ERRESUMA BATUKO HAUTESKUNDEAK. Liberal-demokratei koaliziorako gonbita egin die Cameronek

Gehiengo osoa eskuratu ez badute ere, kontserbadoreek irabazi dituzte Erresuma Batuko Parlamenturako bozak

2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Desengainu eta guzti, arreta gunean segitzen du Alderdi Liberal-Demokratak. Kontserbadoreek koalizio gobernua osatzeko proposamena egin diotenetik, Erresuma Batuan aldatu ez den gauza bakanetakoa da hori. Hauteskunde ondorengo ezaugarri nabarmenena, gainontzean, aldaketa izan da. Hamahiru urtean lehen aldiz, kontserbadoreek aurrea hartu diete laboristei. Ez dute gehiengo osorik eskuratu, hala ere, eta «gobernu sendoa» osatu nahi badute, horregatik, aliantzak negoziatu beharko dituzte. Lehen saioa, liberal-demokratekin egingo dute.

Inkestek asmatu dute kontserbadoreen garaipena aurreikusten; ez haatik, laboristen beherakada neurtzen. Alderdi Laboristak porrot egin badu ere, izan ere, ez du aurreikusitako neurrian egin. Telebista debateetan protagonista bihurtu zenetik, Nick Cleggek sostengu zabalagoa lortuko zuela zioen boto-asmoak. Are, liberal-demokratak laboristen aurretik geldituko zilera zioten inkestek. Azkenean, baina, hirugarren, eta 2005etik zituenak baino bost eserleku gutxiagorekin gelditu da Clegg, buruzagi liberal-demokrata.

Hala ere, haren esku dago orain koalizio gobernua eratzea; egingo duen, eta egitekotan ere, norekin elkartuko den oraindik argitu ez badu ere. Gordon Brown lehen ministro laboristak hala erabaki duelako, baina, kontserbadoreen proposamenari erantzun beharko dio lehenengo -proposamen horren berri eman zion Cameronek atzo Cleggi, telefonoz-. Boto gehienak eskuratu dituztenak direlako, izan ere, koalizio gobernua eratzeko saioa egiten lehenak haiek izan behar dutela ebatzi du Brownek. Cameronen eta Cleggen arteko aliantzak aukerarik ez duela ikustean, eta ez lehenago, bilduko dira laboristak liberalekin.

«Demokrazia parlamentario batean bizi gara. Boto-emaileek erabaki dute emaitza, eta gure ardura da orain, herrialdearen mesedetan, funtzionatu dezan bermatzea», adierazi du oraindiklehen ministro denak. Hauteskundeetan bigarren geldituagatik ere, izan ere, Downing Street-eko 10.ean segitzen du Brownek. Bestela lirateke gauzak, Cameronek gehiengo osoa eskuratu izan balu. Lehen ministroaren bizilekua utzi beharko luke orduan Brownek. Alabaina, tory-ek lortutako babesa «gobernu sendo bat» eratzeko aski ez dela iritzita, eta negoziazioek iraun bitartean, lehen ministro lanetan jarraituko duela jakinarazi du gobernuburuak.

Dena dela, liberal-demokratek gehiago dute komunean laboristekin, kontserbadoreekin baino. Hala uste du lehen ministroak, eta hala jakinarazi du jendaurrean, zuzenean ez bada, zeharka gobernu koaliziorako proposamena luzatuz. Haatik, laboristek jaso duten kolpea hain handia izan da, liberalak alde izanda ere, gehiengo osoko gobernua eratzetik urrun legokeela. Hala, beste alderdiren baten babesa bermatu beharko luke Brownek.

Behin-betiko emaitzen arabera, liberal-demokratek 57 eserleku eskuratu dituzte; eta laboristek, 258 -326 diputatu behar dira gutxienez gehiengo osoa alde izateko-. Kontserbadoreek, aldiz, 306 diputatu izango dituzte Westminsterren, eta liberal-demokraten botoekin, hala, gehiengo osoa eskuratzerik izango lukete.

Alde eta kontra

David Cameronen hitzetan, «gobernu sendo bat eratzeko, aski oinarri daude». Hala, kontserbadoreen eta liberalen artean diferentzia nabarmenak egonda ere, non ados egon badutela ondorioztatu du. Eta besteak beste, «ekonomia berdearen» aldeko direla gogorarazi du. Haatik, bi alderdien arteko aldeak gaindituko dituzten ez da argi oraindik. Liberal-demokratak hain toki txarrean utzi dituen hauteskunde sistemak eragiten dituen ezadostasunak, hala, agerikoak dira dagoeneko.

