mundua

Eskozia independentea "arrakastatsua" izateko arrazoi ekonomikoak aurkeztu ditu Edinburgok

'Scotland's Economy: The Case For Independence' txostenaren berri eman du Alex Salmond lehen ministroak. Atzo Londresek beste txosten bat kaleratu zuen independentziak banku sistemari ekarriko lizkiokeen kalteen inguruan. 

2013ko maiatzaren 21a
17:38
Entzun

Eskozia eta Erresuma Batua, datorren urteko irailaren 18ko erreferendumaren harira, herritarrak beren aldeko jartzeko argudioak kaleratzen ari dira, independentziaren aldeko eta kontrako jarreren helduleku gisa txostenak aurkeztuta. Azkena ekonomian oinarritu dute, eta gaur Edinburgoren txanda izan da. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak 'Scotland's Economy: The Case For Independence' txostena aurkeztu du, Eskozia independentearen onura ekonomikoen gainean. "Eskoziak behar duena dauka herri independente arrakastatsua izateko", ondorioztatu du.

Eskoziako Gobernuak Wensminsterrek atxikitzen dizkion botere ekonomikoak erabil ditzakeela nabarmendu du, ahalmen ekonomikoak garatzeko, eta Erresuma Batuak izan dituen gobernuei egozten die Eskozian lanpostuak galtzearen errua. Ekonomia sustatzeko gaitasunean oinarritzen du Erresuma Batuak, hain zuzen, diskurtsoa, azken 30 urteetan Eskoziatik beste edonondik baino zerga gehiago bildu dituela eta. Petrolioari ez ezik, hainbat industriaren sendotasunari eman dio garrantzia.

"Dokumentu honek Eskoziako ekonomian dauden puntu sendoak xehetasun osoz ematen ditu, petrolioaz eta bankuen sektoreetatik kanpo". Salmondek bankuen sistema ez du aipatu gabe utzi nahi izan, hain zuzen ere, atzo Londresek argitaratutako txostenean independentziaren ahulezia puntu horretan jartzen zuelako.

Londresen argudioak

Michael Moore Erresuma Batuak Eskozian duen ministroak atzo eman zuen "zailtasun esanguratsuen" berri. Haren arabera, 2008ko krisi ekonomiko bat bezalakoa gertatuko balitz Eskoziak berak bakarrik ezingo lioke aurre egin. "Urte haietakoa bezalako krisia gainditzeko Erresuma Batuak finantza sektore handia du, eta Eskozia independente batean litekeena da finantza sistemak arrisku gehiago hartu behar izatea eta merkatuen, enpresen eta kontsumitzaileen kalterako izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.