Eskozia. Independentziarako bide-orria

Eskozia burujabea, 670 orrialdetan irudikatua

Independentziarako Liburu Zuria aurkeztu du Edinburgok, 2014ko erreferendumaren ostean estatua eratzeko urratsak zehaztuta650 galdera-erantzun dakartza txostenak, botoa emango dutenen zalantzak argitzeko

Eskozia burujabea, 670 orrialdetan irudikatua.
Samara Velte.
2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko eta NATOko kidea, Ingalaterrako Erreginaren menpekoa eta libera esterlinaren eremukoa, baina ekonomikoki oparoagoa eta sozialagoa: halakoa izango da Eskozia 2016tik aurrera, independentzia lortzen duenean, Edinburgoko gobernuaren arabera. Alex Salmond lehen ministroak atzo goizean aurkeztu zuen Eskoziaren independentziarako Liburu Zuria: 670 orritan, 2014ko erreferendumean independentziaren aldeko aukerak irabaziz gero egingo dituzten urratsak zerrendatzen ditu —eta, bide batez, 2016ko bozetan SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak irabazi eta lehen gobernua eratuko balu egingo lituzkeenak—. Eskoziaren etorkizuna: zure gida Eskozia independente baterako agiria «herrialde independente baterako inoiz argitaratu den zirriborro zehatzena da», Nicola Sturgeon lehen ministrordearen arabera. 650 galdera-erantzun baino gehiago ditu, erreferendumean botoa emango dutenen zalantzak argitzeko. Txosten osoa Interneten ipini dute, eta irakurtzeko eskatu diete herritarrei.

1. Trantsizioa

2014ko irailaren 18ko erreferendumean baiezkoak irabaziz gero, urte eta erdiko epea edukiko luke Eskoziako Gobernuak estatua martxan jartzeko. Horretarako, Erresuma Batuarekin negoziatuko luke konpetentzien eskualdaketa: «Bi herrialdeetako zerbitzu publikoak oztoporik gabe banatzea da lehentasuna». Londresek Eskozian dauzkan 30.000 funtzionarioen lanpostuak mantenduko lirateke, gobernu baten edo bestearen pean. Erresuma Batuaren zorra nola zatitu ere erabakitzeko dago: Eskoziak egiten duen ekarpen ekonomikoen arabera, edo herritar kopuruaren arabera. Batzorde konstituzional bat arduratuko litzateke legeez eta moldaketa administratiboez. Konstituzioa bera, ordea, prozesu zabalago batetik sortuko da: klase politikoak ez ezik, gizarteko eragileek, enpresek, sindikatuek eta tokiko agintariek hartuko dute parte. Dena den, SNPk gai jakin batzuk derrigor sartu nahi ditu konstituzioan; besteak beste, arma nuklearren debekua.

Gobernuak independentzia lortuta ere, Ingalaterrako Koroaren menpe jarraituko luke Eskoziak, Koroen Batasuna Erresuma Batuko parlamentuak elkartu baino lehenagokoa delako. Beraz, Elizabeth II.a erreginak Eskoziako estatuburu izaten jarraituko du.

2. Ekonomia

Eskoziarren artean zalantza gehien eragin duen auzia da; independentziaren aurkako kanpainak ere arlo horretako argudioak darabiltza. SNPk estatu independente bihurtzeak dakartzan abantaila fiskalak zerrendatu ditu: «Gaur egun, Eskozian bildutako zergen %7 baino ez ditu kudeatzen Eskoziako Parlamentuak; eskumen gehiago lortuta ere, gehienez %15era igoko da kopuru hori. Independentziarekin, Eskoziak bere baliabideen %100 kontrolatuko ditu». Eskoziako finantza publikoak Erresuma Batukoak baino «osasuntsuagoak» direla dio SNPren agiriak; horregatik, ukatu egin du zergak igo beharko dituela estatuari eusteko. Horren ordez, Londresek finkatutako sistematik hainbat pribilegio kenduko ditu —esaterako, ezkondutako bikoteen zerga hobariak—, eta sistema osoa sinpletuko du kostuak murrizteko.

