Gerra Ukrainan

Errusiak salatu du ukrainar nazionalisten talde batek «sabotajea» egin duela Bryansk probintzian

Moskuren arabera, ukrainar talde armatu batek su eman dio auto bati, eta haur bat larri zauritu da; zenbait pertsona ere bahitu ditu. Putinek «atentatu terroristatzat» jo du. Kievek salatu du Errusiako armadak gutxienez bost zibil hil dituela Zaporizhian.

Errusiako armada, ariketa militarrak egiten, Bryansk eskualdean, artxiboko irudi batean. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 2a
14:33
Entzun

FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak jakinarazi duenez, Errusiako indarrak borrokan aritu dira ukrainar nazionalisten talde armatu baten aurka, Briansk eskualdean, Ukrainako mugatik gertu. Probintzia horretako gobernadoreak TASS berri agentziari adierazi dionez, Ukrainako «sabotaje talde batek» su eman dio auto bati, eta 11 urteko haur bat larri zauritu da. Horrez gain, agentziak aipatutako iturrien arabera, ukrainarrek zenbait pertsona bahitu dituzte. Hori ikusita, FSBk baieztatu du Bryansko mugan neurriak hartzen ari direla «estatuko muga urratu duten ukrainar nazionalista armatuak suntsitzeko». Errusiako presidente Vladimir Putinek «atentatu terroristatzat» jo du.

Bide horretan, Kremlineko eledun Dmitry Peskovek iragarri du Putinek bertan behera utzi duela Stavropolera egitekoa zuen bidaia (Errusia hego-mendebaldea), Briansk probintzian jazotakoagatik. Errusiak iazko otsailaren 24an Ukrainan abiatutako «operazio militar bereziaren» estatusa aldatuko ote duten galdetuta, Peskovek erantzun du oraingoz ezin duela deus esan. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek, berriz, garrantzia kendu nahi izan dio gaur goizean gertatutako erasoari, eta Errusiaren «probokazio klasikotzat» hartu du.

Gerra frontean, berriz, Errusiako armadak bost solairuko etxebizitza bat bonbardatu du Zaporizhian, eta, erasoaren ondorioz, gutxienez bost zibil hil dira, eta beste sei lagun zauritu. Eraikina erabat suntsituta geratu da, eta erreskate taldeak hondakinen azpian harrapatuta geratu diren herritarren bila ari dira. Hala azaldu du bertako alkate Anatoli Kurtevek. Zaporizhia eskualdeko administrazio militarraren arabera, badirudi Errusiako indarrek S-300 misil bat erabili dutela. Aldiz, Errusiak anexionatutako probintzian duen bozeramaile batek adierazi du Ukrainako aire defentsa-sistemak eragin duela erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.