Liberal-demokratek baldintzatzat jarri du sistema erreformatzea. Kontserbadoreek, alderantziz, orain artekoetan mantendu nahi dute, alderdi nagusiei mesede egiten dielako. Koalizioa eratzeko, baina, Cameron kontzesioak egiteko prest legokeela jakinarazi dute haren gertukoek; hala, sistemaren gaineko erreferenduma antolatuko lukete, baina hartan, hauteskunde sistema aldatzearen aurkako botoa eskatuko lukete kontserbadoreek. «Akordio zabala, ireki eta orokor bat proposatzeko prest gaude», adierazi du Cameronek.

Kontserbadoreekin ez baizik laboristekin aliantza naturalagoa osa dezaketela adierazi asmoz, lehen ministroaren alderdiak hauteskunde sistema aldatzearen alde legokeela adierazi dio liberal-demokraten buruzagiari. Eta denek jomugan jarri dutela ikusita, Cleggek ate denak zabalik uztea erabaki du. Haren adierazpenei, nahita, anbiguotasuna darie: «Hil ala biziko kontuan da alderdi eta buruzagi guztiek herrialdearen interesen alde egitea, eta ez abantaila politikoa ateratzeko asmoz aritzea».

Bai kontserbadoreek bai laboristek hilaren 25a arteko epea dute liberal-demokratak konbentzitzeko. Orduan, Elisabeth II.a Erresuma Batuko erreginaren oniritzia jaso behar du gobernuak. Eta adituek ez dute erantzun argirik egun horretan gertatu daitekeenaz; herrialdeko egoera ekonomiko larriari aurre egiteko adina gobernu sendorik eratzen ez den kasurako, bereziki.



«Hauteskunde hauetan gobernuan jarraitzeko zilegitasuna galdu du Gordon Brownek»

DAVID CAMERON
Alderdiko Kontserbadoreko buruzagia


1,14

Liberaren balioaren jaitsiera. Erresuma Batuko hauteskundeek libera esterlinaren balioan eragin zuten atzo; alderdi batek ere gehiengo osoa eskuratu ez izanak segurtasun falta eragin zuen ekonomian. Herrialde hartako monetaren balioa 1,14 eurotakoa zen atzo.



«Mugitu beharrean gaude, herrialde honek dituen desafio ekonomikoeiaurre egingo badiegu»

GORDON BROWN
Erresuma Batuko lehen ministro laborista


«Boz hauetan frogatutzat gelditu da indarrean den hauteskunde sistemakhuts egiten duela»

NICK CLEGG
Alderdi Liberal-Demokratako buruzagia


Peter Robinson unionistari irabazi dio Aliantza Alderdiak

Irlanda iparraldeko lehen ministro eta Alderdi Demokratiko Unionistako (DUP) diputatu Peter Robinsonek Westminsterren zuen eserlekua galdu du. Aliantza Alderdiko hautagaiak hartu dio aurrea hauteskundeetan. Fermanagh barrutian (Irlanda iparraldea), berriz, Sinn Feinek oso gutxigatik irabazi dio Alderdi Independenteari. Bobby Sands IRAko kide izandakoa barrutiko horretako diputatu izan zen -aste honetan 29 urte egin dira Sands hil zela-, eta betidanik Sinn Fein atera da nagusi bertan. Bestalde, eskuin muturreko BNP Britainiako Alderdi Nazionalak ez du eserleku bat bera ere eskuratu; Berdeek, aldiz, diputatu bat izango dute lehen aldiz Erresuma Batuko Parlamentuan.



Ehunka lagunek ezinizan dute botoa eman

Hainbat orduz bozkatzeko zain egon ondoren, ehunka lagun botoa eman ezinda gelditu ziren herenegun. Hauteslekuak ixteko orduak harrapatu zituen ilaran zain egondako asko, eta horregatik, ezin izan zuten bozkatu. Hauteskunde Batzordeak gertatutakoa ikertuko duela jakinarazi du.



Soslaia

David Cameron

Eskuinaren irudi berria

Hitz egiten badakiela eta karisma duela erakutsi du azken egunetan David Cameron (Londres, 1966) kontserbadoreak. Hori, ordea, ez du nahikoa izango hain gertu eta, aldi berean, hain urrun duen Downing Streeteko 10. zenbakian sartzeko. Askok dagoeneko Tony Blairrekin alderatu duten buruzagiak trapezioko artista lanak egin beharko ditu, Gordon Brown lehen ministroa bere esertokitik bidaliko badu. Eta ez du lan erraza. Izan ere, liberal-demokraten sostengua lortzea du bide bakarra, eta horrek Alderdi Kontserbadoreko pisu handiko buruzagi ugari haserrarazi ditu.

Cameronek haize freskoa eraman zuen Margaret Thatcherren garaietan harrapatuta zegoen kontserbadoreen familiara. Blairrek bere garaian egin bezala, baina kontrako norabidean, eskuinetik zentrorantz bultzatu zituen alderdikideak 2006an. Orduan ere askok mesfidati begiratu zioten. Garai zaharrak faltan botatzen zituztenek marmarka hartu zuten «kontserbadurismo moderno eta errukitsuaz» hitz egiten zien hura. Cameronek, ordea, jakin bazekien manifestu hark herritarrengana hurbilduko zuela. Baita asmatu ere. Brownek kritika zaparradari nola edo hala eusten zion bitartean; kontserbadoreen buruzagi distiratsuaren ospeak gora egiten jarraitzen zuen. Ingurumenari buruzko politikek, gizarte justuagoaren aldeko aldarriak eta abortuaren eta homosexualitatearen aurkako jarrera leundu izanak laborismoarekin aspertuta zeudenak erakarri zituen, eta Brownen alternatiba argia bilakatu zuten berehala lider kontserbadorea.

Eskuinaren promesa, ordea, ez zen konformatzen klase ertaineko enpresarien botoekin. Behe mailako herritarren sostengua ere lortu nahi zuen. Horretarako, baina, etxean zuen oztopo handiena. Izan ere, haren ama, Mary Fleur Mount baroi baten alaba da -Cameronen emaztea ere, Samantha Sheffield, aristokraziako kidea da- ; aita, berriz, burtsa agentea. Berkshireko haien etxean ez zen inoiz ezer falta izan. Eta Cameronek berak Elisabeth II.a erreginaren semeetako baten eskola berean ikasi zuen, Winkfielden, non ez zituzten 90 ikasle baino gehiago onartzen. Handik, berriz, Etonera joan zen, Erresuma Batuko eskola pribaturik ezagunenetariko batera. Han ikasi izan dute gerora gobernuburu izandako askok, eta baita errege familiako hainbat kidek ere.

Familia kontserbadorekoa izanik, alderdiko lidergoa hartuko zuenak ez zuen zalantzarik egin Etongo beste ikasle ohi batek Komunen Ganberan dokumentalista lanetan aritzea eskaini zionean. Era horretan hasi zuen ibilbide politikoa. 1988an,Filosofia, Politika eta Zientzia Fakultatean lizentziatu zen ohoreekin, eta hurrengo lau urteetan Alderdi Kontserbadorearen Ikerketa Departamentuan egin zuen lan. Kargu horri esker alderdiko buruzagi goren ugari ezagutu zituen, eta horrek bidea zabaldu zion 1991n orduan lehen ministro zen John Majorren ondoan aritzeko.

Gaztea izan arren, azkar ikasten duela erakutsi du Cameronek azken urteetan. 2001ean 36 urterekin, eserleku bat lortu zuen Komunen Ganberan, botoen %45ekin. Lau urte geroago, irailean, alderdiko buruzagitzako bozetara aurkeztu zen, eta baita lortu ere. Askok leporatzen diote jarrera argirik ez hartzea, baina, finean, bera izan da Blairren laborismo berriaren gainbeherari probetxua ateratzen jakin duen lehenetarikoa, nahiz eta bide horretan, Nick Clegg liberal-demokratarekin trabatu. AEBetako presidente Barack Obamarekin parekatu dutenak izango du orain azken hitza. Berari egokitu zaio lasterketako garailea nor izan den erabakitzea, eta 43 urteko tory-a ez dago hala-nola amore emateko prest.

Cameronek badaki oztopo hau gaindituz gero, agintaldi luzea izan daitekeela berea. Azken finean, laboristek ez dute oraingoz aurre egingo dion buruzagi sendorik, eta liberal-demokratak ahulegiak dira oraindik kontserbadoreei aurre egiteko. Hala, beraz, Clegg bere aldera erakartzea lortzen badu, eta etxekoak bere hautuaz konbentzitzen baditu, bere ametsa bete eta Downing Streeteko ate beltza zeharkatu ahalko du, eta azken ehun urteetako gobernuburu gazteenean bilakatu. ARANTXA ELIZEGI
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.