Eskoziako koalizio gobernua bertan behera utzi du SNPk

Aurrerantzean «gutxiengoan» gobernatuko dutela baieztatu du SNPko buru eta Eskoziako lehen ministro Humza Yousafek.

Humza Yousaf Eskoziako lehen ministroa eta SNPko burua, artxiboko argazki batean. ROBERT PERRY / EFE
Humza Yousaf Eskoziako lehen ministroa eta SNPko burua, artxiboko argazki batean. ROBERT PERRY / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 25a
13:10
Entzun

Goizean goiz, kabinetea urgentziazko bilera batera deitu du Humza Yousaf Eskoziako lehen ministroak, eta ezohiko bilera hori izan da, hain justu, geroago jakinarazi duten erabakiaren aurrekaria. Berdeekin zuten gobernu koalizioa bertan behera utzi du SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruak, argudiatuta azken hilabeteetan gero eta desadostasun «sakonagoak» izan dituztela bi alderdiek.

Koalizioaren haustura ezustean iritsi bada ere, begi bistakoak ziren kideen arteko ika-mikak, bereziki azken egunotan. Klima aldaketari aurre egite aldera, Eskozian isurtzen dituzten gas kutsagarriak 2030erako %75 murriztea adostu zuten Berdeek eta SNPk. Iragan ostegunean, ordea, helburu hori baztertu zuen SNPk, eta horrek Berdeen haserrea eragin zuen, koalizioa hausteko mehatxua egiteraino. Generoaren autodeterminazioaren aferaren inguruko politikak izan dira bi alderdien arteko tartea handitu duten beste gaietako bat.

Hain justu, ezohiko bileraren ondoren Eskoziako Gobernuaren webgunean zabaldutako prentsa oharrean, lehen ministroak esan du koalizioak ja ez duela bermatzen lurraldeko «egonkortasuna», eta akordioaren haustura «beste hasiera bat» izango dela SNPrentzat. Aurrerantzean «gutxiengoan» gobernatuko dutela baieztatu du. «Zaila eta gogorra izango da, baina prest nago erronkari aurre egiteko».

SNPk 63 eserleku ditu Eskoziako Parlamentuan —ganbera hori 129 diputatuk osatzen dute—, eta Berdeek, zazpi. Gehiengo osoa edukitzeko, 65 eserleku behar dira; horretarako bi diputaturen faltan, Eskoziako bi alderdi independentistek koalizioa osatu zuten 2021eko maiatzean —akordio horri Bush Ituna deitu zioten—, eta, Berdeek lortu zituzten zazpi eserlekuei esker, gobernuko agintaritza hartu zuen SNPk.

Erabakiaren beste aldean

Berdeetako buru Lorna Slater ez da goizeko ezohiko bilkuran izan, baina SNPren erabakia hedabideetan eta sare sozialetan zabaldu bezain laster azaldu du bere iritzia. Politika egiteko «modu koldarra» izatea leporatu dio Eskoziako Alderdi Nazionalari, eta egotzi dio «etorkizuneko belaunaldiak saltzea indar erreakzionarioak baretzeko».

Alderdiko buruak hitz egin eta gutxira, prentsa ohar bat kaleratu dute Berdeek. Oharrean, SNPk azken urteetan indarrean jarritako neurriak kritikatu dituzte, eta, besteak beste, «zerbitzu publikoak suntsitzea eta bizitzaren garestitzeari aurre egiteko gauza ez izatea» leporatu diote Eskoziako Alderdi Nazionalari. Koalizioa bertan behera uzteko erabakiari dagokionez, bat egin dute lehen ministroaren hitzekin. «Ez zegoen bikote honen kolapsoa eragozterik, baina Eskoziak beste gobernu bat behar du, erabat bestelakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.