Parisko Apelazio Auzitegiak Dominique de Villepin Frantziako lehen ministro ohia errugabea dela ebatzi du. Nicolas Sarkozy presidentearen izena zikintzen saiatzeagatik salatu zuten De Villepin. Izan ere, 2007. urtean, hauteskundeak egin aurretik, ustez legez kanpoko komisioak kobratzen zituzten hainbat kideren zerrenda bat kaleratu zuten —Sarkozyren izena zegoen tartean—. Izen faltsuak ageri ziren zerrendan, eta horren atzean egotea egozten diote De Villepini.
Iaz ere egin zioten epaiketa, kasu beragatik, eta errugabea zela ebatzi zuten orduan ere. Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, baina justiziak De Villepini eman dio berriro ere arrazoia. «Agerian geratu da gure justizia sistema independentea dela eta presio politikoari aurre egiten jakin duela», esan du lehen ministro ohiak.
De Villepinek Frantziako datorren presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu nahi du. Ministerio Publikoak, ordea, Auzitegi Gorenera eraman dezake auzia. Aukera hori baliatuz gero, behin betiko epaia 2012 edo 2013an emango dute.•
Pertsonaia. De Villepin
Errugabea, bigarren aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu