Nicola Sturgeonek Eskoziako bihotzean dagoen hiri txikia aukeratu du independentziaren aldeko kanpaina berria abiarazteko. Stirlingen, iragan martxoan iragarritako kanpainaren lehen ekitaldian, alderdiko ordezkari publiko guztien aurrean, aurkeztu du lehen ministroak «alderdiko historian inoiz egindako entzuketa ariketa handiena». SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko 120.000 kideak hamabost lagunekin elkartuko dira datozen hiru hilabeteetan, hilean behin bosnaka bilduta, independentziaz mintzatzeko; hartara, prozesuaren amaieran ia bi milioi lagunen iritziak eta ikuspuntuak izango dituzte jasota. Ariketa horrek erreferendum berri bat antolatzeko baldintzak ezartzea espero du gobernuak.
Sturgeonen iritziz, independentziaren auziari berriz ere heltzeko garaia da: «Uste dut abagunea dela gure alderdiak independentziaren inguruko elkarrizketa berria sustatzeko». Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzeko hartutako erabakiak ikuspegi aldaketa bat ekarri duela adierazi du politikariak: «Erresuma Batua funtsean aldatu da, gu aurrerantzean ere estatu kide izatearen alde egin genuen; hortaz,independentziaren alde edo kontra bozkatzeko argudioak ere aldatu dira».
Iragan ekainaren 23an, eskoziarren %62k bozkatu zuten brexit-aren kontra. Erresuma Batuan, berriz, baiezkoa gailendu zen; %52k egin zuten brexit-aren alde. Londresek, hala ere, datorren urtearen hasiera arte ez du aktibatuko prozesua, eta hori ikusirik ezin dela geldirik egon adierazi du Sturgeonek: «Lehen ministroa naizen aldetik, ezin naiz geratu besoak gurutzatu; ez dut onartuko hori gertatzea borroka egin gabe».
Inkestak
Eskoziako independentziaren aldeko erreferenduma egin zela bi urte beteko dira hilaren 18an. Orduan ezetza nagusitu zen, botoen %55,3arekin. Lehen ministroak, baina, iradoki du gaur egun emaitza bestelakoa izango litzatekeela: «Ez dut ezer segurutzat jotzen, baina irudipena daukat independentziak babes zabalagoa izango lukeela, baldin eta argi balego modu onena dela, praktikan bakarra, gure interesak defendatzeko».
Atzo bertan prentsan argitaratutakoak, baina, agerian utzi du eskoziarren iritzia ez dela asko aldatu azken galdeketatik. YouGov-ek egindako inkestaren arabera, herritarren %46k babestuko lukete egun independentzia.
Eskoziako independentzia sustatzeko kanpaina berri bat jarri du martxan SNPk
Datozen hiru hilabeteetan independentziaz arituko dira ia bi milioi lagun: «SNPko historian inoiz egindako entzuketa ariketa handiena izango da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu