«Sakrilegoa eta gizagabea». Errusiako Gobernuko agintarien aburuz, guztiz arbuiagarria izan da Estoniako hiriburuan (Tallinn) egin dutena; izan ere, II. Mundu Gerran borrokan jardun zuten soldadu sobietarren aldeko estatua kendu dute han. Mehatxuzko mezua helarazi dio Estoniari Errusiako Atzerri ministro Mikhail Kamininek: «Errusia erreakzio praktiko bat aztertzen ari da». Herenegun kendu zuten monumentua Tallinndik, kexu artean. Poliziak gogor egin zuen estatua kentzearen kontra ari ziren manifestariei erantzuteko, eta borroken eta txikizioen ondorioz, pertsona bat hil eta 43 zauritu ziren. 300 lagun baino gehiago atxilotu zituen Poliziak.
Tallinngo mazela batean zegoen orain arte soldadu sobietarrei ohore egiteko monumentua, Tinismiagui kalean. Jende askok Brontzezko Soldadua esaten zion. Han, gutxienez, 13 soldadu sobietar daude hobiratuta; nazien kontrako borroketan hil ziren, 1994ko irailean. Estatua 1947. urtean eraiki zuten.
Mikhail Kamininiri oso mingarria iruditu zaio Estoniako agintariek estatua kentzeko hautatutako eguna: «Gudari Askatzailearen Monumentua jai santu baten bezperatan kendu dute; [nazien Alemaniarekiko] Garaipenaren Egunaren bezperatan, hain justu». Estoniako agintarien jokaerarekin «jarreraneonaziak» ugarituko direla adierazi du, kritiko.
Moskuko erakundeen haserrearen seinaleetako bat Errusiako Parlamentuko goi ganberak egindako eskaria izan da: parlamentari guztiek aho batez eskatu diote Vladimir Putin Errusiako presidenteari Estoniarekin harreman diplomatikoak eteteko. Lehen ministrorde Sergei Ivanovek Estoniaren aurkako neurri ekonomikoak hartuko dituztela aurreikusi du: «Errusiak kai modernoak eraiki behar ditu Baltikoan, eta, hala, gure garraioen karga gure gain hartu behar dugu, beste herrialde batzuei, besteak beste Estoniari, gure kontura aberasten utzi gabe». Era horretako erabakiez gain «beste neurri batzuk» ere hartuko dituztela esan du, deus zehaztu gabe.
Estoniako agintariek, ordea, defendatu egiten dute monumentua kentzeko erabakia. Hainbat herritarrek monumentua kentzeko orduan izandako jarrera «ordena publikoaren» kontrakoa dela esan dute, eta propio horrelakoak saihesteko ahalegina egingo dutela. Monumentua kentzeko erabakia, gainera, Estonia «barruko auzia» dela adeirazi dute, eta Errusiarekin zer eztabaidaturik ez dutela horren inguruan.
ESTONIAKO HERRITAR GEHIENAK, ALDE. Estoniako herritarren %67,9k begi onez ikusi dute Estoniako Gobernuaren jokabidea; izan ere, armada sobietarra «okupazio indar bat» izan zela uste dute. Herritarren %31,2k nahiago zuten, ordea, monumentua bere horretan lagatzea. Horietako asko izan ziren ez kentzeko eskatzeko kalera irten zirenak. Eta oraindik ere protestarako prest dauden susmoa du Estoniako Gobernuak.
Orain indusketa lanak egingo dituzte monumentua kendu duten lekuan, eta, gero, hildako soldaduen aztarnak hilerrietan hobiratuko dituzte. Atzo indusketa lanak hasteko asmoa zuten, baina atzeratu egin zituzten. Etorkizunean berriro liskarrak saihesteko asmoz, lanak «bizkor» egin beharko dituztela adierazi du Jaak Aakviksoo Estoniako Defentsa ministroak.
Errusiak mehatxu egin dio Estoniari, soldadu sobietarren omenezko estatua kentzeagatik
Estoniarekin harreman diplomatikoak eteteko eskatu dio Putini Errusiako Parlamentuko goi ganberak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu