Errusiaren droneek Zelenskiren konboitik 150 metrora egin dute eraso

Ukrainako presidentea Greziako lehen ministroarekin zegoen, Odesan. Salatu dute droneekin eraso egiteaz gain misilak jaurti dituela Errusiak.

Volodimir Zelenski bilera batean, Granadan (Espainia), iazko urrian. PEPE TORRES / EFE
Volodimir Zelenski bilera batean, Granadan (Espainia), iazko urrian. PEPE TORRES / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 6a
18:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusia Ukrainako gerra harrotzeko beste urrats bat egitear egon da gaur. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Greziako lehen ministro Kyriakos Mitsotakis Odesan zeuden, konboietan. Errusiak eraso egin du buruzagiengandik gertu, droneekin: haiengandik 150 metrora, hain zuzen. Skai Greziako telebistak plazaratu duenaren arabera, zauririk gabe atera dira bi buruzagiak erasotik.

Greziako lehen ministroak adierazi du hiriko portuan zeudela, eta eraso bat gertu egon zitekeela jakin dutenean alde egin dutela, konboietan sartuz. Orduan heldu da droneen erasoa, Mitsotakisek esan duenez: «Zelenski bisita gidatu bat egiten ari zitzaigula Odesako portuan, sirena ahotsak entzun ditugu. Konboira igo bitartean heldu da eztanda».

Ukrainako gerra hasi zenetik, Odesa hartzea izan da Errusiaren helburu nagusietako bat. Gaur egun Kieven esku dagoen arren, ika-mikak etengabeak dira itsaso Beltzera ematen duen hiri hartan. Izan ere, Ukrainako presidentea jotzetik metro batzuetara egon diren droneena ez da izan gaur Odesan gertatu den eraso bakarra. Bi buruzagiak bilduta zeuden bitartean, misilak jaurti ditu Errusiak hiriaren aurka, Ukrainako eta Greziako hedabideek jakinarazi dutenez.

Bere herrialdearen babesa adierazteko bildu da Mitsotakis Zelenskirekin. Erasoaren ostean, esan du Ukraina gerran dagoela, eta ez dagoela «oroigarri hoberik egunero soldaduak eta herritar errugabeak hiltzen dituztela» gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.