Erresuma Batuaren menpe,«mundu garatuko eredu ekonomiko desorekatuenetako batera kateatuta» daude eskoziarrak: lanpostuak, biztanleriaren hazkundea eta inbertsioak Londresen eta Ingalaterrako hego-ekialdean daude pilatuta. Independentzia lortuz gero, Eskoziako ekonomia suspertzea litzateke gobernuaren lehentasuna, besteak beste, haur txikien gurasoen lan-munduratzea erraztuz eta enpresen zergak %3 murriztuz.

3. Dirua

«Libera da Eskoziako dirua, Erresuma Batuko gainontzeko herrialdeena den bezalaxe». Fiskalitatearen Batzordeko Lantaldeak ondorioztatu duenez, aukera onena libera esterlinaren eremuan gelditzea litzateke, eta ez eurogunean sartzea. Horixe da Edinburgoren asmoa: «Horrek jarraikortasuna eta ziurtasuna bermatuko die enpresei eta norbanakoei».

4. Garraioa

Lanpostuekin gertatzen den bezalaxe, azpiegiturak ere Erresuma Batuko hegoaldean kontzentratuta daudelako kexu da Edinburgo. Estatu independente izanda, «hainbat eredu aztertu ahal izango ditugu tren sarearen jabetzari erabakitzerakoan, eta Eskoziaren nazioarteko merkataritza harremanak zabaldu ahalko ditugu, aireko eta itsasoko portuen bidez».

5. Familia politika eta hezkuntza

SNPren hauteskunde programako zutabeetako bat dira haurren zaintza eta etxetik kanpoko lana uztartzeko politikak, eta haur hezkuntzako erreforma zabal bat iragarri du, «kalitatezko zaintza sistema unibertsal bat» lortzeko. Erresuma Batuko sistema Europako Batasuneko garestienetakoa da: familiei, batez beste, diru sarreren %27 kostatzen zaie.

Goi mailako hezkuntzak publikoa eta doakoa izaten jarraituko du, eta unibertsitateko ikerketaren arloan orain arteko sareak mantenduko dituzte, «Eskoziak eta Erresuma Batuak probetxu atera diezaieten».

6. Pentsioak

Gizarte gaietako erabakiak Eskoziaren ezaugarri demografikoak kontuan izan gabe hartzea leporatzen dio SNPk Londresi: erretiro adina 2026rako 67 urtera igotzeko asmoa, esaterako, gehiegizkoa iruditzen zaio, eskoziarrek bizi itxaropen apalagoa dutelako. Pentsioa jasotzeko adina 66 urte izatea proposatu dute Salmondek eta Sturgeonek. Bestalde, Eskoziako Gobernuarentzat erabateko lehentasuna izango da Londresek indarrean jarritako logela zerga kentzea: etxebizitzarako diru laguntza jasotzen duten pertsonek hutsik daukaten logela bakoitzeko, subentzioak murrizten dizkie lege horrek. Kritika ugari ekarri dizkio horrek Erresuma Batuko gobernuari.

7. Nazioarteko harremanak

Independentzia lortu bezain pronto, Londresko gobernuarekin eta Europako Batasuneko gainerako instituzioekin hitz egingo du Eskoziak, EBko kide bihurtzeko «trantsizio leuna» negoziatzeko. Jarraikortasunaren efektuari esker, posible ikusten du SNPk: «Eskoziak gaur egun Erresuma Batuaren menpe betetzen dituen obligazio berberak beteko lituzke kide independente gisa». Orain arte bezala, Schengengo Itunetik kanpo geldituko litzateke, eta «Erresuma Batua babestuko luke NBEren Segurtasun Kontseiluan daukan eserlekua mantenduz».

8. Defentsa

Eskoziako Gobernuak berehala jakinaraziko dio NATOri aliantzan sartzeko asmoa. Etxean, 3.500 milioi liberako aurrekontua gordeko du defentsarako —4.177 milioi euro inguru—, besteak beste, Londresek hango uretan dauzkan arma nuklearrak kenduta: alderdiaren lehentasuna izango da Trident urpekariak bertatik ateratzea. 15.000 soldadu profesionalek eta erreserbako 5.000k osatuko dute Eskoziako armada, eta itsasoan arituko dira batik bat. «Erresuma Batuko armadak Eskoziako azpiegitura militarrak erabiltzeko aukera negoziatzeko prest gaude».

