Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman du, protesten ondorioz

Egoera ekonomikoak sortutako «krisi sozial eta politikoa baretzeko» hartu du erabakia Emil Bocek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Presio handia jasan ostean, dimisioa eman du Emil Boc Errumaniako lehen ministroak. Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako baldintzak betetzeko, neurri gogorrak hartu behar izan ditu haren gobernuak, kontserbadoreegiak herritarren ustez, eta urtarrilaren erdialdetik manifestazio ugari egin dituzte Bocen eta Traian Basescu presidentearen kudeaketaren kontra, autoritarismoa leporatuz.

Bocen dimisioa «lehen urratsa» da oposizioarentzat. Hauteskundeak aurreratzea eskatzen dute Alderdi Sozialdemokratak eta Alderdi Nazional Liberalak, baita Basescuren dimisioa ere. Aliantza osatu dute bi alderdiok oposizioan, baina lehen ministroaren Alderdi Demokrata Liberaleko hainbat kidek ere presio egin dute gobernutik ateratzeko. Bocek, hala ere, nabarmendu du 2011 %2,5eko hazkundearekin amaitu dutela Errumanian.

Bocek erabakia hartu du herrialdearen «egoera politikoa eta soziala lasaitzeko». Hartutako erabakiak «oso gogorrak baina halabeharrezkoak» izan dira haren ustez, «Errumania kolapso ekonomikotik ateratzeko ezinbestekoak». Hark egindakoa, ordea, ez da Basescuk esandakoa baizik, eta Basescuren dimisioa eskatzen dute orain.

Bocen ordez Catalin Predoiu izango da lehen ministro, behinbehinean. Egun, Justizia ministroa da, eta «gobernu berria eratu arte» ariko da, ohar batean azaldu dutenez; alegia, legebiltzarrak beste bat izendatu arte. Basescuk alderdi guztiekin egon nahi du legebiltzarrak aukeraketa egin aurretik. Oposizioko alderdiek aurreratua dute ez dutela Basescuk egindako proposamenik onartuko.

Erreformen defendatzaileak

Errumaniako Gobernuak egin dituen erreformek oposizio handia izan dute kalean, baina Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak eta Europako Batasunak ziurtatu dute gobernuarenaldaketak «bide onetik» doazela.

Emil Bocek 2009. urtean 20.000 milioi euroko mailegua negoziatu zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin, Munduko Bankuarekin eta Europako Batasunarekin. Horren truke, izugarri murriztu behar izan du gastu publikoa, soldata jaitsierak tarteko, baita arlo publikoko langile asko kaleratu ere. Zerga igoerak ere ez du lagundu Europako herrialderik pobreenean.

Dena den, krisiak goia jo zuen Bocen gobernuak osasun zerbitzuen parte handia pribatizatzeko asmoa agertu zuenean. Orduan hasi ziren lehen protestak kalean, eta urtarrilaren erdialdera Errumanian hogei urtean izan diren protestarik gogorrenak gertatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.