Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak jakinarazi du Espainiako agintariak kezkatuta daudela Eskoziako erreferendumarekin eta balizko independentziarekin, The Independent egunkariak argitaratu duenez. Erresuma Batuko agintariek adierazi dute Eskozia independentea EB Europako Batasunean sartzea oztopatzen saiatuko litzatekeela Madril, baina Espainiak ukatu egin du. «Ez diogu Erresuma Batuko Gobernuari kezkatuta gaudenik esan», adierazi du Atzerri ministro Jose Manuel Garcia-Margallok.
The Independent-en arabera, baina, Eskoziako erreferendumak «Espainiako eskualdeen asmo separatistei bultzada emateak» kezkatzen ditu Madrilgo agintariak, «Euskal Herrian eta Katalunian, bereziki».
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, berriz, adierazi du Madrilek Eskoziari inondik inora ezin diezaiokeela oztopa EBn sartzea. «Eskozia EBko kide izan da kasik 40 urtean. Independentzia lortuz gero, ondorengo estatu bat ginateke, ez EBn sartu nahi duen estatu berri bat. Gainera, EBn ez dago herritarrak kanporatzea onartzen duen xedapenik», esan du SNPko bozeramaile batek.
Alex Salmonden alderdiak esandakoaren aurka, EBko partaide izatearen kontua batasuneko kide guztien artean erabaki beharrekoa dela diote Londrestik. Thomas Giegerich Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak ere azaldu du zaila izango dela Eskozia EBn sartzea, «Erresuma Batua haserrearazi nahi ez duten EBko kideek herrialdearen sarrera oztopatuko dutelako».
«NBEren barnean egon nahi dutela uste dugu, baina ez NATOn. Ziurrenera EBko kide izan nahiko dute, baina Espainiak sarrera oztopatuko diela espero dugu, bere lurraldean separatismoa handitzearen beldur», azaldu dio Erresuma Batuko Gobernuko kide batek The Independent-i.
Berdinen arteko harremana
Salmond Eskoziako lehen ministroak, berriz, Erresuma Batuarekin berdinen arteko harremana nahi duela esan du. «Monarkia partekatuko dugu, baita moneta ere. Baina ez ditugu Westminsterretik Eskoziarentzako aginduak jasoko, eta Eskoziako ministroak ez dira Erresuma Batuko kontuetan sartuko». Bihar aurkeztuko du erreferendumerako proposamena.
Eskoziako independentzia kontsultarekin «kezkatuta» dagoela ukatu du Espainiak
Erresuma Batuak jakinarazi du Madrilgo agintariek Eskozia EBn sartzea oztopatzeko asmoa dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu