Ukraina

Errusiaren keinua ez da "nahikoa" AEBentzat

Putinek babestu egin ditu hilaren 25eko Ukrainako presidentetzarako bozak, eta, era berean, errusiazaleei galdegin die bertan behera uzteko igandean egitekoak diren erreferenduma. Europako Batasunak zigor neurri gehiago iragar ditzake astelehenean.

Gazte bat Donetskeko Herri Errepublikaren bandera paratzen, atzo, Mariupoleko udaletxean, eraikina berreskuratu ondotik. MAXIM SHIPENKOV / EFE
2014ko maiatzaren 8a
10:44
Entzun

Jen Psaki AEBetako Estatu Idazkaritzako bozeramaileak adierazi du Moskuren iritzi aldaketa "lagungarria" dela baina ez dela nahikoa. "Errusiak askoz gehiago egin dezake [Ukrainako] tentsioa baretzeko". Horrez gain, Luhansk eta Donetsk eskualdeetan igandean egin nahi dituzten galdeketak atzeratzea ere ez da nahikoa Psakiren arabera, "legez kanpokoak" baitira, AEBen ustez.

Hala erantzun die AEBetako Gobernuak Vladimir Putin Errusiako presidenteak arratsaldean egindako adierazpenei. Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak "norabide zuzenean emandako pausoa" direla baieztatu du, lehenengoz. Eta erantsi du: "Baina horiek ez dute ezer erabakiko baldin eta herritar guztiek ez badute ulertzen nola bermatuko dituzten euren eskubideak, hauteskundeen ostean". Horrez gain, beste behin eskatu dio Kievi Ukrainaren ekialdeko operazio oro bertan behera utz dezan.

Errusiak bere tropak herrialdearen mugetatik erretiratu dituela jakinarazi du Putinek, baina ez NATOk ez AEBek dute halakorik baieztatu. "Hala balitz, jakinaren gainean egongo ginateke", adierazi du AEBetako koronel Steve Warrenek. NATOk, berriz, adierazi du 35.000 eta 40.000 soldadu bitartean dituela Errusiak Ukrainarekiko mugan. Dena den, baieztatu du tropa errusiarrak ez direla NATOrentzat "mehatxu zuzena".

Ukrainako hauteskundeak babesteaz gain, datorren igandean Luhansk eta Donetsk eskualdeetan egitekoak diren erreferendumak bertan behera uzteko eskatu die Putinek errusiazaleei. "Elkarrizketa egoteko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko" beharrezkoa dela uste du. Milizianoek Putinen eskaera aztertuko dutela adierazi dute, EPren arabera.

Bilera izan du Putinek Didier Burkhalterrekin Moskun, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko buruarekin. Burkhalterren arabera, oraingoz ez da beste bilerarik izango Genevan, eta "pauso praktikoago bat" proposatu du: lau puntuko ekintza plan bat egitea, ondoren AEBek, EBk, Errusiak eta Ukrainak aztertu beharko dituztenak. Horren ustez, eta Putinek ere bileraren ostean adierazi bezala, elkarrizketa konponbidea lortzeko modu "errealista" da.

EBk, zigor gehiago

Europako Batasuna zigor neurri gehiago hartzeko oinarri legalak prestatzen ari da, eta astelehenean egingo duten bileran bertan onar ditzakete EBko Atzerri ministroek. Oraingoz, 48 kargudun errusiar eta ukrainarri ezarri dizkiete neurriak, Ukrainaren egonkortasuna eta lurralde batasuna mehatxatzen dutelakoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.