Errusiak Kievi eraso egin dio, eta gutxienez zazpi pertsona hil ditu

Besteak beste, etxebizitza blokeak eta kirol instalazioak jo dituzte bonbek. Azken astean hiriburuari egindako bigarren erasoa da. Odesako ikastetxe bat ere bonbardatu du Moskuk, eta bi hil.

Kieveko etxebitza bloke bat txikituta, gaur. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Kieveko etxebitza bloke bat txikituta, gaur. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 23a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken asteetan behin baino gehiagotan gertatu bezala, Errusiak Kiev bonbardatu du gaur, eta, eraso horretan, gutxienez zazpi pertsona hil ditu eta dozenaka zauritu, Ihor Klimenko herrialdeko Barne ministroak sare sozialen bidez jakinarazi duenez.

Iturri ofizialen arabera, Errusiaren droneek eta misilek hiriburuko etxebizitza blokeak jo dituzte, ospitaleak, kirol instalazioak, eta metro geltoki baten sarrera. Ohar batean, Ukrainako armadak esan du Errusiak 352 drone eta hamasei misil erabili dituela gaur herrialdearen kontra egiteko, eta aireko defentsa sistemek gehienak erorazi dituztela.

Odesako ikastetxe bat ere bonbardatu du Moskuk, eta bi hildako eragin. Hala jakinarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, gaur, sare sozialetan.

Kieven bertan, Errusiak 28 pertsona hil zituen joan den asteartean. «Errusiaren estiloa ez da aldatu: jendea egon daitekeen tokiak jotzea», salatu du Kieveko buruzagitza militarrak, ohar batean. Aintzat hartu behar da, gainera, atzo ere gerra fronteetatik —ekialdean eta hego-ekialdean daude— urrun dauden beste bi leku jo zituela Errusiak: Txernihiv eskualdean, iparraldean, gutxienez bi pertsona hil zituen, eta hamar zauritu, eta Bila Tserkvan, hiriburutik 85 kilometro ingurura, pertsona bat hil, eta zortzi zauritu.

Hiriburuko erasoak gertatu eta gutxira, Zelenskik sare sozialetan azpimarratu du lehen ikerketek adierazten dutela Errusiak Ipar Koreako misilak erabili dituela gaur. Iranen droneak ere baliatzen ditu Moskuk, eta Zelenskik salatu du «hiltzaileen koalizio bat» osatzen dutela hiru herrialde horiek, eta ohartarazi «terrorea» zabaltzen ari direla.

Ukrainaren asmoa da «defentsara» ez mugatzea. «Horrek ez garamatza inora, eta, epe luzera, eragiten du guk atzera egin behar izatea, eta bai lurrak eta bai pertsonak galtzea», ohartarazi du Oleksandr Sirskii Ukrainako armadako komandanteak, AFP France-Press berri agentziak jaso duenez. Errusiako iturri ofizialek esan dute Ukrainak jaurtitako 23 drone erorarazi dituztela Rostov eskualdean —Ukrainako mugan—.

Ukrainaren esanetan, Moskuk sabotatu egin nahi ditu bi herrialdeek maiatz erdialdean hasitako negoziazioak. Horren harira, hain zuzen, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du espero duela aste honetan argituko dela noiz egingo duten hurrengo bilera Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzek. Orain arte bi egin dituzte, Istanbulen. Peskoven hitzetan, azken batzarrean adostutakoak betetzen ari dira; esaterako, gorpuak eta gerra gatibuak trukatzeari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.