Errusia, kontraerasora

Senatuak baimena eman dio Putini tropak Ukrainara bidaltzeko, Krimeako Errepublika Autonomoak laguntza eskatu ondorenMendebaldeak Errusiaren erabakia gaitzetsi du, eta Kievek alerta egoera ezarri du

Ekintzaile armatuak Krimeako Parlamentuaren aitzinean, atzo, Simferopolen. Krimea Errusia da, idatzita dago kartelean. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
mikel rodriguez
2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Viktor Janukovitx Ukrainako presidentea kargutik bota zutela astebete igaro denean egin du Errusiak kontraerasorako mugimendua. Krimeako Errepublika Autonomoaren Gobernuaren laguntza eskariari erantzunez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako penintsulara soldaduak bidaltzeko baimena galdegin dio Senatuari, eta ganbera horrek aho batez onartu dio eskatutakoa. Erabakiak sortutako mundu mailako lurrikara diplomatikoa berehalakoa izan da, eta Mendebaldeak, aho batez ere, Errusiari exijitu dio «Ukrainaren burujabetza» errespetatzeko. Kieveko gobernuak «erasoa» salatu du, eta laguntza eskatu dio nazioarteari. Atzo gertatutakoak erakutsi du Janukovitx bidalita joko geopolitikoa bukatu baino, hasi bertzerik ez zela egin.

Itsaso Beltzak inguratutako 26.000 metro karratuko penintsula batek erakarri du nazioarte osoaren arreta, XIV. mendean europarren laurdena hil zuen izurritearen sarrera izan zen leku berberak, eta XIX. mendean gerra kazetaritza modernoaren sorleku izan zen toki berberak. Orain, Gerra Hotzaren aroko deja vu baten erdigune bihurtu da.

Sergei Aksionov Krimeako Errepublika Autonomoko lehen ministroak «bakea eta egonkortasuna» ezartzeko laguntza eskatu zion Errusiari atzo goizean. Putinen erantzuna berehalakoa izan zen. Errusiak Itsaso Beltzeko itsas armadaren basea dauka Krimeako Sebastopol hirian. Base horren segurtasuna eta «Errusiako herritarren bizitza» mehatxatuta daudela iritzita eskatu dio Putinek Senatuari tropak bidaltzeko baimena, «Ukrainako egoera soziopolitikoa egonkortu arte». Senatuak ere hala deitu dio baimendutako misioari: «Egonkortasunerako indar militarrak».

Mendebaldeak, Janukovitxen aurkako matxinada eta ondotik sortutako gobernua babestu ondoren, alarma guztiak piztu ditu Errusiak esku hartzeko aukerarengatik. «Ukrainako Gobernuaren baimenik gabe Errusiak Ukrainara tropak bidaltzeko aukera ororen aurka gaude, eta eraso ekintza oro gaitzesten dugu», adierazi du Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek ohar batean. Londresen eskariz, atzo arratsean NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera bat egin zuen Ukrainako egoera aztertzeko. EB Europako Batasunak ere larrialdiko bilera bat eginen du bihar, arrazoi beragatik.

Errusiako senatariak ere, ordea, hagitz haserre agertu dira Mendebaldeak Ukrainan izan duen jarrerarekin, eta bereziki Barack Obama AEBetako presidenteak egindako adierazpen batzuekin —Krimea inbadituz gero, horrek Errusiari «ordainak» ekarriko dizkiola erran zuen—. Horregatik, AEBetan daukaten enbaxadorea bueltarazteko eskatu diote Putini. Dena den, tropak bidaltzeko baimenak sortu duen ekaitzaren astinaldiak eta barealdiak kontrolatzeko asmoa dauka Kremlinak. Izan ere, presidentearen bozeramaile Dmitri Peskovek erran du «egoeraren garapenaren arabera» erabakiko dutela tropak bidali ala ez. Eta garapenak nolakoa izan beharko lukeen ere argitu die interesatuei. «Nahiago genuke gertakariek orain arteko bidetik ez segitzea».

Krimeako herritarren %60 inguru errusiar etniakoa da, eta Kieveko gobernu berriaren aurkako jarrera nagusi da penintsulan. Moskuren babesak indartuta, autonomia zabaltzearen inguruko erreferenduma aitzinatzea erabaki du gobernu autonomoak: maiatzaren 25ean beharrean, hil honen 30ean egin nahi du. Sebastopol hiriko erakundeak, berriz, Kievekiko «desobediente» aldarrikatu dira — ez da errepublika autonomoaren parte; estatus berezia dauka—, eta azken egunotan hiri horretan eta Simferopol hiriburuan agertu diren militar jantzitako ekintzaile armatuek karriketan jarraitu dute. Ukrainako armadaren base bat blokeatu zuten atzo. Kievek dio Errusiako itsas armadako soldaduak direla. Aksionov lehen ministroak Krimeako indar armatu guztien buruzagi izendatu du bere burua, eta tatariarren Mejlis alderdiko lider Refat Txubarovek «autodefentsarako unitaterik» ez sortzeko eskatu die tatariarrei —Krimean herritarren %12 dira, nagusiki Kieven aldekoak—.

Ekialdea ere, Kieven aurka

Mendebaldeak Errusia geldiarazteko formularen bat aurkitu ezean, Ukrainako gobernu berria ahul dago egoerari aurre egiteko. UNN agentziaren arabera, Julia Timoxenko lehen ministro ohia bera bihar Moskura joanen da Kremlinari negoziazio bat eskatzera. Kievek alerta gorenean paratu du armada, eta Vitali Klitxko UDAR Ukrainaren Erreforma Demokratikorako Aliantzako buruak eta Dmitri Jarox Eskuin Sektorekoak mobilizazio orokorrerako deia egin dute. Jaroxek, gainera, «Kaukasoko askapen mugimenduei» eskatu die Errusiaren aurka laguntzeko.

Duela astebeteko rolak aldatuta, Oleksandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak Krimeako gobernuari legitimitatea ukatu dio, baina nahiz eta Kievek krisialdi larriena penintsulan duen, Ukraina ekialdea ere, errusiera hiztuna nagusiki, botere berriaren aurka mugitzen hasi da, haren matxinadaren taktikak imitatuz. Kharkiven, gutxienez 97 lagun zauritu ziren atzo errusiazaleen eta ukrainar nazionalisten arteko istiluetan. Gobernu ordezkaritzan Errusiako bandera paratu zuten ekintzaileek. Donetsken, berriz, udalak Kieveko gobernuari legitimitatea ukatu, eta Donbass probintziako gobernuari Krimearen antzera erreferendum bat dei dezala exijitu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.