NATOrekin ezohiko bilera egitea onartu du Errusiak, Ukrainako krisiaz hitz egiteko. Ipar Atlantikoko Itunaren aliatuek eta Errusiak jarrera desberdinak dituzte Ukrainako egoeraren inguruan, eta armada bidaltzeko arriskuaren aurrean, ezohiko bilerara deitu dute.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du gaur "oraingoz" ez dela "beharrik" Errusiako armada Ukrainara bidaltzeko, eta oraindik ez du horretarako agindurik eman. Putinen arabera, Ukrainako armada Krimean blokeatuta duenak ez dira Errusiako militarrak, errepublika autonomoko autodefentsa taldeak baizik.
EuropaPress berri agentziak Ukraina eta Krimeako mugako guardien iturriak aipatuz zabaldu duenez, Errusiako itsasontzi bi Kercheko itsasartea blokeatzen ari dira, eta horrez gain, blindatuak ikusten direla errusiarzaleen aldean. Errusiako armadak, oraingoz, ez du halakorik baieztatu.
Armada bidaltzeko beharrik ez, "oraingoz"
Sergei Axionov Krimeako lehen ministroak iragarri du erreferendumera deituko duela martxoaren 30erako Sebastopolek izan beharreko estatutuaz erabakitzeko. Hiri horretan du Errusiak itsasontzi basea. Halaber, azaldu du litekeena dela egun horretan bertan Krimearen autonomiaz egitekoak diren erreferenduma aurreratzea.
Ukrainako mugatik gertu otsailaren 26az geroztik maniobrak egiten ari ziren tropei kuarteletara itzultzeko agindu die Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Dimitri Peskov Errusiako presidentetzako bozeramaileak adierazi duenez, aginte militarrak Putini eman zion maniobren amaieraren berri, eta horren ondorioz eman du agindua Putinek.
Agerraldi bat egin du Putinek, eta Ukraina izan du hizpide. Esan du ez duela asmorik Krimea Errusiara batzeko, eta gaineratu du oraindik ez dagoela "beharrik" armada Ukrainara bidaltzeko. Azaldu duenez, Ukrainako armada Krimean blokeatuta dutenak ez dira Errusiako militarrak, errepublika autonomoko autodefentsa taldeak baizik.
Halaber, ohartarazi du ez dituela Ukrainan maiatzaren 25ean egitekoak diren hauteskundeak onartuko "akatsak" baldin badaude: "Kieven orain ikusten dugun ikara giroan egiten badira, ez ditugu onartuko".
Nazioartetik, laguntza ekonomikoa
AEBetako Gobernuak jakinarazi du 1.000 milioi dolarreko laguntza emango diola Ukrainari energia gaietarako. Obamak adierazi duenez, AEB nazioarteko aliatuekin lanean aritu da babes finantziero eta teknikorako laguntzen neurri sorta bat adosteko, Ukrainiak egonkortasun ekonomikoa berreskuratzeko. AEBetako Estatu idazkari John Kerry Kieven dago, Ukrainako agintariei hitzartutako laguntzen berri eman eta nazioarteko bitartekaritza lanak egin asmoz.
Europako Batasuna ere Ukraina diruz laguntzeko hainbat aukera aztertzen ari da, Pia Ahrenkilde bozeramaileak adierazi duenez: "EBk babes osoa emango dio Ukrainaren larrialdiko beharrei erantzuteko nazioarteko neurrien sortari, erreformekiko konpromisoa oinarri hartuta". Ahrenkildek adierazi duenez, EB Nazioarteko Diru Funtsarekin elkarlanean ari da ildo horretan. EBko kideen artean adosten ari diren testuak elkartze akordio bat negoziatzeko eskaintza du, "Ukrainako eskualde guztien garapen ekonomikoa eta prosperitatea babesteko, Krimearena barne".
Bilerak gaur
Atzo, Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarri zuen Errusiaren aurkako zigorrak prestatzen ari zela, eta, Wall Street Journal-ek argitaratu duenez, AEBek merkataraitza negoziazioak eten dituzte Errusiarekin, Krimean esku hartu izanaren aurrean protesta gisa. Lehenago, Errusiarekin duten lankidetza militar oro eten dute AEBek.
Bestalde, Madrilen elkartuko dira gaur Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Catherine Ashton EB Europako Batasuneko diplomazia burua. Horrez gain, NATOk ezohiko batzarra egingo du, Poloniaren eskariz. Bere segurtasuna eta lurraldetasuna arriskuan ikusten duen NATOko edozein herrialdek dei dezake ezohiko batzarrera, eta Errusiaren mehatxupean dagoela argudiatu du Poloniak.