'Brexit'-aren biharamuna

Eskozia EBn gera dadin elkarrizketak hasiko dituela iragarri du Sturgeonek

Eskoziako lehen ministroak nabarmendu du "oso posible" dela independentziari buruzko beste erreferendum bat egitea. Bitartean, EBtik irteteko prozesua "lehenbailehen" hasteko eskatu dio Bruselak Londresi.

Erresuma Batuko eta Eskoziako banderak. ANDY RAIN / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko ekainaren 25a
10:45
Entzun

Biharamun gogorra izaten ari da askorentzat gaurkoa. Inork espero gabean Erresuma Batuko herritarren gehienek EBtik ateratzea erabaki ostean, ezinegona nabaria da oraindik ere nazioartean. Eskozian, non Batasunean geratzearen alde egin zuen gehiengoak, larrialdiko bilera egin du goizean gobernuak, eta iragarri du Bruselarekin hitz egiten hasiko direla "ahalik eta azkarren" Eskoziak estatu kide izaten jarrai dezan. Nicola Sturgeon lehen ministroak egin du iragarpena, eta nabarmendu du "oso posible" dela bi urteko epean independentziari buruzko beste galdeketa bat egitea.

Gobernua hasia da lanean bigarren galdeketa hori egiteko prozeduran, baina aldi berean aditu talde bat ere osatu dute zer beste aukera egon daitezkeen aztertzeko. "Europako Batasunarekin hitz egingo dugu, eta harekin batera aztertuko ditugu Eskozia EBko kide izateko dauden aukerak".

Ateak itxita

Londresen erabakia ez da Bruselaren gustukoa izan. Zaplazteko baten gisa etorri da Erresuma Batuko herritarren %52k EBtik irteteko hartutako erabakia, eta Batasuneko kideen erantzuna ere halakoa izan da. Hain zuzen ere, EBko Atzerri ministroek eskatu diote David Cameron lehen ministroari has dezala "lehenbailehen" EBtik irteteko prozedura.

Europako Batasunaren sorrera ahalbidetu zuten sei herrialdeetako —Alemania, Frantzia, Italia, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereak— ministroek ohartarazi dute Europaren etorkizunean jarri behar dituztela orain indarrak. "Ezin dugu hutsune politikorik onartu. Hau ez da ohiko egoera bat, eta lehenbailehen konpondu behar dugu", ohartarazi du Frank-Walter Steinmeierrek, Alemaniako Atzerri ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.