Eskoziako erreferendumerako prozedura izenpetu dute

Erresuma Batuko Gobernuak independentziari buruzko galdeketara deitzeko eskumena utzi dio Eskoziakoari2014a bukatu aurretik egin beharko da galdera bakarreko kontsulta

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ofiziala da jada: Eskoziako Legebiltzarrak deituko ditu eskoziarrak erreferendumera, Erresuma Batuaren barruan segitu ala ez erabaki dezaten. 2014a bukatu baino lehenago egin beharko du, 16 urtetik gorako herritarrek edukiko dute galdeketan parte hartzeko aukera, eta galdera «zuzen eta ulertzeko erraz» bakarra egin beharko zaie.Hala jasotzen du Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuburuek atzo Edinburgon izenpetu zuten itunak. Itun horren arabera, erreferenduma antolatzeko ahala 1998ko Eskoziarako autonomia legearen30. atalaren bitartez uzten du Londresek Edinburgoren esku.

Larunbatean jakinarazi zuten alde biek itun horretako puntu beroenen inguruko akordioa lortua zutela. Nicola Sturgeon negoziazioetan aritu da, Eskoziako Gobernuaren izenean, eta hark iragarri zuen bezala gertatu zen atzoko ekitaldia: «Itunaren bitartez bermatuta geratuko da gobernu biek onartu egingo dutela eskoziarrek hartutako erabakia. Oso eztabadia mamitsua izango dugu astelehenetik aurrera Eskozia independentearen alde onak azaltzeko».

Erresuma Batuaren eledun Michael Moorek berehala erantzun zion: «Argi dago eskoziar gehienek nahiago dutela independentziak eman dezakeen baino gizarte aberatsagoa eta zuzenagoa».

Amore eman?

Adierazpenok egiterako, alde biek amore emana zuten atalen batean, garaipena lortua zuten besteren batean. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak, esaterako, 2014ko udazkenean egin nahi zuen galdeketa —eskoziarrek ingelesei Bannockburneko Guduan irabazi zietela 700 urte beteko dira—, inkestetan oraingoz independentziaren aurka ageri den eskoziarren gehiengoa sezesioaren alde jartzeko. Galdeketan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtean ezarri nahi zuen, gainera, gazteen artean abertzaletasuna hedatuagoa dagoela jakitun.

Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek, berriz, galdera bakarra egin zedin nahi zuen —Salmondek bi nahi zituen: independentzia bai ala ez eta autonomia handiagoa bai ala ez—, eta bakarra egitea lortu du. «Galdera bakarra benetako giltza izan da beti niretzat», zioen atzo bertan Cameronek.

«Pilatosek nola, hala garbitu ditu eskuak Cameronek, eta Salmondek nahi zuen guztia lortu du», Londresko gobernuaren Eskoziarako ministro izandako Michael Forsythen arabera. «Horri negoziazio deitzea hizkuntza behartzea da. Amore ematea izan da».

Testua sinatu berritan, atzoko egunaren garrantzia nabarmendu zuen Eskoziako lehen ministroak: «Akordioak bidea ireki dio gurean mende zenbaiteko erabaki garrantzitsuenari. Alde horretatik, historikoa da gaurko eguna».

Berehala hasi ziren batzuk zein besteak erreferendumerako kanpaina egiten. «Independentzian sinesten dut eta uste dut gai izango garela eskoziarrei baiezkoaemateak ekarriko dizkien onura ekonomiko eta sozialak erakusteko», zioen Salmondek.

Autonomia aukeran

«Uste dut Eskozia hobeto dagoela Erresuma Batuan.Uste dut Erresuma Batuko beste kideak —dela Ingalaterra, dela Gales eta dela Ipar Irlanda— hobe daudela Eskoziarekin», erantzun zion Cameronek BBCri egindako adierazpenetan. Eta ezezkoaren aldeko argudio garrantzitsu bat plazaratu zuen, eskoziar gehienak autonomia handiagoaren alde daudela jakin badaki eta: «Erresuma Batuan segitzeari baietza ematen badiote, argi dago autonomia handiagoa lortu ahal izango dutela». Salmondek erreferendumeko bigarren galdera gisa nahi zuena independentziari ezezkoa emateko gako bihurtu zen Cameronen ahotan. «Eskoziarren borondateari begirunea erakutsi diot. Erreferenduma agindu zien alderdi baten alde egin zuten 2011n, eta nik erreferendum bat izan dezaten hitzartu dut».

Zenbait hedabideren arabera, Londresek bi neurri ekonomiko iragarriko ditu Eskozian independentziaren aldekoen balizko garaipen bati galga jartzeko: Eskozia libera esterlinaren erabileen klubetik botatzea; eta azken hamarkadako diru laguntzak eta Eskoziako Royal Banki erreskate gisa emandako 70.000 milioi liberak bueltatzeko eskatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.