Ukrainako hiriburuari eraso dio berriz ere Errusiako armadak. Droneak eta misilak erabiliz, gutxienez hamalau pertsona hil ditu gaur goizaldean Kieven, eta 50 baino gehiago zauritu, Ukrainako Barne Ministerioaren datuen arabera. Volodimir Zelenski presidenteak sare sozialetan adierazi duenez, Moskuk Ukrainako hiriburuaren aurka egindako «eraso izugarrienetako bat» izan da gaurkoa. Jakinarazi duenez, Errusiako armadak 440 drone eta 32 misil erabili ditu eraso horietan. Azken asteetan, Errusiako armadak behin baino gehiagotan egin dio eraso Ukrainako hiriburuari.
Herrialdeko beste gune batzuetan ere egin dituzte erasoak, eta Odesan beste pertsona bat hil dute. Errusiako Defentsa Ministerioak zabaldutako oharraren arabera, instalazio militarrei egin diete eraso, Kieven eta Zaporizhian. Horretarako, «zehaztasun handiko armak» eta droneak erabili dituztela ere azaltzen du oharrak. Kontrara, Zelenskik salatu du etxebizitza bloke «arruntei» egin dietela eraso: «Apartamentu bloke baten zati oso bat suntsitu dute». Gehitu duenez, gaurko erasoetan Kieveko zortzi barrutitako eraikinei eragin diete kalte.
Gaurkoaren gisako erasoak «eraso terroristak» direla adierazi du Ukrainako presidenteak, sare sozialetan zabaldu duen mezuan: «Terroristek jasan behar dute mina, ez herritar baketsu errugabeek». Agintariak «begiak itxita» daudela kritikatu du, eta, beste behin, nazioarteari exijitu dio presio egiteko Errusiako presidente Vladimir Putini: «Mundu osoak, Ameriketako Estatu Batuek eta Europak erantzun egin behar dute». Ukraina horretarako elkarrizketak edukitzen ari dela baieztatu du.
Gaur, Zelesnki G7koen bilkuran parte hartzekoa da, gonbidatu gisa. Kananaskisen (Kanada) bilduta daude munduko herrialderik industrializatuenetako ordezkariak —AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatzen dute taldea—. Bada, Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak sare sozialetan salatu duenez, Putinek «nahita» egin du eraso G7koak bilduta daudenean.
Atzerri ministroaren ustez, gaurko erasoak «erabateko errespetu falta» dira Ukrainako gerra amaitzeko eskatu duten herrialdeentzat. Eta Sibigarentzat, Putinen helburua «oso sinplea» da: «G7koen ahultasuna erakustea». Errusiako presidentea «oker» dagoela erakusteko, Moskuri «benetako presioa» egiteko eskatu du Sibigak.
Donald Trump AEBetako presidenteak, ostera, Errusia G7koen taldean berriz onartzeko eskaera egin zuen atzo gauean, bilkuraren harira emandako prentsaurrekoan. Are, Etxe Zuriko maizterraren ustez, Moskuk ez zuen 2022an Ukrainako inbasioa hasiko Errusia munduko herrialderik industrializatuenen taldetik bota izan ez balute. 2014an kanporatu zuten taldetik —G8 zen orduan—, Errusiak Krimea inbaditu ostean.
Kremlinen ordezkaritza, Ipar Korean
Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Sergei Xoigu Ipar Koreara iritsi da gaur, han Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenarekin batzartzeko. Azken hiru hilabeteetan hirugarren aldia da Xoigu Ipar Koreara joaten dena. TASS Errusiako berri agentziaren arabera, aurreko bidaian adostutako akordioen inguruko elkarrizketak izateko helburua du gaur hasitako bisitak. Orduko hartan, Ipar Koreako liderrak ziurtatu zuen Moskuri babesa ematen jarraituko duela Ukrainan, eta iazko ekainean sinatutako lankidetza ituna berretsi zuen. Akordio horren arabera, bi herrialdeek elkar lagundu behar dute bietako batek eraso bat jasaten badu.
200Errusiako armadak Ukrainako zenbat drone eraitsi dituen. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainatik jaurtitako ia 200 drone suntsitu dituzte gaur goizaldean. Horietako batzuk Moskutik hurbil eraitsi dituztela gehitu du ministerioak.