asteon, itsasontziko «baldintza gogorren» ondorioz.

Denera, 222 gela ditu ontziak, eta bostehun asilo eskatzailerentzat dago tokia. Baina gela horiek «oso txikiak» dira, «kartzela batean egon ohi direnen modukoak». Halakoxeak dira, halaber, ontziko baldintzak. Han dauden guztiek hamar euro baino gutxiago jasotzen dute egunean, eta itsasontzian egon behar dute gaueko hamaikak baino lehen.

Hotel zahar batean daude orain dokumentua sinatu duten asilo eskatzaileak. Baina itsatsiak dituzte itsasontziko egonaldiaren arrastoak: «Oso presente ditugu bakartze eta bakardade sentsazioak, baita egonaldiak eragindako kalte psikologikoak eta emozionalak ere». Horiek hala, asilo eskatzaileen «bizi kalitatea» eta «duin bizitzeko eskubidea» lehentasun egiteko eskatu die Erresuma Batuko Gobernuari. «Nekatuta gaude behin eta berriz oztopoei eta erronkei aurre egin behar izateaz. Dagoeneko ez daukagu indarrik horretarako».

Gutuna iritsi da agintarien bulegoetara, eta iheslariek jaso dute erantzuna: «osasun protokolo guztiak» betetzen ditu itsasontziak, hango segurtasuna «beti» izan baitute «lehentasun». Halere, jakinarazi dute uraren sistemaren kalitatea aztertzen ari direla, eta inor ez dela itsasontzira itzuliko urak «segurtasun irizpide guztiak» betetzen dituela ziurtatzen duten arte.

Legionella bakterioa

Hain justu, gaur bi aste 39 lagun atera behar izan zituzten itsasontzitik, ur sisteman legionella bakterioa aurkitu ondoren. Organismora sartu eta handik hamasei egunera bitarte ager daitezke sintomak: beherakoa, eztul lehorra eta nahasmendua, besteak beste. Kasurik larrienetan, biriketako infekzioak sor ditzake, baita heriotza ere.

Baina, gutuna idatzi dutenek salatu dutenez, gobernuko «inork ez zien behar bezala» azaldu bakterio hori zer den, edo zer arrisku izan ditzakeen. «Interneten begiratu behar izan genuen. Bakterio hori dugun guztiak hotel bakarrean gaude. Batzuek eztula dute, baina guztiok gara beldur. Oraindik ere oroitzen dut dutxako urak begiak nola erretzen zizkidan». Bakterioaren berri izan zutenean, itsasontzira itzultzeari uko egin zioten dozenaka iheslarik. Baina mehatxu egin zien gobernuak: «ontzira itzultzen ez denak ez du gobernuaren babesa izango».

Uztailaren 18an iritsi zen Bibby Stockholm Portlandera. Itsasontziak 222 gela ditu, eta aurretik hoteletan zeuden bostehun asilo eskatzaile eraman zituzten hara. Alderdi Kontserbadoreak orduan esan zuenez, gastuak murrizteko. Egun, 51.000 asilo eskatzaile inguru daude Erresuma Batuan. Hoteletan bizi dira gehienak, eta horrek ia zazpi milioi euroko kostua du gobernuarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.