Errusiak esan du ez diola uko egiten Mendebaldearekin hitz egiteari

Sergei Xoigu Defentsa ministroak esan du Mendebaldeak bere «politika suntsitzailea» berraztertu beharko lukeela ezer baino lehen

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa, atzo, Pekinen. FLORENCE LO / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeak Ukrainari militarki laguntzen ari diraErrusiaren aurkako gerran. Sergei Xoiguren esanetan, AEBek eta Mendebaldeko aliantza militarrak uste dute horrela «zulatu» ahal izango dutela Errusiaren segurtasuna eta «eusteko borondatea» kenduko dietela errusiarrei. Baina Errusiako Defentsa ministroak atzo Pekinen adierazi zuenez, NATO eta Washington oker jokatzen ari dira. Hori bai, nabarmendu zuen, beste batzuetan egin bezala, Errusiak ez diola uko egiten Mendebaldearekin hitz egiteari, baina hark bere «politika suntsitzailea» berraztertu beharko duela.

Xoiguren arabera, Errusiak «porrot estrategiko bat» izatea da Mendebaldearen asmoa. «Horrela nekez negoziatu ahal izango da ganoraz esparru horretan», esan zuen atzo Txinako hiriburuan, defentsa foro batean, Errusiako Defentsa Ministerioaren Telegrameko kanalak jaso zuenez. Ohartarazi zuen, bide batez, «gatazka aldiro koska bat estutzen ibiltzeak» areagotu egiten duela potentzia nuklearren artean gerra pizteko arriskua. «Horren ondorioak katastrofikoak lirateke».

Aintzat hartu behar da, hain zuzen, duela bi aste Errusiak erabaki zuela debekua kentzea saio nuklearrak egiteari. Izan ere, Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Hitzarmenaren berrespena baliogabetu zuen Errusiako Parlamentuak. Xoiguk, dena den, garrantzia kendu nahi izan zion egindako hautuari, eta gogoratu zuen AEBek inoiz ez dutela berretsi akordioa. Errepikatu zuen, bide batez, Errusia prest dagoela hitz egiteko eta «segurtasun arazoak» konpontzeko, «elkarrizketa justua, bidezkoa» bada, eta «aldeen arteko errespetuan» oinarritzen bada.

Horrekin lotuta, asteburuan nazioarteko konferentzia bat egin zuten Ukrainako auziari buruz, Maltan. Foro horren hirugarren bilera izan zen, ekainean Danimarkan eta abuztuan Saudi Arabian egindakoen ondoren, eta 60tik gora herrialderen babesa jaso zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bake irtenbide bat negoziatzeko berak ezarritako baldintzetatik abiatuta. Ez zuten, ordea, adierazpen bateraturik sinatu. Baldintza horietan zera eskatzen dute, finean: Errusiako tropak ateratzeko Ukrainako lurretatik, hala nola Krimeatik. Txinako ordezkaririk ez zen egon Maltan —Saudi Arabian egon ziren—, ez eta Ukrainakorik ere.

Borrokak Avdivkan

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak azpimarratu zuen Ukrainako gerra «ez atzera, ez aurrera» dagoela, eta, horregatik, gatazka eteteko eskatu zuen. «Mahai baten bueltan eseri eta akordio bat egin behar dugu. Aurretiaz ez da baldintzarik ezarri behar; egin behar dena zera da, gelditzeko eskatu», adierazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearen aliatuak herenegun, bere herrialdeko albiste agentzia batean egin zioten elkarrizketan.

Frontean, hain zuzen, Errusiako eta Ukrainako indarrak kateatuta daude Donetsk eskualdeko Avdivka hirian. Moskuren arabera, hiri hori hartuta aukera izango lukete Donetsk osoa kontrolpean edukitzeko. Orain eskualde horren %60 inguru kontrolatzen du. Ukrainako iturri ofizialek atzo jakinarazi zuten, bestalde, ontziak konpontzeko lantegi bati eraso egin diola Errusiak Odesan, eta horren ondorioz bi lagun zauritu direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.