9. Segurtasuna

Oraingo Eskoziako Poliziaz gain, estatu berriak bere inteligentzia agentzia izango du. Besteak beste, datuen bilketaz eta analisiaz, Interneteko segurtasunaz eta «azpiegitura kritikoen» babesaz arduratuko da instituzio hori. Erresuma Batuko Poliziarekin elkarlanean arituko da, dena den.

10. Naziotasunaeta immigrazioa

Ohiko bizilekua Eskozian daukaten britainiarrek automatikoki lortuko dute Eskoziako hiritartasuna, eta independentzia aldarrikatzen den egunetik eskatu ahal izango dute pasaportea; berdin Eskozian jaiota atzerrian bizi diren britainiarrekin. Gainontzekoek irizpide jakin batzuen arabera eskatu ahal izango dituzte naziotasuna eta Eskozian bizitzeko agiriak.

SNPren arabera, Londresek araututako immigrazio politika esklusiboegia da, eta 2016tik aurrera ezarri nahi duten eredu berria berria hobeto egokituko zaie Eskoziaren beharrei. Besteak beste, etorkinak hirietara bultzatu ordez, landa guneetan bizitzeko eta lan egiteko pizgarriak eta integraziorako neurriak proposatuko dituzte. Gainera, Westminsterreko legebiltzarrak kendutako ikasleentzako bisak eskainiko ditu berriro Edinburgok. Hartara, «munduko pertsona talentudunak» ikasketak Eskozian egitera bultzatu nahi ditu: «Horrek ekarpena egingo die Eskoziako hezkuntza instituzioei eta aniztasunari».

11. Energia

Europako petrolio erreserba handienak ditu Eskoziako kostak, eta haize eta olatu energiarako potentzialaren %25. Edinburgok, baina, ez du zuzenean profitatzen baliabide horietatik: energia arloko irabaziak Londresek kudeatzen ditu. Eskoziako balizko estatuaren diru iturri nagusietako bat hori izan daitekeela uste du SNPk, baliabide asko ustiatzeko baitaude oraindik —orain arte, Ipar Itsasoko petrolioaren erdia atera dutela kalkulatzen da—. «Petroliotik eta gasetik lortutako zergekin zerbitzu publikoak indartu ditzakegu, eta Energiaren Funts bat sortu, hurrengo belaunaldiek ere hobi horietatik probetxu atera dezaten».

12. Kultura

Eskoziako Gobernuaren proposamenen artean ez dago egungo hizkuntzen legezko egoera aldatzea: ingelesa eta gaelikoa lirateke ofizialak, eta eskoziera ez. Liburu Zuriak galdera-erantzunetan dakar hizkuntza politikari buruzko azalpena: gobernuaren helburua ei da gaelikoaren galerari buelta ematea, hiztunen kopurua handituz, baina ez du hori lortzeko egitasmo zehatzen berri ematen. Eskozierari dagokionez, datu gutxi dituzte: «2011ko erroldak eman du, lehenbiziko aldiz, eskozieraz hitz egiten duten pertsona kopuruari buruzko informazioa. Datu horiek lagungarri izango dira eskozieraren erabilera eta estatusa hauspotzeko eta hizkuntz politikak garatzeko».

Hizkuntzarekin baino, ekonomiarekin lotzen du Eskoziako Gobernuak kultura atala: bere baliabideak kudeatuta, inbertsioetarako ahalmen handiagoa izango duela aipatzen du, Eskoziako «bizitza kultural eta historikoa loratzeko». Eskozian argitaratzen duten hedabide pribatuei lizentziak mantenduko dizkie, eta kate publiko bat sortuko du: SBS Eskoziako Irrati Telebista Zerbitzua. Gaur egun BBCk, Erresuma Batuko kate publikoak, erabiltzen dituen azpiegiturak erabiliko lituzke, eta edukiak ere partekatzeko aukera aipatzen du Edinburgoren bide-orriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.