Gerra Ukrainan

Errusiak bertan behera utziko du zerealen ituna

Kremlinek ez du berrituko Itsaso Beltzetik laboreak esportatzeko ituna, ez dizkiotelako aintzat hartu bere eskariak. Erdoganen ustez, Putinek akordioari eutsi nahi dio

Errusiako Ikerketa Batzordeko kide batzuk, atzo, Krimeako zubiari egindako erasoak eragindako kalteak aztertzen. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Igor Susaeta
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Errusia irten egingo da Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik esportatu ahal izateko itunetik. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo esan zuenez, negoziazioek ez dituzte ase Moskuren eskariak. «Beraz, itunak indarrean egoteari utziko dio gaur [atzo]». Itunak atzo arteko iraupena zuen, eta azken asteetan hura berritzeko negoziatzen aritu dira aldeak. Peskoven arabera, Errusia itunera itzuliko da haren eskariak aintzat hartzen direnean. Ukrainako Azpiegitura ministro Oleksandr Kubrakovek eskatu zuen, atzo, itunak bere horretan jarraitzea, Errusia horretatik irtenda ere.

Akordioa 2022ko uztailean sinatu zuten Errusiak eta Ukrainak, Turkiaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin. Hari esker, gerrak ez du eragotzi Itsaso Beltzeko garraioa, eta lortu da 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatzea. Hasieran, 120 eguneko iraupena ezarri zioten akordioari, baina iazko azaroaren 17an beste lau hilabetez luzatu zuten; orduz geroztik, beste bi aldiz egin dute gauza bera—martxoaren 17an eta maiatzaren 17an—, baina azkeneko bi kasu horietan 60 egunez. Azken urtean ohikoak izan dira Moskuk itunaz plazaratu dituen kexak, eta aldeek zailtasunak eduki izan dituzte horri eusteko.

Errusiak negoziazioetan salatu du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela bere nekazaritza esportazioei. Neurri horiek kentzea exijitu du. Horien artean, Errusiako Nekazaritza Bankua SWIFT banku sisteman sartzea berriz, eta nekazaritzarako makinen ordezko piezen gaineko zigorrak kentzea. Errusiaren ongarri esportazioa zailtzen duten neurriak ezabatzearen alde agertu da NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek uste du Vladimir Putin Errusiako presidenteak zerealen itunari eutsi nahi diola, eta atzo aurreratu zuen gaiari buruz eztabaidatuko duela Errusiako estatuburuarekin abuztuan, Turkian, egitekoa den bileran. Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den. Erdoganek jakinarazi zuen Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroa ere Errusiako bere homologo Sergei Lavrovekin hitz egitekoa zela atzo bertan. «Elkarrizketa horietan aurrerapausoren bat ematea eta gure bidean etenik gabe jarraitu ahal izatea espero dut», azaldu zuen Turkiako presidenteak. Ankarak harreman onak dauzka bai Errusiarekin, baita Ukrainarekin ere.

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyeneniritziz, Errusiaren erabakia «mugimendu ziniko bat» da. Gaineratu zuen EB Europako Batasunak lan egingo duela «munduko herrialderik zaurgarrienetan elikadura segurtasuna bermatzeko».

Gerraren lehen hilabeteetan, Ukrainak ezin izan zuen laborerik esportatu, eta munduko hainbat herrialdek nabaritu zuten elikagai eskasia, baita horien garestitzea ere. Iazko uztailaren 22an, ituna izenpetu zutenean, Guterresek nabarmendu zuen «munduarentzako aringarri bat» zela ituna, elikagai krisia areagotzen ari zelako blokeoa. Gerra hasi aurretik, Ukraina munduko nekazaritza ekoizlerik garrantzitsuenen artean zegoen: garagar ekoizlerik handienetan laugarrena zen, gari ekoizleen artean zazpigarrena eta arto ekoizpenean seigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.