Aldeen arteko elkarrizketak gorabehera, Errusiak masiboki bonbardatu du Ukraina

Errusiak 550 drone jaurti ditu, eta hildako bat eragin du Kieven. Zelenskik esan du Ukrainako «zerua babesteko beharraz» hitz egin duela Trumpekin.

Erreskate zerbitzuak lanean Errusiaren droneek bonbardatutako gune batean, gaur Kieven. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Erreskate zerbitzuak lanean Errusiaren droneek bonbardatutako gune batean, gaur Kieven. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko uztailaren 4a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Moskuren eta Kieven arteko negoziazioek hilabete pasatxo etenda daramaten honetan, Errusiak Ukraina bonbardatzen jarraitu du: 550 drone eta 11 misil jaurti ditu herrialdean zehar, Ukrainako armadaren arabera. Moskuk Kiev hiriburua jopuntuan jarri du berriro, eta, hango larrialdi zerbitzuen arabera, gaurko erasoan pertsona bat hil du eta 26 zauritu. Errusia hegoaldeko Rostov eskualdean —Ukraina ekialdearekin muga egiten du—, bestalde, hildako bat eragin dute Ukrainaren erasoek, eta hainbat zauritu ere bai.

Errusiako Defentsa Ministerioak gaurko erasoaldien balantzea egin du ohar bidez: droneak eta armak fabrikatzen zituzten enpresak jo ditu Moskuk, baita aerodromo bat eta Kieveko findegi bat ere; Ukrainak jaurtitako 48 drone ere eraitsi ditu.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiaren bonbardaketak salatu ditu sare sozialetan, eta Moskuri egotzi dio ez duela asmorik «ez gerra eta ez terrorea amaitzeko». Hori ikusita, nabarmendu du Ameriketako Estatu Batuen armak behar dituztela oraindik ere; esate baterako, misilen kontrako sistemak. Aintzat hartu behar da AEBek iragarri zutela asteartean horien bidalketa bat bertan behera utzi dutela, nahiz eta hitzartuta zegoen Ukrainari Patriot misil sistemaren sail bat bidaliko ziola, aireko defentsa indartzeko.

Eta hain zuzen, Zelenski eta Donald Trump AEBetako presidentea telefonoz mintzatu dira gaur, eta aurrenekoak ondoren sare sozialetan jakinarazi duenez, Ukrainako «zerua babesteko beharraz» hitz egin dute, eta, horretarako, elkarrekin lan egitea adostu. Ukrainako presidentearen hitzetan, «erabakigarria» da Washingtonek Kievi armak helaraztea. Trumpek, berriz, atzo agerraldi batean adierazi zuen Joe Biden herrialdeko presidente izandakoak (2021-2025) armategiak «hustu» zituela Ukrainari «hainbeste» arma eman eta gero: «Ziurtatu behar dugu nahikoa dugula geuretzat». Esan zuen, ordea, arma gutxiago eman arren AEBak Ukrainari «laguntzen» ari direla.

Gainera, «desengainatuta» dagoela esan zien Trumpek kazetariei, ez baitu uste Putinek «gelditzeko asmorik» duenik. Hain zuzen, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ordubeteko deia egin zuen atzo arratsaldean AEBetako presidentearekin, eta bere horretan jarraitzen du Ukrainako gatazkari dagokionez. Trumpek erasoaldia eteteko aukera proposatu zion atzo Putini, eta hark erantzun Mosku ez dela «desbideratuko» eta ez duela «amore» emango bere helburuak lortzeko bidean; hala jakinarazi zuen Juri Uxakov Errusiako presidentearen nazioarteko gaietako aholkulariak atzo prentsaurreko batean.

Uxakoven hitzetan, «konponbide politikoa» lortu nahi du Kremlinek, eta Putin negoziatzen jarraitzeko prest agertu zen atzoko deian; bi presidenteek, ordea, ez zuten eztabaidatu meniaren inguruko hirugarren saio bat egiteari buruz.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur esan du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, «nahiago» dutela diplomaziaren bidez lortzea Errusiak Ukrainan dituen helburuak —2022ko otsailean inbasioa hasi eta zazpi hilabetera anexionatu zituen eskualdeei eustea (Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson), eta Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kide ez izatea—. «Baina hori posible ez den arte, operazio militar bereziari jarraituko diogu», erantsi du Peskovek.

Ukrainako inbasioa 2022ko otsailean hasi zen, eta Kievek eta Errusiak hiru urte pasa zeramatzaten aurrez aurre hitz egin gabe, harik eta maiatzean elkarrizketei berriro ekin zieten arte. Dagoeneko bi bider elkartu dira, Istanbulen, Turkia ari baita bitartekari. Preso trukea eta gerra frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea hitzartu dute. Hain zuzen, Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi du preso truke bat egin dutela gaur, nahiz eta ez duen zehaztu zenbat trukatu dituzten. Ukrainako presidenteak ere horren berri eman du Telegram sare sozialean, eta aurrerantzean truke gehiago egiteko deia egin du: haren helburua da «herri osoa Errusiaren gatibualditik askatzea».

ERRUSIAK AFGANISTANGO TALIBANEN GOBERNUA AITORTU DU

Errusiak «erakunde terroristen» zerrendatik kendu zituen Afganistango talibanak iragan apirilean, eta haien gobernuari aitortza eman dio bart; hala erabaki du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak proposatuta. Erabakiak bi herrialdeen arteko lankidetzari ekiteko «desira» erakusten du, Dmitri Zhirnov Moskuk Kabulen duen enbaxadoreak atzo adierazi zuenez telebistan egindako agerraldi batean. Are, Afganistango Atzerri ministro Mawlawi Amir Hkan Muttaqik «ausart eta historikotzat» jo du Errusiaren aitortza, eta nabarmendu du «aurrekari positiboa» ezarri duela beste herrialdeek bide horri jarrai diezaioten. Hala esan du gaur kaleratu duen ohar batean.

Iazko abenduan lege bat onartu zuen Putinek; lege horrek aukera ematen du talibanak eta beste zenbait talde «erakunde terroristen» zerrendatik ateratzeko, baldin eta uko egiten badiote «terrorismoa» laguntzeari eta hura justifikatzeari.

Talibanak hamalau herrialderekin daude harremanetan, aitortza lortu nahian; tartean, Turkia, Txina eta Pakistan. Dena den, Errusia da Afganistango talibanen gobernua aitortu duen lehenbiziko herrialdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.