Erresuma Batuko Parlamentua ixtea onartu du Elizabeth II.a erreginak

Parlamentuaren jarduna eten egingo dute, hilabetez, lehen ministroak hala eskatuta

Boris Johnson lehen ministro britainiarraz mozorrotutako manifestari bat, Londresko Downing Streeteko 10.aren aurrean, atzo. WILL OLIVER / EFE.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentua ixteko eskatu zion ElizabethII.a Erresuma Batuko erreginari atzo. Lehen ministroak gutun batean eman zien diputatuei haren erabakiaren berri, eta zera azaldu zien: «Gobernu honek anbizio handiko legegintzaldi agenda ausarta egin nahi du. Brexit-a agenda horretako gai nagusietako bat izango da». Erreginak lehen ministroaren eskaera onartu zuen; beraz, «parlamentua irailaren 9tik aurrera eta 12a baino lehen itxiko da, urriaren 14ra arte», erreginak adierazi zuenez.

Johnson joan den uztailaren 24an izendatu zuten Erresuma Batuko lehen ministro; botoen gehiengoa lortu zuen kontserbadoreek Theresa Mayren ordezkoa aukeratzeko egin zituzten bozketa guztietan. Boterera iritsi bezain laster, «urriaren 31 baino lehen» brexit-a gauzatuko zuela hitzeman zien Alderdi Kontserbadoreko agintariei. Lehen ministroak ez du gehiago atzeratu nahi Erresuma Batua EB Europako Batasunetik irtetea, eta prest dago brexit-a aurrera eramateko,akordiorik ez badago ere.

Johnsonek parlamentariei bidali zien gutunean adierazi zuenez, Erreginaren Diskurtsoa — lehen ministroak gobernu programa aurkezteko saioa— urriaren 14an egingo du. «Parlamentuak bere iritzia emateko aukera edukiko du urriaren 17an eta 18an, eta 21ean eta 22an bozketa egingo da», Johsonek azaldu zuenez. «EBrekin akordio bat lotuko banu, parlamentuak lege proiektu bat onartzeko aukera edukiko luke, urriaren 31 baino lehen akordioa berresteko», adierazi zuen.

Oposizioak gogor kritikatu dulehen ministroaren erabakia. John Bercow Komunen Ganberako presidentearen ustez, Johnsonek hartutako neurria «zentzugabekeria konstituzionala» da. Oposizioko talde parlamentarioek elkarlanean aritzea adostu zuten herenegun, Erresuma Batua EBtik akordiorik gabe ateratzea eragozteko. Bercowk adierazi zuenez, aukeretarako bat Johnsonen aurkako konfiantza mozio bat aurkeztea izango litzateke.

Horregatik, oposizioak uste du akordiorik gabeko brexit-a eragozteko abiatu duten prozesua oztopatu nahi duela Johnsonek parlamentua itxiz. Izan ere, erreginak parlamentuaren jarduna urriaren 14ra arte etetea onartu duenez, egun gutxiko tartea edukiko dute brexit-ari aurre egiteko proposamenak aurkezteko. Lehen ministroak, ordea, ziurtatu zuen «erabat faltsua» dela oposizioak esandakoa.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa ere Johsonen aurka agertu zen. Hauxe idatzi zuen bere Twitter kontuan: «Parlamentariek neurria oztopatzeko zerbait egiten ez badute, gaurkoa [atzokoa] egun beltza izango da Erresuma Batuko demokraziaren historian». Gainera, Eskoziako kontserbadore toryei mintzatu zitzaien, eta haien buru Ruth Davidsoni eskatu zion oposizioarekin bat egiteko, akordiorik gabeko brexit-a eragotzi ahal izateko.

Agintari guztien jarrera, ordea, ez da berdina izan. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen iritziz, Johnson da «Erresuma Batuak behar duena». Honela adierazi zuen bere Twitter kontuan: «Oso zaila izango litzateke Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruak Boris Johsonen aurkako zentsura mozio bat bilatzea». Trumpen arabera, Johnsonek «bikaina» dela erakutsiko dio jendeari.

Europako Batzordeak, berriz, ez zuen adierazpenik egin nahi izan parlamentua ixteak ekarriko dituen ondorioei buruz. Izan ere, haren ustez, Erresuma Batuaren «egitekoa» da hori. Mina Andreeva bozeramaileak ziurtatu zuenez, konponbideak aurkitzeko prest daude, «brexit-aren prozesuak sortu duen blokeoa konpontzeko».

Legezkoa, bai edo ez?

Erresuma Batuko Parlamentuaren jarduna etetea legezkoa ote den erabakiko du Eskoziako auzitegi batek aste honetan. Izan ere, hala eskatu zuten75 diputatu britainiarrek abuztuaren hasieran. Auzitegiak irailaren 6rako finkatu zuen saioa, baina parlamentuaatzo itxi zutenez, parlamentariek «behin-behineko interdiktu bat» eskatu zuten atzo. Hori dela eta, auzitegiak gaur eta ostirala bitartean erabakiko du parlamentua ixtea legezkoa den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.