Igandean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Kazakhstanen. Hauteskunde Batzordeak emandako datu ofizialen arabera, Nursultan Nazarbaievek, orain arte presidente izan denak irabazi zituen hauteskundeak; botoen %91 eskuratu zituen. Nazarbaievek, 1989an hartu zuen lehen aldiz presidente karguaeta bera izan zen herrialdea independentziara eraman zuena. Igandeko hauteskundeetan garaipena eskuratu ostean, beste zazpi urtez izango da herrialdeko burua.
Bigarren lekuan eta alde handiarekin oposizioko Kazakhstan Aske Baten Alde alderdiko buru Jamakhan Tuiakbai geratu zen. Botoen %6,64 bereganatu zituen. Alijan Baimenovek, berriz, botoen %1,65.
Nazioarteko arauak
ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak atzo kaleratutako txostenaren arabera, hauteskundeek ez zituzten nazioarteko arauak bete. «Zoritxarrez, prozesua hobetzeko ahaleginak egin diren arren, agintariek ez dute erakutsi nazioarteko arauekin bat zetozen hauteskundeak bermatzeko beharrezko nahia», adierazi zuen Bruce George ESKEko Asanblea Parlamentarioko presidenteak.
Besteak beste, hautagaien izen ematean eta hautesleei emandako aukeretan hobekuntzak izan zirela azaldu zuen ESKEk. Bestetik, baina,hauteslekuetan baimenik gabeko pertsonek esku hartu zutela, ikasleei presioa egin zietela eta boto-kutxak berriz bete zituztela jakinarazi zuten.
KAZAKHSTAN
ESKEren arabera, bozek ez dituzte nazioarteko arauak bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu