Kofi Annanen eskariz, 24 orduz gibelatu zuten NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Siriaren inguruan aurkeztutako ebazpen proposamena, NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak akordioa egiteko tartea bazegoela uste zuelako. Hala ere, kontseiluko kide iraunkorrek ez dute aldatu aurrez zuten jarrera, eta Errusiaren eta Txinaren betoak gibelera bota du Mendebaldeko herrialdeek aurkeztutako proposamena. Erresuma Batuak eta Frantziak gogor kritikatu dituzte Errusia eta Txina; Moskuk erantzun die, baina, Mendebaldeak soilik bere «interes geopolitikoetan» pentsatzen duela. Potentzia guztiek adierazia zuten NBEren Siriako misioa (UNSMIS) luzatzeko beharra, gaur baita amaitzekoa. Akordiorik lortu ez dutenez, Robert Mood misioko buruak jada atzo utzi zuen Siria.
Erresuma Batuak, AEBek, Frantziak, Alemaniak eta Portugalek aurkeztutako ebazpenak aldeko 11 boto jaso ditu, bi abstentzio, eta Errusiaren eta Txinaren betoa —eskubide hori dute AEBekin, Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin batera—. Erresuma Batuaren ordezkari Mark Lyall Grantek erran du negoziazioetan «malgutasuna» eskaini dietela Errusiari eta Txinari, eta leporatu die haien «interes nazionalak milioika siriarren bizitzen gainetik» paratzea.
«Gatazkaren alde okerrean»
Vitali Txurkin Errusiako enbaxadoreak, ordea, akusazio berbera egin die Mendebaldeko herrialde horiei, eta haien interesek «Siriako herriarenekin deus ikustekorik» ez dutela erran du. Gerard Anaud Frantziako ordezkariaren iritziz, Errusiaren eta Txinaren helburua da «Al-Assaden erregimenari denbora ematea oposizioa zanpatzeko». AEBen aldetik, berriz, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak erran du Mosku eta Pekin «gatazkaren alde okerrean» daudela.
Txurkinek azaldu du Errusiak betoa paratu duela, ebazpena onartuz gero esku hartze militarrerako bidea irekiko litzatekeelako. Izan ere, ebazpenaren helburua Siriako Gobernuaren aurkako zigorrak areagotzea dela adierazi dute sustatzaileek, Baxar al-Assad presidenteak amore eman dezan. Ebazpena, ordea, NBEren Gutunaren VII. Atalean oinarritu dute, eta horrek baimena ematen dio nazioarteari herrialde baten gatazkan esku hartzeko. Errusiak behin eta berriz adierazi du ez duela utziko Libiako kasua errepikatzen. Orduan, aire eremua debekatzeko ebazpenari abstentzioa eman zioten Moskuk eta Pekinek, eta NATOk Muammar Gaddafiren indarren aurka egiteko baliatu zuen hori.
Liu Baodong Txinak NBEn duen ordezkariak, berriz, presio guztia alde bakarrarengan paratzea egotzi die Mendebaldeko herrialdeei, eta horrekin «kaosa areagotu» eta gatazka ondoko herrialdeetara zabalduko dutela erran die. Annan mandatari berezia ere mintzatu da bere bozeramailearen bidez. Segurtasun Kontseiluak «huts egin» diola erran du, «ahots bakarrarekin» mintzatuz gero bi aldeengan eragin handiagoa izanen lukeela uste duelako. Londresek jakinarazi du NBEren misioa luzatzeko negoziazioak hasi dituela.
Latakiako zurrumurruak
Sirian bertan, berriz, kupula militarraren aurkako atentatuaren biharamunean Al-Assaden egoeraren inguruko zurrumurru ugari zabaldu dira, agerraldi publikorik egina ez zuelako. Mendebaldeko eta Persiar golkoko iturriek Mediterraneoko kostaldean, Latakian kokatu zuten presidentea, hango jauregiko babespean. Arratsaldean, ordea, Defentsa ministro berriaren kargu hartze ekitaldian agertu zen Damaskon, Siriako telebistak argitaratutako irudietan. Fahd Yasem al-Freitx jeneralak hartu du hildako Daoud Abdela Rajharen tokia.
Damaskon, armadaren eta oposizioko talde armatuen borrokak izan ziren atzo ere. Telebista publikoaren arabera, armadak «terrorismoaren aurkako operazio arrakastatsua» egin du.
Errusiak eta Txinak betoa jarri diote Siriarako ebazpen proposamenari
Mendebaldeko herrialdeek Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako testuak aukera militarra ahalbidetzen du MoskurentzatBaxar al-Assad jendaurrean agertu da Defentsa ministro berriaren kargu hartzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu