Eskandaluek erre egin dute Viktor Ponta

Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman du, dantzaleku bateko sutean 32 pertsona hil ostean.Ustelkeriagatik epaitzen ari dira Ponta

Viktor Ponta, atzo, kazetariz inguratuta Errumaniako Parlamentuan. ALEXANDRU DOBRE / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 05a
00:00
Entzun
2016ko hauteskundeetara ez zela aurkeztuko esana zeukan jada Viktor Pontak, uztailean ustelkeriagatik inputatu zutenean, baina Bukaresteko Colectiv dantzalekuan iragan ostiralean izandako suteak —32 lagun hil ziren— agintaldia amaitzea ere eragotzi dio Errumaniako lehen ministroari. Segurtasun arau oinarrizkoenak ez zituen betetzen su hartu zuen aretoak, eta ezbeharra herrialdean hain sustraitua dagoen ustelkeria politikoarekin lotu dute eragile ugarik. 20.000 manifestari inguruk gobernuaren dimisioa eskatu zuten astearte gauean, eta,«gizartean dagoen haserre legitimoa aintzat hartzeko obligazioa» daukala argudiatuta, gobernuburu kargua utzi egin du Pontak. Jardunean jarraituko du, ordezkoa izendatu arte.

Ponta 2012an iritsi zen agintera, Emil Boc lehen ministroak dimisioa eman ostean, NDF Nazioarteko Diru Funtsak Errumaniari ezarritako baldintza gogorrek eragindako protestengatik. Eta gobernuburu gisa lau zentsura mozio gainditu behar izan ditu PSD Alderdi Sozialdemokratako buruak. Kargua hartu orduko, Traian Basescu presidente kontserbadorea botatzen saiatu zen huts egindako erreferendum batekin, eta 2014an presidentetzara ere aurkeztu zen, baina, ezustean, PNL Alderdi Nazional Liberaleko hautagai Klaus Iohannis nagusitu zen hauteskundeetan.

Lehen ministro izan aurretik abokatu jardunean izandako auzi batzuengatik epaitzen ari dira, irailetik, Viktor Ponta. Zerga ihesa, diru zuritzea eta agiriak faltsutzea leporatzen dizkiote, eta, uztailean inputatu zutenetik, haren dimisioa eskatu izan du Iohannis presidenteak. Orain arte uko egin dio agintea uzteari, justiziarekin arazo larriak izan arren. Baina 32 hildako eragin zituen suteak agerian utzi du Errumaniako administrazioan ohikoa den ustelkeria sistema —negozioak irekitzeko baimenak aise ematen dira, baina araudia betetzen ote duten ez da jarraipenik egiten—, eta, herritarren protesten ondorioz orain bai, kargua utzi egin du Pontak. Hain zuzen ere, administrazioaren kontrol falta gaitzetsi dute manifestariek. Pontak, ordea, oposizioari ohartarazi dio dimisioa baliatzen ez saiatzeko: «Orain espekulaziotan sartzen direnek garesti ordainduko dute». Gabriel Oprea Barne ministroak ere dimisioa eman du Colectiv dantzalekuko suteagatik.

Errumaniako gobernua babesten duten zentro-ezkerreko indarrek —PSDk, UNPR Progresoaren Batasun Nazionalak eta Alderdi Kontserbadoreak— atzo bertan hasi zituzten lehen ministro berri bat aukeratzeko elkarrizketak. «PSDrekin badaukagu gaitasuna gehiengoa izango duen beste gobernu bat eratzeko», jakinarazi du UNPR alderdiak. Baina PNLk, oposizioko indar nagusiak, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du. «Herritarren babesaren zilegitasuna daukan legebiltzar bat ekarriko lukete hauteskunde aurreratuek», adierazi du PNLko presidente Alina Gorghiuk.

Klaus Iohannis presidenteak bilera txandak hasiko ditu alderdiekin, gobernu berria gidatuko duen hautagai bat izendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.